Lan-mundua eraldatzeko unea

Lan-mundua eraldatzeko unea –

Lan-munduan belaunaldi aldaketa gertatzera doanean etorri da pandemiaren astinaldia: datozen bi hamarkadetan, Hego Euskal Herriko langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo da. Pandemiaren ondorioen eta hartutako erabaki politikoen araberakoa izango da errelebo hori. Une erabakigarria da horregatik, baita lan-munduaren euskalduntzearentzat ere.

Lan-mundua eraldatzeko unea

Izan ere, eremu sozioekonomikorako eredu berri bat premiazkoa dela erakutsi du krisiak: euskal herritarren zaintza erdigunean jarriko duena. Gabeziak gordindu, eta zaurgarrienak kolpatu dituelako pandemiak. Lan-munduaren eraldaketak eredu berri horri erantzun behar dio, bai behintzat gizarte justuagoa, berdinzaleagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa eraiki nahi bada. Eta, horretarako, euskaratik eraiki beharko dugu. Kontsumitzaileen, erabiltzaileen eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatu ezean ezin baita hiztunon eta hiztun-komunitateen arteko elkarbizitza egokia bermatu.

Gaur-gaurkoz urrun gaude helburu horretatik. Ez da %1era iristen Euskal Herrian euskara garatzeko prozesu egituraturen bat duten enpresen ehunekoa. Are gutxiago dira euren zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko gai direnak, edo langileen euskaraz lan egiteko eskubideak ahalbideratzen dituztenak.

Horren aurrean, eta belaunaldi aldaketa datorrela kontuan izanik, eraldaketa sakonak bultzatzeko politikak behar ditugu: zaintzaren eta gizarte-erantzukizunaren bidetik, zerbitzuak euskaraz eskaintzea eta euskaraz lan egitea balioan jarriko dituzten politikak.

Ez hori bakarrik, ordea. Enpresei erantzukizunez jarduteko betekizunak ezarriko dizkieten politikak ere behar ditugu. Ingurugiroarekiko erantzukizuna duten modu berean, euskal hizkuntza-komunitatearekiko, kontsumitzaileekiko eta langileekiko erantzukizunez jokatzea eskatuko dieten politikak.

Bide horretan kokatzen da LABek eta ELAk Kontseiluarekin batera aurkeztutako proposamena. Geroa Euskaratik adierazpenetik abiatuta, 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak negoziatuko direla jasotzen duen lanbide arteko akordioa eskatu genien Confebaski eta CENi (Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari). Neurriak enpresen %1i eragingo lioke, baina Euskal Herriko langileen erdia hartuko luke, langile berriei begira eragin garrantzitsua izan dezakeena.

Lan-mundua euskalduntzeko eta ehun sozioekonomikoa birpentsatzeko abagunean gaude; pandemiak neurri berriak ekarriko dituelako, langile belaunaldi aldaketa gertatzera doalako. Balia dezagun egoera denon eskubideak eta kohesioa bermatuko dituen lan-mundua eraikitzeko. Orain da unea.

Lan-mundua eraldatzeko unea

Lan-mundua eraldatzeko unea  Lan-mundua eraldatzeko unea

Kontseilua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude