Lan deialdien oinarriak argitaratzerik ez zen onartu Udaleko Euskararen Ordenantzan

 

LAN DEIALDIEN OINARRIAK NAFARROAKO ALDIZKARI OFIZIALEAN ARGITARATZERIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN.

Lan deialdien oinarriak argitaratzerik ez zen onartu Udaleko Euskararen OrdenantzanIruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hamazazpigarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

.

HAMAZAZPIGARREN ALEGAZIOA.

17. artikulua:

“Balorazioa merezimendu gisa”.

17.7 artikulua gehitzea.

“Lan deialdi guztietan oinarrien eduki osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hau da, Iruñeko Udaleko web orrian argitaratzeaz gain, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere agertuko da lan deialdi guztietan oinarrien eduki osoa”.

Arrazoia:

Legegintzaldi honetan (ez baita beti horrela izan), Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzen da Iruñeko Udalak lan deialdi bat atera duela eta oinarriak Iruñeko Udalaren webgunean daudela.

Horrek lan gehiago ematen die interesatuei deialdiaren baldintzak jakin ahal izateko. Iruñeko Udalaren web orriak memorian azkeneko lan deialdiak gordetzen ditu. Aurrekoak aurkitzerik ez dago. Horrek ezinezkoa egiten du Iruñeko Udalaren lan deialdien kontrola egitea eta euskararen puntuazioa zein izan den jakitea. Praktika txarra da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean oinarriak agertuz gero, askoz errazagoa da edozein deialdiren edukia aurkitzea, nahiz eta aspaldikoa izan. Beraz, egindakoaren kontrola askoz errazagoa da.

Gardentasunean irabaziko luke Iruñeko Udalak, horrela jokatuta.

.

IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.

Proposatutakoa ez da Euskararen Ordenantzaren erregulazio-xede.

Gainera, NAOn deialdi guztiak argitaratzeak berekin dakar hautapen-prozesuak tramitatzeko denbora luzatzea, eta ez dakar balio erantsirik. Iruñeko Udalak deialdi guztiak argitaratzen dituelako bere webgunean eta horrela ezagutza nahikoa ematen die deialdi bakoitzean interesa duten herritarrei.

Horregatik guztiagatik, ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.

.

ERANTZUNAREN BALORAZIOA.

Arrazoia du Udalak. Horrelako testua erabat ez-ohikoa izanen litzateke Euskararen Ordenantza batean. Hala ere, Iruñeko Udalaren praktika txarrak hori aholkatzen du.

Nafarroako Administrazio guztiek lan deialdien oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dituzte. Noizean behin, salbuespenen bat dago eta orduan Administrazioaren webgunera joatea gomendatzen dute, interesatuen buruhausterako. Praktika hori sistematikoki egiten duen erakunde bakarra Iruñeko Udala da. Gainera, aldaketaren aldeko gobernu taldearen ohitura berria da, lehen ez baitzuen horrela egiten.

Euskara puntuatzen dutenean, ahalik eta gutxien agerian uzteko asmoa sumatzen da. Baita puntuatzen ez dutenean ere, euskaltzaleak kontura ez daitezen.

Praktika txarra da, euskararen puntuazioa klandestinoa bihurtzea bilatzen duena.

Iruñeko Udalak ez zuen alegazioa onartu. Honetaz orduko oposizioaren iritzia ez dakigu. Dakiguna da alegazioaren ondoren Iruñeko Udalak praktika hori aldatu duela. Orain deialdi guztien oinarriak agertzen dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Ez-ohiko alegazioaren helburua bete da, beraz. Hala dirudi.

Lan deialdien oinarriak argitaratzerik ez zen onartu Udaleko Euskararen Ordenantzan

Lan deialdien oinarriak argitaratzerik ez zen onartu Udaleko Euskararen Ordenantzan

Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude