[Jijaua] Kakaren historian barrena (eta III)

[Jijaua] Kakaren historian barrena (eta III) – 

“Kaka” behe-mailako hitza dugu. Gorotzari aplikatuta, erdarazko “caca” ez bezala, ez da haur-hizkerakoa, ezta eufemismoa ere. Beste erabileretan, gogortasun maila aldakorra du. Bestalde, irain eta esapide zantarrak sortzeko aproposa izateaz gainera, funtsezko elementua dugu erregistro kolokialean, artikulu honetan ikusiko dugunez.

Kakazuloan

Euskeraz, gaur egun, ez da kaka tabu gogor bat, kanta herrikoietan lotsarik gabe erabiltzen da ta (kaka zuretzako, kaka niretzako…) baina lehen ba dirudi halaxe izan zela. Azkuek dioenetik kaka hitza bera haurren hizketaren hitz bat da, eta agian lehen edozeini korotz edo gorotz esan zitzaikeon, baina eufemismoz edo biguntasunez, pertsonenari kaka.

Xabier Kintana (Linguistika orain arte, 1971)

Larri banago, hori bai, edozein sendagile onartzen dut… salbu nire gaitza urdailekoa edo hesteetakoa bada. Orduan ez, orduan ezta lehertzeko zorian banago ere ez dut euskaraz ez dakien sendagilerik onartzen. (…) Gertatzen dena da alor horri dagozkion hitzek sekulako kiratsa dutela gazteleraz, eta erregistro egokia aurkitu ezinda ibiltzen naiz beti. Euskaraz, aldiz, nire sena ez bada guztiz usteldu behintzat, inguruan inolako usainik zabaldu gabe esan litezke, lasai asko gainera, honelakoak:

  • Hara, hiru egun badira kakarik egin ez dudala, eta…
  • Azken aldian kaka lehor samar egiten dut, eta…

Joxerra Garzia (Jendaurrean hizlari, 2008)

Kaka esplikatzen

Esan behar dugu, apaltasun osoz, koxka bat baino gehiago ikusten diegula euskararen bi langile nekagaitz horiek goiko aipuotan esandakoei.

Kakaren historian barrena I artikuluan erakutsi genuen idatzizko euskaran kaka, gorotzaren sinonimo gisa, ez dela inoiz izan haur-hizkerako berba, oraintsu arte behintzat. Izan ere, preseski umeentzat ez ziren testuetan erabili izan da: pastoralak, asto-lasterrak, bertsoak…

Kakaren historian barrena II izenekoan, berriz, ikusi genuen kaka oso presente dagoela XX. mendeko ahozko literatura herrikoian (atsotitzak, abestiak, igarkizunak…), baina ez zela horratik edozeinen aurrean erabiltzeko moduko hitza, are gutxiago medikuarenean. Horrexegatik dauzka, hain zuzen ere, hamaika eufemismo; hortaz, ezin da esan era eufemistikoan baliatu denik.

Gauza batean ados gaude Kintanarekin eta Garziarekin: kaka ez da mierda/merda bezain gogorra. Baina ez da inondik inora neutroa. Hala, Euskaltzaindiaren hiztegian beh. marka du, hots, behe-mailako erregistroaren etiketa.

Horiek horrela, egin dezagun pare bat zehaztapen.

Batetik, horrelako hitz bat erabiltzeko orduan, kontuan hartu behar dira lekua, testuingurua, solaskidearekiko harreman mota, tonua eta abar, horiek determinatuko baitute hitzaren gogortasuna. Kontu erlatiboa da, beraz.

Bestetik, esanahi literalaz aparte, kaka hitzak beste erabilera batzuk ditu, eta horietako batzuk gogor samarrak dira.

Biraoak Nafarroan

Biraoak. Nafarroan bilduak obran, P. Salaberrik eta J. J. Zubirik zakartasunaren araberako sailkapen bat proposatzen dute liburuan bildutako hitzetarako, izar batetik lau izarrera bitartekoa, herrietako erabilera errealean oinarrituta. Hala, bildumako hitz bigunenek izar bat dute eta gogorrenek lau. Bada, sailkapen horretan, kaka hitzak, haserrea adierazteko erabiltzen denean, izar bat du Luzaiden eta bi Goizuetan; irain hitz gisa (‘ezdeusa’ esanahiarekin), berriz, Luzaiden hiru izar ditu. Hiru izarreko hitz bat ezin da izan hain biguna, ezta?

