Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrak (1989)

Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrak –

Gaur jakin dut bretoieraren alde antolatzen den Korrika (Ar Redadeg) maiatzaren 5etik 12ra izango dela. Izenburua irakurtzean tronpatu naiz eta une batez pentsatu dut geure Korrikaz ari zela. Egun haietan bizitako zirrara itzuli zait berriz, eta Korrikaren webgunera jo dut. Kontagailu bat daukate, eta 511 egun falta dira XXI. edizioa iristeko.

Egun hori iritsi baino lehena Andoni Seijo lekeitioarraren abentura eta desbenturak konpartitu nahi nituzke hemen; baita argazki galeria bat ere, Korrikaren VI. ediziokoa (1989).


Andoni Seijo lekeitiarraren aburuz, “furgonetero” kontzeptua azken lauzpabost Korriketako kontua da. AEK barruan zeregin hori beti hartu da aintzakotzat, noski, baina hedabideetan garrantzi gehiago eman zaie azken urteetan, eta hortik sortu da deitura berria. “Furgonetero” izendapena jaso aurreko furgenetero honekin mintzatu gara hartaz eta honetaz.

Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrak
Andoni Seijo Korrikako furgonetan. GARA

Seijok hasieratik izan du harreman estua Korrikarekin, baina lehenengoz buru-belarri seigarrengoan aritu zen, 1989an. Lehenago Xabier Alegria aritu izan zen ibilbide arduradun, baina urte hartan ardura orokorra hartu behar izan zuen; Alegriak Seijori proposatu zion utzi behar zuen ardura hori beregain hartzea, eta honek poz handiz eta ohore handiagoaz eman zion baiezkoa; eta onartzen duen bezala, kezka pitin batekin ere. Oscar Lopez, “Txori”, izan zuen bidelagun.

AEK-k erabakitzen du non hasi eta bukatzen den Korrika, baina ibilbide arduradunak tarteko kontu asko zehaztu behar ditu: nondik, ze ordutan, ze egunetan… VI. Korrikatik aurrera makina bat aldiz ibili izan da Seijo Euskal Herriari jira eta buelta; baina Korrikan zehar baino kilometro gehiago egin behar izan ditu Korrika prestatzeko.

“Garai hartan GPS-ak NASAk izango zituen, guk ez”. Txorik eta Seijok kotxe bat hartu eta Euskal Herri osoan aritu ziren ibilbideak zehazten, ondoren eskualdetako jendeari proposamen bat egiten zioten, eta hauek egindako aldaketekin finkatzen zen behin-betiko bidea. Aspaldi daude eskuragarri GPS-ak edonorentzat; “zorionez”, dio Seijok.

“Ordutegiak ez dira aldatu: bi talde joaten dira ibilbidean, hamalau orduko txandak eginez”

Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrakIazkoak hamar egun izan zituen; baina sasoi hartan astebetekoa zen. Pixkanaka luzatzen joan da, eta horrek esan nahi du herri bakoitzeko jendeak egiten duen ahalegina geroz eta handiagoa dela. Normala den bezala, jendeak beti sentitu du Korrika bere; batzuetan oso bere, zeren eta ez bazen, adibidez, kilometro hori erosi zuen elkarte paretik pasatzen, ba lekukoak desbideratze txiki bat egin eta programatuta ez zegoen bidetik abiatzen zen. Bahiketa txiki bat elkarteko ate paretik pasatzeko, zer demonio ba.

Horrelako kontuek, azken finean, denboran eragiten dute. Kilometro bakoitzak sei minutu dauzka, eta nonbaiten denbora galduz gero beste nonbait berreskuratu behar da derrigor. Baina beno, Seijoren ustez “bahiketa motz eta ulergarriak dira”.

“Orain komunak daude furgonetetan. Lehenago jaitsi, parrastada presaka bota eta gero furgoneta korrika harrapatu behar genuen”

Aramaioko zaldunaren lauhazka

VIII. Korrikan ere atzera eta aurrera ibili zen Seijo, eta halako batean, goizeko ordu-biak inguruan, Aramaiora iritsi ziren. Harrera berezia eman nahi zioten herritarrek ekimen euskaltzaleari, ahazten erraza ez den horietako bat, eta lortu zuten, alajaina. Lekukoa zaldun batek hartu behar zuen: harrera originala, kuriosoa, elegantea, eta zergatik ez esan, hunkigarria. Baina harreraren beste parte bat suziriak eta petardoak ziren.

Korrika iritsi zenean zaldunak lekukoa hartu eta aramaioarrak jo eta su hasi ziren bolanderak botatzen, baina, agidanez, ez zioten horren berri eman zaldiari, zeren eta sekulako sustoa hartu, aztoratu eta lauhazka biziari ekin baitzion; zaldun, lekuko eta guzti, bistan dena. Seijo eta beste batzuk ziztu bizian atera ziren zaldunaren atzetik. Salbatzeko? Ez, ez. “Bota lekukoa! Bota lekukoa!” egin zioten oihu zaldunari. Aizue, behin lehentasunak markatzen hasita, gauzak garbi: Korrikak jarrai zezakeen zaldunik gabe, baina lekukorik gabe ez. Zaldunak, bere azken ekintza heroikoan, lekukoa lurrera bota zuen Korrikak jarraitu ahal zezan; heroikoa benetan, eta erorikoa ere ziurrenik historikoa izango zen. Zalduna gaueko iluntasunean desagertu, eta ordutik hona antolakuntzakoek ez dute bere berririk izan. Aramaioko norbaitek zerbait badaki honen inguruan eskertuko genioke iruzkinetan abisatzea, otoi, Seijo oraindik arduratuta dago eta.

Korrika gelditu nahi zuen ertzaina

Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrakXVII. edizioa izango zen, eta furgonetan zihoazen Seijo eta beste batzuk Urola inguruan. Jende mordoa zebilen une haietan ekimenean parte hartzen, eta bidegurutze batean Ertzaintzaren patruila batekin egin zuten topo. Orduan ertzaina, edukazio handiz, Seijorengana zuzendu zen honakoa esanez: “Aizu, barkatu, posible zenukete momentu batean bazterrean gelditzea, mesedez? Sekulako trafikoa sortzen ari zarete”. Furgonetakoak aho bete hortz gelditu ziren poliziari begira, eta azkenean Seijo furgonetatik jaitsi eta ertzainari azaldu behar izan zion zer zen Korrika, eta hori ezin zuela bide bazter batean geldirik eduki trafiko edo ez trafiko. “A, barkatu, barkatu! Txanda aldaketa izan dugu eta inork ez digu ezer esan. Konforme, aurrera ba!”. XVII. edizioa eta agente hark ez zekien zer zen muturraren aurrean zeukan; finean, bi mundu paralelok topo egin zuten bidegurutze bat izan zen.

Guardia Zibilak ez du Korrika zirikatzen (Euskal Herrian)

Korrika ez da inoiz geldirik geratu poliziaren kontrol batean, baina bada tarte oso berezi bat Nafarroaren hegoaldean. Lauzpabost kilometroz Korrika Nafarroatik atera ohi da, Aragoiko lurrak zapaldu eta berriz ere Nafarroara itzultzeko. Ba guardia zibilak beti egoten dira zain Aragoiko tartetxo horretan, eta antolakuntzako norbaitek baimen denak erakutsi behar izaten dizkie. Hau da, txapelokerrek Nafarroako muga errespetatzen dutela Korrika zirikatzeko, eta ez gehiegi; beraz, Korrika hala moduzko lurralde liberatu mugikor bat da.

Baionako mirakulua

Hasierako Korrikaren edizioetan sekulako anabasa izaten zen: jendeak lekukoa inguratzen zuen, lekukoa ukitu, laztandu, jendeak furgoneta bera ere inguratzen zuen… Zoramena, Seijoren hitzetan. Egun batean Korrika Baiona zeharkatzen ari zela, parte hartzaile talde bat batu zitzaien pankarta batekin. Bat-batean, mirakulua gertatu zen: pankartakoak lekukoaren atzean jarri eta kristo guztia pankartaren atzean jarri zen. Ordena. Diziplina.

Lonazko pankarta Baionatik Bilboko helmugaraino iritsi zen, toki guztietatik apurtuta eta hari eginda. Ordutik hona beti erabili da pankarta Korrikan. Mezua erakusteko, bai, egia; baina sakon sakonean, antolatzaileei kirioak dantzan ez jartzeko. Hainbeste merezi dute. Gora pankarta!


April 14, 1989 — April 23, 1989

6.KORRIKA – Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK

Lekukoaren barruko mezu sekretuak Iruñetik Donostiarako bidaia egin zuen 1989ko apirilaren 14tik 23ra Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK lelopean.

Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrak
andoni seijo, furgoneta, furgoneteroak, korrika, Korrikako furgonetero baten abenturak eta argazki zaharrak
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude