Lehen urratsa izan dadila

Lehen urratsa izan dadila –

Arkaitz Zarraga Azumendik Argia aldizkarian.

Sei Argazkitan saioan Joseba Arregik horrela azaldu zion Pedro Mari Goikoetxeari HABEren euskaltegiak sortu eta gutxira udalen menpe utzi izana: “Oso ondo asmatu genuen. Euskaltegi munizipalak inportanteak izandu dira gauzak bere onera eramateko, eta HBren eta AEKren monopolioa beren eskuetatik kentzeko…”. Ricardo anaiak Euskaltzaindiari igorritako gutun famatu haren aurkako izpirituz, zalantzarik gabe.

Euskaltegiak beti egon dira gatazka haien ondorioak ordaintzen, eta jakina, euskalgintza eta euskalduntze prozesua ere bai. Garai haietako giroak eragina izan zuen euskaltegietako ekonomian, baina baita jarduera akademikoan ere; izan ere, euskalduntzea norbanakoen lepo utzi zen, lan mundurako Hizkuntza Eskakizunak ezarrita, erabilera hortik helduko zelakoan. Euskaltegiak, neurri handi batean, biziberritze prozesuko motor izaera galduz joan ziren.  Kaleetatik desagertzen. Egungo euskaltegien “panorama” orduko politiken ondorio zuzena dugu.

“‘Herri ekimeneko euskaltegiekin’ akordioa egin du Eusko Jaurlaritzak, hainbat langile prekarietatetik ateratzeko. Berandu bada ere, ongi etorria”

Baina, badirudi gauzak aldatuz doazela. 2021eko apirilean “Herri ekimeneko euskaltegiekin” akordioa egin du Eusko Jaurlaritzak, hainbat langile prekarietatetik ateratzeko. Berandu bada ere, ongi etorria. Benetan penagarriak dira hainbat kolegaren lan-baldintzak. Beraz, esan daiteke tunelaren amaieran argia badela, eta oraingoan, antza, ez da kontrara datorren trena.

Lehen urratsa izan dadila

Sinatzaileetako batzuei entzun diet hau hasiera baino ez dela, erronka handiak ditugula. Eta ados nago. Irakaskuntza arautuan ez bezala, gurean ez daude ondo definituta sare publikoa eta pribatua. Egia esateko, ez dago sare publikorik. Udalen menpe egonik, ez dago bateratasunik lan baldintzetan, baliabideetan, lan-poltsetan… Azken lan eskaintza (erretiroren bat salbu) 90eko hamarkadan egin zen. Bestelakoen artean ere anabasa handia da. Hezkuntzan ez bezala, badira, adibidez, mozkin banaketak dituzten euskaltegi pribatuak. Ez dakit oso ondo zelan uztartuko diren mozkinak eta diru-laguntzak. Eta ez dezagun ahaztu EAEtik haratago ere  badirela euskaltegiak.

Eta HABE? Zein izan beharko litzateke HABEren egitekoa?  Nolako loturak beharko lituzke Hezkuntzarekin, euskalgintzarekin, plangintzekin, Nafarroa eta Iparraldeko erakundeekin…

Erronka erakargarriak ditugu aurrean: doakotasuna, ahozkotasuna, erabilera, ebaluazio sistema doitzea, euskaltegiak plangintzetan txertatzea, etorkizuneko irakasleak prestatzea, unibertsitatea guri begira jartzea… Baina biziberritze prozesuak abiada har dezan, ez dira nahikoa partxeak, motor zaharra goitik behera egokitu behar dugu.

Lehen urratsa izan dadila

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.