Memoria historikoaz euskaraz Gasteizen

Memoria historikoaz euskaraz Gasteizen –

Azaroaren 4an EHUk antolatutako Zientzia Astearen barruan sartuta, Arabako Arkeologia Museotik “Memoria Historikoa Araban” mahai ingurua antolatu genuen, BIBAT museoan euskaraz. Oso mahai inguru interesgarria izan zen, hizlari bikainei esker: Lourdes Herrasti dr. antropologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea; Etor Telleria arkeologo eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikaria; Sergio Escribano dr. eta EHUko irakaslea; Jose Rodriguez dr. eta EHUko irakaslea eta Josu Santamarina EHUko ikerlaria izan ziren.

Memoria historikoaz euskaraz Gasteizen

Ohore eta zorte bat izan zen baiezkoa eman zutela parte hartzeko, bereahala eta zalantzarik gabe.

Bostek indusi dituzte Araban Gerra Zibileko aztarnak eta bostak dira euskaldunak eta ez dut uste kasualitatea denik. Bostak bokazioko arkeologo, historialari nahiz antropologoak.

Era erraz eta hurbilean azaldu zituzten haiek egindako lanak, bai Gerra Zibilak lagatako egituretan, bai, Lourdes Herrastiren kasuan, hobien indusketetan egindakoak.

Ordu askotarako emango zuen mahai inguruak, baina gai nagusiak planteatu eta jorratu zituzten:

Gerra Zibilak oraindik daukan pisu emozionala eta hurbila eta, zer esanik ez, politikoa.

Gerra Zibileko aztarnak ondarearen barruan sartzeak daukan garrantzia, ahaztuen historia egiteko, aztarnak babesteko, dibulgazioa egiteko, aitortza emateko, etab.

Ikerketa, kultura eta politika erakundeen eta agintarien garrantzia eta aldi berean gaiarekiko dagoen bikoiztasuna: errekonozimendua, alde batetik, ez ikusia eta gainetik tratatzeko jarrera, bestetik.

Gai moduan modan jarri izanaren garrantzia eta aldi berean modaz pasako ote denaren beldurra eta horrek izango lukeen ondorioa.

Ez zen publiko gutxi egon, kontuan izanda osteguna zela eta hainbat ekitaldi zirela Gasteizen (baita euskaraz ere eta interesgarriak) eta, gainera, adin desberdinetakoak, nahiz, perfil nagusia, arkeologo eta historialariena izan. Agian, politika mundukoak edota komunikabideetakoak bota nituen faltan. Akaso, antolatzen diren ekitaldien zabalpen eskasa da erruduna edo oraindik museo eta ikerlari zirkuluek sortzen duten hurbiltasun faltaren beldurra.

Ez ditugu, zoritxarrez, gauza asko antolatzen euskaraz, beti dugulako publikoa erakarri beharraren amua (agian onartu nahi ez dugun konplexua?), baina bide horretatik jarraitu behar dugula uste dut, horrelako gai interesgarriak euskaraz lantzen.

Dibulgazio onaren beharra dugu eta euskaraz behar dugu!

Memoria historikoaz euskaraz Gasteizen