Korrikaren lekukoa: agindua… eta mehatxua

Korrikaren lekukoa: agindua… eta mehatxua –

Gerra garaian gatibu lanak egitera kondenatuta egon zen. Ozta, ozta libratu zen kartzelatik. Nekazaria zen. Gizon xumea eta isila. Ilustratu fama zuen. Liburuak ere irakurri omen zituen! Urkabustaizera lehenengo Korrika iritsi zenean, herriko jendearen artean bera ere itxaroten zegoen euskarari ongietorri egin nahian. urduri, geldiezinik Sentitzen zuen zirrara ezkutatu nahirik. Baina Korrikaren frontea agertu zenean, euskararen lekukoa ikusi eta kantuak eta oihuak —  Korrika! Korrika! —  entzuterakoan, gizon xume eta isil hura, gizon zahar hura, ume bat bezala negar zotinka hasi zen. «Hilik geunden, eta piztu egin gara! », zioten negar eta malko haiek.

Zertan dabil jende hori leku batetik bestera korrika? Zergatik hain presaka?  Euskalduntzeko prozesuak ezin duela itxaron, premiazkoa dela, adierazi nahi dute korrikalari horiek. «Orain, une bat galdu gabe ere, E. H. euskalduntzeari ekin behar diogu. Gaur, ez bihar, E.H. euskalduntzen hasi behar dugu », hori guztia adierazten dute E.H. osoa zeharkatzen duten euskal korrikalariek.

Piztu egin gara, hori da E.H. osoan zehar Korrikak zabaltzen duen berriona. Berrion horrek agindu bat ere ekartzen du: Euskal Herria euskaldundu beharra. Dena salgai dagoen mundu honetan, Korrikak ez du saltzen euskara kosmetiko eta folklorikoa; aitzitik, euskaldundu beharraren premia agerian uzten du. Besteek ez bezala,  haien independentzia saltzeko euskaldundu beharra ezkutatzen dutenek ez bezala, euskalduntzeko agindua aurrean eta agerian kokatzen du Korrikak.

Alaia eta jaieratsua da Korrika. Euskaldundu beharra agintzen du, baina aldi berean, agindu hori betetzeko ahalmena erakusten digu. Hori da Korrikak dakarren berritasuna. Badugu ahalmenik Euskal Herria euskalduntzeko!

Korrika euskal eskola berriari loturik dago. Ikastolarik gabe Korrikak ez zuen aurrera egiteko inolako aukerarik. Korrikaren giro alaia eta jaieratsua pentsaezina litzateke ikastolen haurrik gabe. Erlazioa, halere, ez da fisikoa bakarrik. Izan ere, Korrikak iragartzen duen ahalmen berria ikastolen bitartez jasotzen dute euskaldunek. Ahalmen hori, idazkeraren ahalmena da.

Ez da agindu samurra, halere, Korrikarena. Izan ere, agindu horren barruan heriotza mehatxu hau ere ezkutatzen da: E.H. euskaldundu ezean, desagertuko zarete. Hori da, hain zuzen, Korrikaren aginduaren barruan ezkutatzen den heriotza mehatxua.

Baina Inoiz ez da heriotza mehatxurik izan Korrikarena baino alaiagorik. Izan ere,  heriotza mehatxu horren kontrako antidotoa berak dakarkigu Korrikak. Antidoto hori eskola da, hots, idazkera. Korrikaren boterea eskolan dago. Hori da Korrikaren armada. Eta armada horren tresnak kantuak eta liburuak dira.

Korrikaren lekukoa: agindua… eta mehatxua

FILOSOFO OHIA

2 pentsamendu “Korrikaren lekukoa: agindua… eta mehatxua”-ri buruz

  • Ederra! Pozten naiz aipatutako mehatxuaz kontziente izateaz, “E.H. euskaldundu ezean, desagertuko zarete”. Aldarrikapenak ez ezik eguneroko lan eta borrokak askatuko gaituenaren gogorapena

  • Eskola, idazkera, Barka, baina idaztea eta eskola ez da heriotzaren kontrako inongo antidotorik.
    Latina ere azken 1500 urte honetan hizkuntza idatzia izan da. Garai batean eskola guztiak latinez ziren. Eta?
    ORdurako hizkuntza hila zen.