Mediku ona eta euskalduna?… ezinezkoa da!

“Euskaraz ikasi nahi izan dugu baina ezinezkoa izan da”, adierazten du Xabier Iturraspek jarraian ikusgai duzuen eta euskaltzaleari hunkigarria gertatuko zaion bideoan.

“Ezinezkoa da gaur Euskal Herriko Unibertsitatean, EHU-n, medikuntza euskaraz ikastea, zuon aldetik borondatea falta delako”, dio lizentziatura eguneko diskurtsoan, ondoan ikasle talde batek babesa eta Iñaki Goirizelaia EHU-ko Errektorea adi-adi duela.

Egun EHU-n medikuntza euskaraz ikasteak dituen oztopoak agertzen dituen zazpi minutuko bideoa maiatzaren 16an, herenegun, eskegi zuten Youtube atarian, eta 24 orduren buruan 3.000 ikustalditik gora izan ezik, sare sozialetan ere izan du oihartzuna; ez da gutxiagorako.

Bejondaiela Xabier, Ander, Garazi, Joan, Nerea eta Euskal Herriko Unibertsitatean medikuntza euskaraz ikasteko erabakia hartu duten 120 ikasle saiatuei, duintasun eredugarria erakusteagatik.

 

Medikuntza euskaraz ikastea erabaki izana “gainkarga bat” izan dela-eta, hainbeste esfortsuren ondoren eta behin karrera bukatuta, sei urteko balantzea egin eta arazoak ezagutzera emateko profitatu zuten ekitaldia ikasleek, Xabier Iturraspek irakurri zuen diskurtsoaren bitartez; “dekanotzak eta departamendu buruek gai honekiko interes falta erakutsi” izan dutela iritzi eta “egoera honen erantzuleak behingoz zerbait egin dezaten”.

“Lehen zikloa euskaraz egin genuen, eta komunikazio arazo batzuk izan bagenituen ere, azpimarratzekoa da Leioako irakasle gehienen ahalegina eta lana. Bigarren ziklora pasatzean egoera guztiz aldatu zen. Praktika eta mintegi gehienak gazteleraz jaso ditugu.

Nik (Xabier) eta Anderrek %36 jaso dugu soilik euskaraz Gurutzetan, eta Garazik ordu teorikoen erdia Basurtuko ospitalean. Joanek zorte gehiago izan du Donostian, eta irakasgaien %65 jaso du euskaraz. Gasteizen Nereak, eta euskal lerroan matrikulatuta egon arren, ez du klase teoriko bakar bat euskaraz jaso”.

“Dituen baliabideak arazoak konpontzeko erabili beharrean beste alde batera begiratu du” leporatzen diote errektoretzari ikasleek lizentziatura eguneko diskurtsoan, Euskalduna Jauregiko ekitaldian unibertsitateko arduradun nagusiak presente direla. “Urte hauetan guztietan zehar egoera hau salatzeko egin ditugun ekintzak ez dira antza behar den lekura iritsi; azken hamar urteotan ez da inongo aurrerapausurik eman”.

“Ez gara `buenos días´ baten atzetik datorren kortesiazko egun on! -bota eta aretoak txalo zaparrada batean egiten du eztanda-. Ehun eta hogei ikasle euskaldun gara, eta ekitaldi hau gurea ere badela aldarrikatzeko gaude zutik. Ez gara bigarren mailako ikasleak eta ez daukagu zertaz lotsatu”.

MIR azterketako lehen hamarren artean EHU-ko bi ikasle zirela-eta, “ekitaldi honetan zehar hainbat alditan entzun dugu jasotako formakuntza bikainaren fruitua direla”, dio Iturraspek; “baina inork esan al du biak zirela euskal adarreko ikasleak? Ez du honek erakusten posible dela mediku ona eta euskalduna izatea?”.

Mediku ona eta euskalduna?... ezinezkoa da!

Aldarrikapenaren ostean, osasun sistema publiko eta euskaldun baten alde lan egiteko konpromisoa hartu beharraz mintzo dira ikasleak. “Guk ere badaukagu zeregina, bihartik aurrera medikuak izango gara, mediku euskaldunak: irakasleak behar direnean klaseak emanez, gaixo bakoitza nahi duen hizkuntzan gertutasunez artatuz eta arraza edo egoera ezberdinetako jendea berdintasunez jasoz”.

“Lanean jarraituko dugu; lanean jarraituko dugu Zamudioko anbulategitik Gurutzetako kontsultetara, Leioako ikasgelatik Txagorritxuko kirofanora. Gaur ikasle eta bihar mediku euskaldun bezala, euskaraz ikasi, sendatu eta, batez ere, euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugulako”.

duintasuna, EHU, euskara, hezkuntza, irakaskuntza, medikuntza, Osakidetza

3 pentsamendu “Mediku ona eta euskalduna?… ezinezkoa da!”-ri buruz

  • Baliabideak izanda, Euskara ikasteko gai ez dena, ez da gai karrera bat ateratzeko gai, ta karrera badu ta Euskara ikastea ezinezkoa bazaio, edo karreran dena kopiatu du edo titulua oparitu diote.
    Nortzuk sinistuko dute Medikuntzako karrera atera duena ez dela gai Euskara ikasteko? Ez du ez hanka ta ez bururik, aitzaki bezala petrala da oso.

    Hau gainera argi uzten du, baliabide gutxiagorekin Euskaldunak hobeto egiten dutela ere.

  • Nor esan du Euskaldunak beti hoberen? Hizkuntza bat ikastea karrera bat ikastea baino errazao dela erratea idazten dut ta zuk hori ulertzen dezu? Gutxiagotasun konplexurik dakazu? Gezurra al da Euskara baztertua izanik, traba ugari izanik Euskarazko ikasketak egiteko emaitza hobeagoak izaten dituztela? Ez, ez da gezurra.
    Ta ez du zerikusirik nor dan hobeagoa pertsona modun, baina hori ulertu nahi badezu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude