Kontseilua: hizkuntza-politikarako 13 proposamen

Kontseilua

Honako idatzia Kontseiluaren web orritik ekarri dugu.

 

Paul Bilbao: “Datorren legegintzaldia normalizazioari epeak jarri izanagatik gogoratu nahi dut”

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hilaren 25ean egingo diren hauteskunde autonomikoen testuinguruan aurkeztu ditu Kontseiluak EAEko hizkuntza-politika garatzeko hamahiru proposamen. Euskalgintzaren bilgune den Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ekitaldian, euskararen normalizazio prozesuak epea behar duela aldarrikatu du Paul Bilbaok, idazkari nagusiak.

Bilbaok, berarekin batera izan ditu Nerea Alias telebista aurkezlea eta Lander Arbelaitz kazetaria. Biak EAEko Euskararen Legearen belaunaldikoak dira. 1982an onartu zen Legea eta urte gutxi geroago jaio ziren Alias eta Arbelaitz. Osasun zerbitzuetan pediatria atalean izan dituen arazoen berri eman du Aliasek eta Arbelaitzek, kazetaria izaki, euskarazko hedabideak izan ditu hizpide eta bereziki telebista publikoaren gabeziez aritu da.

“Azken hiru hamarkadetan EAEn abian jarri diren hizkuntza-politiken eraginez eta herri ekimenari esker egin diren urratsak ukaezinak badira ere, oraindik urrun bizi dugu euskaldunok euskararen normalizazioa, hau da, erosotasunez geure bizitza euskaraz egunero egin ahal izatea”, esan du Bilbaok.

KontseiluaHiru hamarkada joan dira EAEn euskara hizkuntza ofizial izendatu zenetik, eta 1982an jaiotako herritarrak, Euskararen legearen belaunaldikoak, egun, zailtasunak ditu bere bizimodua euskaraz eratzeko. Horregatik, orain artekoak baino pauso sendoagoak eta eraginkorragoak egin behar dira. Izan ere, hori egin ezean, atzera egiteko arriskua ere egon daitekeela esan du Kontseiluko eledunak eta hori hizkuntza-politika aldatuz egin behar dela esan du.

Ezin da hau gehiago luzatu, Bilbaoren arabera normalizazioa prozesua da, eta prozesu guztiek hasiera zein amaiera behar dute. Hurrengo legegintzaldiari begira eskaera zehatza egin die arduradun politikoei: “epeak zehazten has daitezen garaia da. Euskaraz bizi ahal izateko baldintza juridiko, politiko eta ekonomikoetan tempusak zehaztu behar dira, euskararen legearekin batera eta ondoren datozen milaka euskaldunak euskaraz bizi daitezen. Belaunaldi osoa joan da EAEn euskara ofizial izendatu zenetik, eta ezin bizi gaitezke etengabeko arian-arian edota progresibotasun kiribilean”, aldarrikatu du.

Aurkeztutako dokumentuak hamahiru puntu jasotzen ditu. Besteak beste, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen du Kontseiluak. Batetik, hezkuntza sistemak belaunaldi berriak euskaldunduz eta bestetik helduei doako euskalduntzea bermatuz.

Administrazioaren euskalduntzea da beste lehentasunetako bat Kontseiluaren iritziz, izan ere, hau erabakigarria da euskararen normalizaziorako zein herritarren hizkuntza-eskubideen bermerako. Administrazioaren eremu guztietan eman behar da euskalduntzea. Heldu da garaia arduradun politiko eta langile guztiak elebidunak izan daitezen, herritarren hizkuntza-eskubideak babestuak izateko.

Arlo sozioekonomikoan ere indar handiagoz lan egin behar da. Izan ere, gure eguneroko bizitzan duen leku handiagatik, lehentasun izaera ematen dio.

Hauek guztiak noiz bermatuko diren galdetu die Kontseiluko idazkari nagusiak irailaren 25etik aurrera Gasteizko Legebiltzarra osatuko duten kideei.

Bestetik, Bilbaok gogorarazi du abenduaren 17an Europako hainbat gizarte eragileen ekarpenekin osatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztuko dela. Protokoloan, jasoko diren neurriak ere datorren legegintzaldian aintzat hartu beharrekoak izango dela gogorarazi du.

Kontseilua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.