Kalera, kalera, euskararen alde

Kalera, kalera, euskararen alde –

Euskararen egoera aztertuz asko idazten da, eta baliteke gehienak mesederako izatea. Baina, nire ustez, bihotz eta maitasunean oinarritzen dugunean euskarak galdutakoa berreskuratzeko, hanka sartzen ari gara.

Kalera, kalera, euskararen alde
EHE-ren manifestazioa Durangon, iragan abenduaren 6an. Arg: Aritz Maldonado (Anboto)

Egoera honi aurre egiteko, ez da aski herriak bere nazio hizkuntza zaharra mirestea. Nik ez dut uste herria “jo eta su” abiatuko denik jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik, hizkuntza horretaz jabetzera. Nik ez dut uste.

Herria mugiarazteko arrazoiak -herri abertzaleaz ari naiz- ezin izan litezke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak “ikusi” egin behar du euskaldunak zertarako dugun euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik UPNek eta PSOEk erabiltzen dituzten euskaldunen bozak euskarari erasotzeko. Politikari abertzaleen eginkizuna da hori.

Arrazoi hutsak ere ez dira aski. Alderdi zinez abertzaleek hizkuntzak nazio gintzan duen garrantzia aspergabe gogoratu beharko lukete. Hizkuntzaren balio nazio egilea praxian erakutsi.

Pena sentitzen dut euskararen etorkizuna hain azaletik aztertzen denean. Pena, denbora ba doalako eta ez duzuelako  onartzen Estatuaren jabe izateak soilik, bermatuko duela euskararen etorkizuna.

Euskal Herria euskararen herria izanik, ez gara atzo jaiotakoak, eta mota guztietako kolonizazio eta ukazioen gainetik, gaur arte bizirik irauteko lan eta borroka latza egin izan  du Herriak. Azken egun eta hilabeteak  lekuko.

Historikoki inperioak eta estatuek bi estrategia erabili dituzte zapaldu dituzten herriak desagerrarazteko: genozidioa eta asimilazioa.

Lehenengo kasuan herritarrak fisikoki akabatu zituzten eta Herriak desagertu egin ziren. Hori da Herri askoren historia tristea, horra hor Ameriketako edo Australiako indigenekin gertaturikoa.

Bigarrenean, herritarrak bizirik utzi zituzten, baina, nortasuna aldarazita. Estatu zapaltzailearen kultura eta hizkuntza ezarrita. Horrela dihardute Euskal Herriarekin.

Inork ez dezake uka, Herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrozte-prozesuan sartzen dela, eta hizkuntza komunitatea osatzen  duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, pertenentzia ere aldatu egiten zaio, hizkuntzaren bidez beste Herri baten partaide egiten baita.

Horrela sortu da Euskal Herrian dagon euskal herritar askoren identifikazio prozesua. Gaur egun, euskal herritar asko espainol sentitzen dira eta beste asko frantses.

Mendeetako ordezkapen prozesu hori, kontzientea izan da, nahita bultzatua, eta bere emaitzak utzi ditu, eta gainera etorkinen integrazioa zaildu egin du.

Beraz, hizkuntza gai estrategikoa da nazio proiektu guztietan. Horregatik euskara gai estrategikoa da gure nazio proiektuan.

Euskal Herria euskararen herria izaki, gure nazioaren izatearen nortasunaren osagai nagusia da hizkuntza. Ez dago euskararik gabeko Euskal Herririk.

Euskararen auzia laburbilduz, historikoa da. Azaldutako egoera hau estatuek mendeetan zehar burututako indarkeriaren ondorioa da, eta gaur egun, “demokratikoki eta Euskal Herriko lurralde guztietan indarrean  gorde nahi dute.

Ordaintza historikoa egin ordez, errepresio historikoari eman diote jarraipena, bi erdararen nagusitasuna bermatzen duen “neutraltasuna” bideratuz.

Hizkuntza politika ofiziala eta bere ondorioak argiak eta ukaezinak dira. Eskasak dira, horretan ez dago zalantzarik. Horregatik ari gara, ari garen bezala.

Abian jarri izanak,  euskaraz bizitzeko milaka ahaleginak, txaloa baino zerbait gehiago merezi du.  Euskaldunen artean arro eta alai, euskara hutsean bizitzeak aste pare bat, zoragarria da, baita hunkigarria ere, baina festa berak agertzen gaitu, zenbat gabezia ditugun.

Festa alaiak ez ditu aldatzen egoera tamalgarriak.  Egungo egoera juridiko zatikatzaileak, ez bakarrik euskara, baita euskal herritarren  desegituratze funtzionala, lurraldekoa eta pertsonala ere indartu ditu.

Munduan zehar jakina da gure Herri maitagarri honetan sukaldari ospetsu ugari ditugula, baina zoritxarrez, baditugu -eta ezagunak dira- dilista osagai hutsarekin, arrain-zopa egiten dutenak ere.

Horrelakoak behar dute izan denborak eta erritmoak neurtuz, malgutasunez ia mende erdia euskara kudeatzen jardun dutenak, pozik egoteko. Diotenez euskara osasuntsu dago eta etorkizun oparoaren jabe.

Ez naiz iritzi berekoa, are gehiago, uste dut hori diotenak, sobera harrokeriaz ari direla plazaratzen, beraiek sortutako hausnarketak.

Horregatik nire iritziz, independentzia eta sozialismoa beharrezkoak dira euskararen iraupenerako, horien bidez bakarrik saihestu ahal izango baitugu hizkuntzak egun dituen arrisku larrienak, besteak beste: estaturik eza.

Euskararen etorkizuna bermatzeko, nahitaezkoak dira independentziak emango duen Estatuaren babesa.  Nolanahi ere,  euskarari eusteko eta euskara euskal herritarron komunikaziorako hizkuntza nagusi bilakatzeko, ardura euskaldun guztiona da, ekarpen unibertsala izanik, lehenik eta behin, gurea delako.

Ardura horrek, euskal herritarren partaide oro lotzen ditu, euskararen aldeko lanak atzeraezinak baitira.

Hizkuntzak, nazio barrura begira, elkartu egiten ditu herritarrak, eta komunitate bakar batean eratzen lagundu. Nazio barrukoen batzaile da, baina, aldi berean, beste nazioetakoentzat bereizle ere bai. Hortik datorkio hizkuntzari nazio-identitateren zeinu irmoaren izaera. Horregatik jotzen dugu euskara, Euskal Herriko tresna integratzaile nagusitzat.

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak. Aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen duten disidentziari, “separatista edota terrorista” deitzen duten joera oso hedatua dagoela. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainarekin hasi eta beste hainbat errepublika indar zentralisten eragina jasaten ari dira.

Zenbat urte dira ba Sizilia, berezitu zutenik? Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek dimentsio etnikoa dute. Hainbat “probintzia” eta “Autonomia” nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beste inoren kultura ukatu gabe, euskararen bidez baikara guztiok euskaldun.

Lerro buruari so eginez, berandu izan ez dadin, denok indarrean; kalera, kalera, euskararen alde.

Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde Kalera, kalera, euskararen alde

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude