LH eta euskara

LH eta euskara –

Nafarroako hezkuntza sisteman alderdi politiko batzuek euskararen irakaskuntzaren aurka egiten dituzten diskriminazio guztiak ikus ditzakegu. Oraintxe bertan Iruñeko edo Mendigorriako haur eskolekin ikusten ari gara, baina Lanbide Heziketa da ahaztuta dagoena.
LH eta euskara

Duela oso urte gutxira arte, ezin izan dugu LHko ziklo edo zentrorik euskaraz ikusi. Azkenik, ikastetxe txikietan lortu da, hala nola Beran edo Baztanen eta zikloren bat Iruñean edo Iruñerrian.

Gaur egun, goi-mailako 94 ziklo eskaintzen dira gaztelaniaz, 4 gaztelania-ingelesez, 1 gaztelania egokitua eta 7 euskaraz. Erdi Mailan 102 ziklo gaztelaniaz eta 13 euskaraz eta azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketan 47 gaztelaniaz eta 3 euskaraz. Bera eta Baztango Ikastetxeak kontuan hartzen baditugu, konturatuko gara Iruñean eta bere eskualdean, euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatzeaz gain, euskarazko eskaintza ez dela nahikoa D eredutik datozen ikasleen eskarirako.

Sakana I.I.P ikastetxean plan estrategiko bat egin zen, Berako Toki-Ona Institutuan edo Baztanen aurretik egin zen bezala. Ikastetxe hauek,gainera, eremu euskaldunean daude kokatuta. Plan estrategiko horrek proposatzen zuen behin betiko langileek erretiroa hartzen zutenean edo lekualdatze-lehiaketa ostean beste ikastetxe batera joanez gero, behin betiko irakasle berriak euskaldunak izatea. Behin behineko irakasleei berriz, portzentaia batean euskara jakitea eskatuko litzaieke eta irakasle euskaldunak arian-arian gehitzen joango lirateke. Ibilbide bera egin zuten Beran edo Baztanen 1998tik eta inoiz ez zen inor aurka agertu. Horrela, irakasleak gai dira ikasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz emateko, ikasleen beharretara egokituta. Orain, ordea, Hezkuntza Departamentuak atzera bota du Ikuskaritzak eta ikastetxeko klaustroak bere garaian onartutako Plan Estrategikoa eta ikasle euskaldunen % 70ak baino gehiagok ez du inolako eskubiderik ikasketak euskaraz jarraitzeko.

Txantrean, duela urte gutxi, Mekatronikako Goi Maila bikoiztu zen C.I.P. Virgen del Camino ikastetxean. Euskaraz jartzeko adina ikasle zeuden, baina interes ilunak zirela medio, ez zen planteatu ere egin.

Salatu nahi dugu Hezkuntza Departamentuak betidanik eta gaur egun ere, duen interesik eza Lanbide Heziketan euskarazko zikloak sartzeko. Badakigu COVID-19ak eragindako salbuespen-egoeran beste lehentasun batzuk daudela larrialdiagatik, baina eskariaren azterketa egin dezakete eta egin behar dute. LAB, STEEILAS eta ELAtik Tomas Rodriguez eta Esther Monterrubiori, Lanbide Heziketako Zuzendari Orokorrari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako LHko euskararen eskariaren azterketa bat egiteko eskatzen diegu. Kontuan hartuta euskarazko zein gaztelaniazko zikloek baldintza berberak izan behar dituztela, ordutegi plana, diskriminaziorik eta bestelakorik gabe.

Hezkuntza Departamentuak ez ditu inoiz ikasleak kontuan hartzen, ezta haien eskaerak edo beharrak ere, erabakiak hartzerakoan. Hortaz, uste dugu ikaslegoak prozesuan parte hartu behar duela ikasgelatik haratago. Hezkuntza proiektu orokor baten zatitzat ulertu behar da. Garrantzitsua da, halaber, senideek parte-hartze zabala eta bizia izatea beren testuinguruaren sinbiosian. Nor da honetan kaltetuena? Argi eta garbi, ikasle euskaldunak eta ikasketak euskaraz egin ezin dituztenak. Lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea onartezina den bezala, Lanbide Heziketan ere ezberdintasun hori ez da onargarria.

Sinatzaileak: Alfredo Lakuntza Vicario (ELA), Mikel Auza Makutso (LAB) eta Iñigo Barace Tapia (Steilas)

LH eta euskara

LAB Nafarroa, Lanbide Heziketa