Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra

Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra –

Orduan, KORRIKAren ideia hura, 1980an Oskorriko Josepe tronpetariari bururatu zitzaiona, bat-batean eta lehen bista-kolpean, ezinezko eta distopikotzat jo genuen AEKn. Hala ere, garai hartako Zuzendaritzan genbiltzan batzuek, Bittor Allende publizitate-sailean zebilen hark-eta animatuta, froga egitea erabaki genuen. Bittorrek berak marraztu zuen kartel eder bat, berak maite zuen neskatxaren marrazki polit batekin; baita beste Bittor bat (Altzola gernikarra) eta Enrike Ibabe zena, animatu genituen publizitate-testuak diseina zitzaten propagandarako, eta Xabier Amuriza musika-lelo bat asma zezan laster batean, bera bertsolaria zenez.

Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra
Lehen KORRIKAko irudia (1980)

Aipatzekoa da, garai hartan AEK zela E.H. mailan zegoen erakunde bakarra, nik dakidala; eraketa mailan, Julen Kalzada busturiarra zen “EHko koordinatzailea”, Xan Iparraldekoa, Beñi Agirre Gipuzkoatik, Urtsa eta Joseba Bizkaitik eta Sagrario Aleman nafarra. Didaktika mailan, aldiz, honakook: Gau Eskolen garaian fundatzaile: Jon Aurre busturiarra eta Jabi Etxegarai mungiarra. AEKaren sasoian, Alberto Gabika lekeitiarra, ni neu Gautegizkoa, Josejoa Gallastegi eta Josu Zabalo (Basauri-Galdakao aldetik), Kike algortarra, Aitor donostiarra, Xan bera Iparraldetik, Berta, Zubiri eta Arritxu Santamaria Arabatik, eta azkenez Sagrario Aleman eta I. Zabaleta Nafarroatik.

Horrela osaturik, KORRIKAren ideia distopiko samar hura gauzatzea ebatzi genuen hasiera hartako Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (A.E.K) osatzen genuen batzuek. Ez denek, ordea, izan ere, zeren beste batzuek uste baitzuten Erakunde Publikoetan sartzeko garaia zela; eta aukera hartaz baliatzea beste erremediorik ez geneukala; ezen bestelakotz, AEK-k ez zeukala etorkizunik bere bakardade hartan, erdi-borondatezko gisara jokatuz. Eta halaxe  gertatu zen, gertatu ere, luzera: Erakunde Administratiboak HABE Institutua sortu zuela, Baskongadatako tokian-tokiko euskaltegiak sortuz,  AEK ordezteko asmoz. Eta lortu ere lortu zuen azkenean, beraien arauen menpean jartzea AEK, nahiz eta halako manifestazioak eta itxialdiak egin, “Eusko Jaurlaritzá, bete zure hitzá” oihukatuz.

Ordukoak beste garai batzuk ziren-eta, jakina. Hortaz, zenbaitzuen idurikoz KORRIKAren ideia hura fantasiazkoa bezain hutsala zela pentsatu arren (txakur ametsa), gutxi batzuek pentsetan genuen Euskal Herri Osoan funtzionatzen zuen erakunde bakar hura bere hartan mantentzea merezi zuela. Eta diruz larri genbiltzanez, KORRIKAren abentura frogatzea erabaki genuen; behintzat apustu egitea. Oso ulergarritzat hartu genuen beste haien apustua ere, hots, haiek Instituzioetan sartzearena eta euren bideaz froga egitea. Bidegurutze uneko egoera.

Guk, ordea, geure bidetik aurrera egitea abatzi genuen, eta KORRIKAren ausazko bideragarritasunean murgildu. Julen Kalzada zena genuen orduko “koordinatzailea”.  “Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundearen” (AEK). Programakuntzari dagokionez, ordurako Metodologia aurrerakoi bat lortua genuen: “Komunikazio bidezko Medodologia” deitzen geniona, ingelesen Communicative Methodology delako batean oinarritua. Eta, geroxeago, Udako Barnetegietan frogaturiko esperientzia arrakastatsuen ondoren, “Kulturgintza bidezko Metodologia”zeritzogun hura, Paulo Freire Hego Amerikarraren  “Enseñanza de Cultura Popular” erreferentziatzat hartuta.

Baita Paulo Freire bera ezagutzeko parada ere izan, EPA-Adinekoen Irakaskuntzakoek antolatuta Madrilen egin genuen Topaketa hartan.  Bilkura hartan, AEKren metodologia eta praktika jendaurrean azaldu ondoren, Paulok harrituta esan zuen: “ez nuen uste halakorik zegoenik”.

Ba, gauza da lehen KORRIKA abiatzear zegoela, 1980ko azaroaren 29an, Oñatin hasi eta Bilboko Feria Azokan amaitzeko. Astebete eta piku korrikan, orduan ere elurra borthürietan…

Baina, esan bezala, denek ez zeuden konforme. Baina eta ados ez egoteaz gain, erasora jo zuten, nahiz eta oraindik Etika bizirik egon garai hartan, orain ez bezala; zeren orain galaxietan barna baitoa alderrai, Eliteak goma-2 jarrita leherrarazi duelarik.

Hortaz, orduko KORRIKAREN hasierako edizioak (ez lehenbizikoak, ez hurrengokoak)  ez ziren batere gozoak izan. Gaur egun bai, egun jada, berton nahiz Helsinkin, New York zein Valladoliden, denek KORRIKAREN ALDE. Baita, gauza bitxia, Aznarren jaioterrian bertan ere: “Valladolid Korrikaren alde”, jende hura euren pankarta eta petoekin, KORRIKAREN zain. Baina duela 22 urteko edizio hartan, orain gezurra badirudi ere, boikota egin zioten Korrikari eta korrikalariei. Boikot “berdaderoa”.

Badakizue, KORRIKArako Mendiburu eskultoreak egindako “Lekukoak” mezu bat darama barnean. Bada, lehen edizio hartakoak Satrustegi apaiz fin euskaltzale Sakanakoak sartu zuen “Mezua” zeraman; Bilboko Feria Azokan irakurtzekoa zena, hain zuzen. Bada, Mezuaren papertxo hori lapurtu egin zuten bidean. Honezkero badakigu non, Araba aldean zihoala. Eta, Bilboko eszenatoki handios hartan, Julenek mezua irakurtzeko papertxoaren bila eskua sartu zuenean, Lekukoa hutsik zegoela ikusi harriduraz! Hantxe gu denok aiduru, baita Lekue ere, lekuko. Alajaina, “kriston” nahastea gertatu zen segituan, jakina.

Oposizioak, maiz gertatu ohi denez, AEKri eta bere KORRIKARI egotzi zion errua. “Gernika Gorriek eurek bonbardatu” zutelakoa. Eta segidan kanpaina izugarria AEKren kontra.

Sekula halakorik. Ba halaxe izan zuan!, gizabidea oro bazterrera jaurtikiz.  Izan ere, gerra-operazio haren guztiaren atzean, izen boteretsuak baitzeuden, Alderdi handiak…

Sekulako erasoa izan zuan hura!

Beraz, ez lehen KORRIKAK, ez hurrengoek ere, ez zuten gozo izan. Harik eta, halako batean, izen boteretsu haietako batek, Bilboko alkateak, Lekukoa eskuan hartu zuen arte, zorionez, azken kilometroa Areatzatik Udaletxera egiteko; eta orduantxe hasi aspaldiko glaziarra urtzen.

Eta gu, KORRIKA-22garren honetan, aurtengo arrakastaz pozik baino pozago, gogotik utzi ditugu ahanzturan, joandako joanikoak. Zeren eta damuari bere aukera ematea eskatzen baitu gizabideak.

Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra Lehen KORRIKA hura ez zen izan samurra

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako