Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko

Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka – 

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin abiarazitako ARNASA GARA kanpainaren baitan, Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute, arnasguneen garrantzia jendarteratzeko antzezlan bat sortzeko. Aurkeztu diren bederatzi egitasmoak aztertu ondoren, epaimahaiak Lesakako Mairu Antzerki Tailerraren ‘Intxaurra’ antzezlana saritu du. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko, eta azaroan estreinatuko dute antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk agerraldia egin dute gaur goizean, Iruñean, Nafarroako Jauregian, Arnasguneak antzerki bekaren berri emateko eta beka jaso duen ‘Intxaurra’ antzezlanaren egitasmoa aurkezteko. Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak idatziko du testua eta, besteak beste, inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina islatuko du antzezlanak. Sarasolak berak agerraldian nabarmendu duenez, gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatuko du antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskarararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena, beti ere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz. Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria. Gaurko agerraldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Aitor Elexpuru UEMAko ordezkaria ere, Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolarekin batera.

Aurrekariak: arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko kanpainak Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu du, arnasguneak euskararen biziberritzean ezinbestekoak direla aipatuz eta ekimenaren aurrekariak gogoratuz. Olloren hitzetan, “Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Euskarararen arnasguneetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu”. Ollok aipatu duenez, horren harira, “badira urte batzuk hemen bildu garen erakundeok elkarlanean ARNASA GARA kanpaina abiarazi genuenetik. Helburua, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da, euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta erakusteko. Horren berri eman nahi diegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, eta baita gainerakoei ere, dugun aberastasunaren kontzientzia izan dezaten. Orain, beka honi esker, aurten, antzezlan baten bidez zabalduko dugu batera eta bestera arnasguneen garrantzia, sorkuntzari ere leihoa irekia”.

Bekaren asmoa: sormenari leihoa zabaltzea eta kanpaina plazara ateratzea Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, zehazki, bekaren antolatzaileek sorkuntzari zabaldu nahi izan dioten leiho horri buruz aritu da. Zupiriaren hitzetan lehendik ere bidea egiten ari den kanpaina baten jarraipena da beka hau: “2019. urtean hasi zen lehen urratsak egiten ARNASA GARA lan ildoa. Geroztik, euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzen duten kanpainak egin ditugu, arnasguneetan bizi diren herritarren ahalduntzeari begira, eta baita arnasguneetakoak ez diren herritarren kontzientziazioari begira ere”.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk beka formatua eta antzezlana zergatik hobetsi duten ere azaldu du: “Aurten plazara atera eta sorkuntza lehen lerroan jarri nahi izan duen ekimenaren aldeko apustua egin dugu. Horregatik jarri genuen martxan gaur aurkezten ari garen antzerki beka deialdi hau, euskarazko antzerki taldeei eta konpainiei zuzendutakoa, eta sorkuntzaren erdigunean arnasguneak izango zituena. Sare sozialetatik plazara edo antzokietara joango da aurtengoan gure lan ildoaren emaitza. Euskarazko sormen lana, mezua eta ikus-entzuleen arteko elkarreragina bilatu nahi duena”. Zupiriaren hitzetan, zehazki, horretara dator Arnasguneak antzerki beka: “Arnasa Gara ekimenaren helburu nagusietako bat da euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea, eta mezu hori oholtza gainetik ere helarazi nahi dugu, sormenaren bitartez. Hiriburuetatik herri handi eta txikietara. Ahalik eta plaza gehienetara iritsi nahi dugu; ikus-entzule anitzarentzako eskaintza gogoetatsu eta gozagarri bat izatea. Azken batean, askotarikoak baitira gure herriak eta plazak, eta ahalik eta herri eta plaza gehienetara iritsi nahi dugu ekimen honekin. Hori ere bada Arnasguneak antzerki bekaren helburua”. UEMAren izenean, Aitor Elexpuru zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak adierazi duenez, “pozgarria da arnasguneen garrantzia jendarteratzeko erakundeen arteko elkarlanak etenik ez duela ikustea. Izan ere, herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko. Hori bultzatu nahi dugu antzezlan honekin, udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarria dela sinetsita”. Era berean, elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Elexpuruk: “Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk elkarrekin landutako kanpaina eta beka da honakoa, horrek esan nahi duen guztiarekin. Arnasguneen garrantzia elkarrekin nabarmentzeaz gain, antzezlan hau lau haizetara zabaltzeko asmoa ere elkarrekin adostutakoa da. Horretarako, gainera, kasu honetan, Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen laguntza ere izan dugula gogoratu nahi dugu. Batetik, antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko delako, azaroan. Bestetik, Mairu Antzerki Tailerreko kideek Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera izango dutelako antzezlana sortzeko lanean ari diren bitartean”. Amaitzeko, taldekideak zoriondu ditu, bekaren helburuak betetzeko proiektu ederra aurkeztu dutelakoan: “Ziur gaude ederki egingo dutela, dakiten bezala, sormenetik abiatuta, agertokian, antzerkiarekin herritarren bihotzetara iritsiz”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

Mairu Antzerki Tailerrak jaso du ‘Arnasguneak’ antzerki sorkuntzarako beka, ‘Intxaurra’ antzezlana sortzeko

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.