Lauzak

Lauzak –

LauzakAspaldikoa da ikastolen aurkako herra. Sorreran, hango eta hemengo espainiarrak / frantsesak izan zituzten aurka, Estatu zanpatzaileak lagun. Gerora bertoko ezkerretikere, abertzale asko tartean, hasi ziren hainbat “elitismoaren” zama leporatzen ikastolei, guztiei, herri honetan dugun eran, zeharo itsu eta zorrotz, zuri ala beltz, haiekin ala gurekin. Ikastolak “elitista”, baina espainiar hezkuntza sistemaren menpeko D ereduko ikastetxeak “herrikoi”, harrapazank!
Era berean, urte hauetan gertatu da abertzaleon arteko erdaltzaleak -gure artean beti izan direnak- ahaldundu egin zaizkigula, “enpoderatu” alegia. Konturatu dira abertzaleen arten ere gehiengoa direla, eta garai bateko lotsak astinduta, españolez / frantsesez bizitzeko zilegitasuna aldarrikatzen dute “abertzaletasunetik”, hara non.
Hala, horien esanetan, espainiera eta frantsesa euskara bezain “gureak” lirateke, ahaztuz edo ezkutatuz hizkuntza horiek biak inposatu egiten zaizkigula (oraindik ere), eta euskaldunok euskaraz bizitzeko debekua jasaten (egun ere bai eremu eta egoera askotan) dugula mendeak direla.
Horrela, harro asko dihardute hainbat abertzalek “Euskal Herria eraikitzeko lanean” espàñolez edo frantsesez, nola enpresari, sindikalista, kazetari… hala politikari.
Gauzak horrela, edozer entzun eta irakurri beharrean aurkitzen gara sarri, ia edonon.
Azken aurrekoa, hedabide txit abertzale are erdaldun bateko kazetari bati irakurri diogu.
Erabili ohi duen hizkuntzan hitzez hitz:
“Ahora, todos los escolares de Nafarroa (sic) tienen derecho a estudiar en euskara en una escuela pública. El gran freno a esto es que los padres de la zona no vascófona tradicional (sic) no están apuntando a sus hijos para que estudien euskara, o al menos no en gran número. Esta realidad parece una secuela de tantos años de partición idiomática y del fomento de la euskarafobia, aunque también se debe a la competencia de las ikastolas en esa zona, pues debido a su buen hacer de estos años, ahora son una losa para que emerja un modelo D público de forma potente”
Hots, hedabide abertzale-erdalduneko kazetari erdaltzaleak ohartarazten gaituenez, (hain ondo diharduten) Ikastolak oztopo eta traba dira D ereduaren hedapenerako Nafarroako eremu erdaldunean. Zer eta “lauza” omen, aizue!
Antza denez, batzuen ustez ikastolek bete dute zegokien eginkizuna, eta hamarkada luzeetako borroka latzaren eta lan eskergaren ondotik, ikasleak, irakasleak eta eraikinak Espainiako / Frantziako Hezkuntza Sistemen esku utzi behar lituzkete, D ereduko ikastetxe bilakatuz. Handia da gero…
Bada, (euskal) herri honen biziraupenerako lauza iruditzen zaizkit niri españolez / frantsesez lan egin eta bizi diren ordezkari politiko, kazetari eta bestelako abertzale guztiak. Lauza, eta itsu, eta ezjakin, ikastolak arazotzat jotzen dituzten horiek guztiak.
Ikastolak gero eta ezinbestekoago ,independentzia bezainbeste, iruditzen zaizkit ostera.

Celáak, Chivitek eta beren mariatxiek, beren ametsik beroenetan ere ez zuketen horrelako egoerarik irudikatuko.

Lauzak
Lauzak

Oinezkoa

17 pentsamendu “Lauzak”-ri buruz

  • Politikoki inkorrektua da, antza, esatea espainol-frantses hizkuntzek kalte egiten diotela euskarari, eta beraz, gure hizkuntza biziko bada, horiekikoak egin behar ditugula ahalik lasterrena. Bada, esan dezagun ozenki: erdaraz espainol/frantses nazioa eraikitzen da, eta nazio euskalduna suntsitzen. Has gaitezen etsaiak argi eta garbi seinalatzen, sasiabertzale horietatik hasita.

  • Ulertzen ez dudana da jende hori zergatik ez den joaten Euskal Herri Ohiko lurralde erdaldun batera bere lan politikoa bertan garatzera, euskaldunak pakean utzita. Aukeran dauzkate inguru hurbilean: Errioxa, Oska, Bearne, Gaskoina,… Hortxe dute nahi duten Euskal Herri erdalduna , euskalduna erdalduntzen laguntzeko penatu beharrik gabe.

  • Benat Castorene 2019-08-09 08:03

    Hartsuaga, ez naiz segur untsa konprenitzea, zure iritzia gara zinezake othoi?

  • Benat, baduzu meritua Uztaritze aldetik Euskal Herri penintsularreko kontuak xeheki jarraitzeagatik, eta merezi duzulako cicerone lan bitxia hartuko dut. Hartsuagak dio, oker ez banago, bestela berak zuzenduko nau, Gara bezalako egunkari nagusiki erdarazkoetan (JJ Agirrek ez du izendatzen, baina uste dut egunkari horretaz ari dela) erdaraz idazten duten “abertzale ezkertiarrek” nahikoa dutela garai baten euskaldunak izan baina aspalditik erdaldunduak diren lurraldeetara joatea (Errioxa, Oska, Bearne, Gaskoina…), han beren etxean senti daitezkeenez gero. Utz gaitzatela bakean euskaldunak, eta, ikastolak.
    Afera horrek, bestalde, azpi zabalagoa du, Piarres Lartzabal azkaindarrak ziokeenez, katu horrek badu beste buztanik. Duela hogeita bost bat urte ordurarte “erdi-pribatuak” izandako ikastolak publifikatzeko prozesua inposatu zuten administrazioek, Madrilgoek eta hemengoek. Batzuek juridikoki ordurarte bezala jarraitzea erabaki zuten, eta beste asko publifikatu egin ziren. Ideologia ezkertiarra zuten gehienentzat -edo askorentzat behintzat-, ikastolak pribatuak ziren, elitistak, eta diru publikoa jasotzen zutenez, eskola publiko bihurtu behar ziren. Hori jende kontzientziatu eta ideologizatuenen artean. Jende gehienarentzat edo askorentzat, horrelako afereten ohi denez, publifikazioa ikastolak merkeago bihurtzeko modua zen eta kito. Ikastolen aldekoen aldetik, berriz, batez ere abertzale-euskaltzaleen artean espainoltzeko bidea ikusi zen, euskal kurrikulumaren ordez erdal kurrikuluma sartzeko ate librea.
    Interesgarria izango litzateke jakitea zer-nolako aldea dagoen kurrikulumean egungo ikastola eta eskola publikoen artean, eta azterketa inpartzial samar bat egitea…Beharbada, badaude, ez ditut ezagutzen, interesatu ez naizelako seguraski.
    Hortik aparte, migratzaileak eskola publikoetara bideratzen direla, eta hor ikastolek insolidario jokatzen dutela…aipatu ohi da; ikastolek gezurtatzen dute noski. Gainetik kontatu dizut, eta ahalik eta inpartzialen.

  • Gai batek beste bat ekartzen du. Zer da Euskal Herrian publikoa?, eta zer, pribatua? Juridikoki, lege aldetik, argi egon liteke, baina legitimotasun aldetik? Gure egoera politikoan ezin berdindu alaiki publikoa eta estatal-autonomikoa. Herri-interesekoak ezin dira publikotzat jo? Gai korapilatsua baina beharrezkoa.

  • Patxik esan duen modura, baina inor zehazki behatzez erakutsi gabe, adierazi nahi nuen, badirela jada euskal herri erdaldunak. Ahazten baitzaigu inguratzen gaituzten lurraldeok ere euskal herria zirela duela ez hainbeste. Euskal Herri erdalduna eraiki nahi dutenek beraz, badute non hauta beren asmoak garatzeko.

  • Beñat Castorene 2019-08-09 11:04

    Eskerrik asko biei
    Bainan, zuen azalpenen luzeera ikusita, ulertuko duzue Hartsuagaren iruzkina nahikoa eliptikoa zela maila ertaineko lapurtar jakin nahi batendako.
    Horrengatik ere, kontziente naiz, nik ahal bezain esplikatu nahian, Zuzeuko ene testuak “txapa” idurikoak idurituko zaizkitzue.
    Berriki ulertu nuen Bizkaiko portu batean bizi diren ene bilobetarik ez zirela ikastolan baizik eta eskola publikoan .Konfirmatzen dizuet lagunak dituztela bat zaharaoui eta senegaldarrak bi. Azken bi hauek euskaraz egin behar elgar konprenizeko, etnia berekoak ez dira eta…
    Azken gauza bat biarnotarrak pozik eta harro dira frantses izaiteaz (nahiz batzutan bakar batzuek jelosten gaituzten gure hizkuntzari piskabat eutsi nahi izaiteagatik) bainan zure abertzale erdaldunak ez dituzte nahiko segur.

  • Logroñon eta Huescan ere ez Benat, abertzale erdaldunik. Eta euskararen garapenaren jeloskor denik ere ez.

  • Beñat, hurbilduko ahal dira Ipar EHko lagun gehiago webgune honetara, eta blaitu eta freskatu beren euskara moldeekin eta gaiekin euskararen bazter osasuntsu samar hau, zeina baita, ohi bezala, sobera hegoaldezentrikoa eta hortaz neurri batean espainiazentrikoa!

  • Beñat Castorene 2019-08-09 18:39

    Garett arrazoi duzu untsa litzateke iparraldeko gehiagok parte hartzea.
    Zergatik ez duten egiten? nik dakita, Halaere, hipotesia bat:
    Behar bada , Iparraldean kontsigna politikoa kolaborazioa da, hegoaldean baino oraindik gehiago ere (ezbaita guti )
    Nola baden zuzeuko iruzkinetan hitz egiteko tradizio oso libre bat, gure jendea uzkur daiteke bere iritzia agertzeko.
    Aldiz hegozentrizmoari edo hobeto erraiteko EAEzentismoari dagokionez, aspalditik ilusio guziak galduak ditut . Aldatzen bada egunen batean zure ganik etorriko da. Guk ezin dugu ezer egin, bitartean, horrela suportatu behar zaituztegu.

  • Gustatu ala ez, gaur egun Ikastola itunduak (espainiar araubideari esker) hezkuntza politika neoliberalen gotorleku dira hego Euskal Herrian.
    Klase zapalduak Ikastola itunduen proiektutik at geratzen dira, hala nahi dutelako kooperatibista baztertzaile gehienek. Zein Euskal Herri eraiki nahi duzue horrela?

  • Aitor, nork osatzen du delako “klase zapaldua” Euskal Herrian?

  • Ez zen galdera retorikoa…

  • Ikastolak hezkuntza politika neoliberalren gotorleku???
    Mesez, faborez eta arren….

  • Politika neoliberalak hezkuntzan mundu osoan: Sistemaren desarautzea, ikastetxeen arteko lehia (zonifikazio garaietan bereziki nabarmena), ikastetxea aukeratzeko “eskubidea”, segregazioa, pedagogismoa… hezkuntza politika neoliberalen osagai guztien alde agertu dira behin eta berriro titulartasun pribatuko Ikastolak.

  • Lau peztako berba horiek garatzen badituzu, beharbada eztabaida genezake horietaz.
    Zer da sistemaren desarautzea adibidez?
    Ikastetxea edo hezkuntza-moldea aukeratzea txarra da?
    Egungo hezkuntza sistema estandarra egokia iruditzen zaizu?
    Ikastolak neoliberalak? eta ikastetxe publikoak?

  • Lau peztako berba horiek garatzen badituzu, beharbada eztabaida genezake horietaz.
    Zer da sistemaren desarautzea adibidez?
    Ikastetxea edo hezkuntza-moldea aukeratzea txarra da?
    Egungo hezkuntza sistema estandarra egokia iruditzen zaizu?
    Ikastolak neoliberalak? eta ikastetxe publikoak?