Lankidetzak

Lankidetzak –

Lankidetzak

Gaur argazkian Nafarroako Gobernuaren ordezkariak eta Euskaltzaindikoak, urteroko lankidetza berritu ondoren. Astelehenean neroni nengoen antzeko argazki batean, Soziolinguistika Klusterraren lehendakari naizen aldetik, gure kasuan lankidetza lehen aldiz hitzarmen bidez antolatu berritan.

Lankidetza zalea naiz, bereziki lankidetza publiko-sozialaren zalea. Sinetsita nago komunitate garapenerako daukagun energia iturri oso ahaltsua dela gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartzea. Eta bereziki pozgarria zait lankidetza hori euskararen esparruan gertatzen denean. Gure biziberritze prozesua erreferentea da munduan; baina, hala eta guztiz, euskara oraindik egoera zaurgarrian dago, UNESCO erakundearen hizkuntzen atlasak dioenez. Beraz, prozesu are indartsuagoa eta eraginkorragoa behar dugu aurrerantzean. Eta era guztietako lankidetzak, lehengoak eta berriak, gero eta sendoagoak, esparru ezberdinetan eta eragile ahalik eta gehienekin. Hori eginda, euskara biziberritzeaz gain, gure gihar komunitarioa indartuko dugulako, elkarren zaintza, eskubideen bermea, bizitza duina eta bizikidetza sanoa posible bihurtuz.

Maite dut lankidetza, eta hura islatzen duten argazkiak.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 10ekoa]

Lankidetzak

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.