Larrialdi linguistikoaren aroan

Larrialdi linguistikoaren aroan –

Larrialdi linguistikoaren aroan

Oraindik orain jakin dugu Arrue ikerketaren 2017ko txostenaren berri, duela lau urtekoa izanagatik. Emaitza nagusia: LH4ko eta DBH2ko ikasleek eskola eremu guztietan egin dute atzera euskararen erabileran. D ereduko gaztetxoen artean, handiagoa izan da jaitsiera.

Azkenaldian, ohikoak bihurtu dira gisa horretako berriak, eta ez gaituzte jada harritzen –zorionez, halere, ez gaituzte axolagabe uzten–; eta, apenas, erantzunik sortzen duten erakunde eta alderdi politikoen aldetik. Zer gertatzen ari zaigu?

Euskarak balio digu euskaldunak garela berresteko. Ez da nahikoa euskaraz jakite hutsa, ingeles jakite hutsa aski ez den bezala ingelesa izateko, baina ezinbestekoa da. Ez da nahikoa bi hitz jakitea euskaraz, eta zein lurraldetan bizi zaren, hango futbol taldeko zalea izatea. Ez da nahikoa hemengo janariaren eta hemengo klimaren hutsunea nabaritzea kanpoan zarenean; ezta bizi-maila hobexeagoa dugulako hemengoa sentitzea ere, ez, euskaraz jakin beharra dago euskalduna izateko, bestela erdalduna izango zara Euskal Herrian. “Eta zer?”, pentsatu eta esaten ere dute hemengo askok: lasai ederrean bizi liteke erdaraz Euskal Herrian. Eta arrazoi dute, noski! Eta gure anormaltasunaren seinale garbiena da.

Ondo etortzen da irakaskuntzan edo administrazioan edo hedabideetan lan egiteko euskaraz jakitea. Batzuetan beharrezkoa da, baina gehienetan, nahikoa da ezagutza apal bat, erabili beharrik izan gabe. Eta dudarik gabe garrantzizkoa da irakaskuntzan, administrazioan eta hedabideetan, batzuetan beharrezkoa izatea, eta ezagutza apalagoa edo handixeagoa behar izatea, nahiz eta erabili beharrik ez egon, gutxiz gehienetan. Baina hiru arlo horietan ere, leku zabala izan dezakezu euskaraz jakin gabe, edo apenas jakin gabe, eta halakoak esan dezake bost axola zaiola euskararik ez jakitea, erdaraz lan egiteko arlo horietan ez duela batere arazorik eta.

Erdara, aldiz, euskalduna izan edo ez, behar-beharrezkoa dugu Euskal Herrian bizitzeko. Aldamenekoarekin hitz egiteko beharrezkoa izan dezakegu, edota etxepeko batzuekin, edo askorekin, mintzatzeko. Beharrezkoa izan dezakegu ertzainen batek lanera bidean baimena eskatzen badizu; beharrezkoa izan dezakezu ospitalera edo anbulatoriora zoazenean; postetxe gehienetan, merkataritza-establezimendu eta taberna edo jatetxe askotan, edo gehienetan. Beharrezkoa duzu polizia nazionalekin, guardia zibilekin… Ezinbestekoa duzu filmak ikusteko telebistan edo zinema-aretoetan. Askoz aukera zabalagoa duzu arlo askotan erdaraz euskaraz baino…

Egoera honi jendartean buelta ematen hasten ez garen bitartean, sarreran adierazi dugun bezalako albisteak entzuten eta deitoratzen jarraitu beharko dugu honi buelta eman nahi diogunok. Eta erakunde eta alderdi politikoetako buruek zer diote?, bost axola, herritarrok jarrera gogorragoa eta kontsekuenteagoa hartu zain?

Herritarron ahalegina axola handikoa da, noski, baina guztion dirua kudeatzen dutenena are axola handiagokoa. Irakaskuntza, administrazioa bere arlo guztietan eta hedabideak eta Internet euskalduntzeko neurri eraginkorragoak hartu ezean, eta euskarak burujabetzarako ere duen garrantzia azpimarratu ezean, beheraka joango da euskararen erabilera goraka joan daitekeen eta joan behar lukeen lurraldean, hots, Euskal Herrian.

Urte asko (gehiegi) daramatzagu esaten “bidegurutze” batean gaudela; ohartarazten oraingoa berebiziko “inflexio puntua” dela; “paradigma aldaketa” bat behar dugula lehenbailehen; errotiko aldaketarik ezean euskararenak egin duela… Eta aldaketarik ez dator. Urteak joan, urteak etorri, lehengo inertzien eta jokabideen mendeko gaude, bai makropolitikaren jokoan  –euskararen lege xaharkituak berritzeko kontsentsu falta beti–, bai norbanakoen eta taldeen hizkuntz portaeren mailan ere.

Eta esan gabe ere, garbi ikusten da euskarak bere kaskarrean lege aldetik baldintzarik onenak dituen erkidegoaz ari garela batez ere, zeren Nafarroa Garaia gehienean, eta Euskal Herri kontinentalean, kontrakotasunak are handiagoak dira, Frantziako Asanblea Nazionalean ustekabean onarturiko hizkuntza gutxituen legeari, berehala helegitea jartzeak aditzera ematen duen bezala.

Gustatu zein ez gustatu, osasun, ekonomia eta klima-larrialdiei, gurean, euskaldunon larrialdia erantsi behar. Ageriko dramatismorik gabe, jakina, ikusezintasuna da-eta hizkuntzak desagertzeko prozesuen ezaugarri bitxiena. Osasun larrialditik txertoek salbatuko omen gaituzte; klima larrialdiak luze joko du, eta, gure larrialdi linguistikoak ere bai. Txerto eraginkorrik ez izanik, noizko euskara Euskal Herrian ezinbesteko bihurtzeko gailurrak eta neurriak eta araberako diskurtsoa?, berandu izan baino lehen bai?

.

Martin Rezolak eta Pako Sudupek, PLAZARA ekimena

Larrialdi linguistikoaren aroan

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Larrialdi linguistikoaren aroan”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-04-29 09:13

    Milesker Martin eta Pako. Betidanik ados naiz Plazara ekimeneko lagunen iritzi eta analisiekin. Ene aburuz, denek erakusten dute euskarak biziraunen duela gutienez derrigorrezko hizkuntza bakarra izango den tokietan. Gainera munduko etsenplu guziek konfirmatzen duten ebidentzia da. Beraz hori da bilatu behar dugun paradigma aldaketa. Artez edo moldez. Borroka politikoaren bitartez edo ekimen herrikoien bitartez.

  • Milesker Beñat