Liburu horretan kaka hitzaz eratutako esapideen artean, hauek nabarmendu nahi ditugu (adi herri bakoitzean duten zakartasun-puntuazioari):

  • kakitzat, kaka hiretzat Leitza */**, Etxaleku **, Ituren **
  • kaka egizak Ituren *, Goizueta **
  • kaka alu bat hiretzat Goizueta **, Leitza **
  • kaka zaharra hiretzat Goizueta **
  • kaka arraio Leitza ***
  • kaka hiretako Luzaide ***
  • kaka ostia bat hiretzat Goizueta ***
  • kakala, kakala hire Luzaide ***

Kakaren balio espresiboa

Izan ere, esapideetan dago hitz berezi honen indarra eta aberastasuna, eta horien bidez egiten dio ekarpenik baliotsuena euskarari. Ugariak baitira kaka oinarri hartuta sortutako deribatuak eta behe-mailako esapide eta espresio idiomatikoak, ume bati entzun nahiko ez genizkiokeen modukoak. Hainbat eta hainbat jaso ditugu gure webgunean, eta horien lagin adierazgarri bat eskaintzen dizugu jarraian:

  1. ahotik kakatan bota: Egundokoak, ikaragarriak esan.
  2. ardiari kaka bezala elea heldu: Gelditu gabe hitz egin.
  3. bai, kaka!: ‘Bai, zera’; eskari bati ezezkoa emateko esapidea.
  4. bai karamelu ez kakatza lotu: Erabakitasunik ez izan, ez ur ez ardo izan.
  5. bi kakite beharrean egon: Amaitzeko, behe jotzeko, hiltzeko zorian egon.
  6. eta kaka: ‘Eta ezer ez’.
  7. euli-kaka: Baliorik gabeko gauza edo pertsona.
  8. hara urrea kakaren neskame!: Gauzak behar luteketenaren alderantzizkoak direla adierazteko esaera.
  9. jan kaka!: Norbaiti mespretxua adierazteko modua.
  10. kaka … (-ri)!: Norbait edo zerbait mespretxatzeko esamoldea.
  11. kaka agertu: Jakitekoa ez zen zerbait agerian geratu/jarri.
  12. kaka atera: Jo, astindu.
  13. kaka ateratzeko moduan: Ahalegin handia eginez (lan egin).
  14. kaka baino errazago: Oso erraza.
  15. kaka bat egin: (Norbaiten kontra) gaizki esaka aritu.
  16. kaka bezain merke: Inongo baliorik gabea.
  17. kaka burutik behera egin: Lotsagabetu, errespeturik ez izan edo itsuski jokatu.
  18. kaka dariola egon: 1 Kaka egiteko gogo handia izan. 2 Urduri edo beldurrez egon.
  19. kaka egin: 1 Defekatu. 2 Erratu, zerbait txarto egin; porrot egin. 3 Mespretxatu, erdeinatu. 4 Norbaiti haserrea edo arbuioa adierazteko esamoldea. 5 Behar bezala ez funtzionatu; matxuratu. 6 Bost axola izan.
  20. kaka egina: 1 Mozkortuta. 2 Leher eginda.
  21. kaka egin eta bere adi: Norbaitek bere lan baten berria atseginkeriaz zabaltzen diharduenean erabiltzen den esaldia.
  22. kaka egitea egon: Oraindik denbora nahikoa edo luzetxoa geratu.
  23. kaka eman: Alamena eman, gogaitu.
  24. kaka ere izan ez eta mokordoa dela uste izan: Nork bere burua den baino inportanteagotzat eduki.
  25. kaka esplikatu: Hitz egite aldera hitz egin, ganorarik gabe.
  26. kaka ipurdi batetik egin: Iritzi berekoa izan.
  27. kaka jan: Ergela izan.
  28. kaka mehea egin: Egoera txarrean bizi; erosotasun gutxirekin bizi.
  29. kaka mindu: Baliorik gabeko gauza.
  30. (kaka) mokordo: 1 Gizakien eta abere batzuen gorotz lodi gogorra. 2 Gauza gogaikarria edo baliorik gabekoa. 3 Erdeinagarria, ezdeusa. 4 Txikia; mozkotea.
  31. kaka morralean: 1 Ezer gabe, esku hutsik. 2 Haserrea, harridura edo nahigabea adierazteko espresioa.
  32. kaka nahastu: 1 Nahaspila edo nahasmendua sortu. 2 Zerbait itsusi edo ulergaitz izateraino nahastu, itsustu edo alferrik galdu.
  33. kaka zirindu: Zerbait funtsik gabe esaten aritu, esate aldera edo nahastearren bakarrik.
  34. kaka (bat) zuretzat!: Norbaiti mespretxua adierazteko esamoldea.
  35. kakaberatu: Koldarra.
  36. kakadun pilota: Egoera edo arazo zaila, desatsegina edo arriskutsua, inork bere gain hartu nahi ez duena.
  37. kakaginean: Defekatzen.
  38. kakaginera: Arbuioa edo zirt-zarteko erabakia adierazteko hitza.
  39. kakagizon: Gizon ezdeusa, mespretxagarria.
  40. kakalarri: 1 Sabela husteko premia handia. 2 (Pertsona) egongaitza, zazpikia. 3 (Pertsona) beldurtia.
  41. kaka-loratu: Handiustekoa.
  42. kakamutil: Mutil ezdeusa, mespretxagarria.
  43. kaka-nahaste: Kontu edo arazo nahasi eta itsusia.
  44. kakandre: Emakume ezdeusa, mespretxagarria.
  45. kakapirri: 1 Beherakoa. 2 (Pertsona) urduria, egongaitza; pazientziarik gabekoa. 3 (Pertsona) beldurtia. 4 (Pertsona) erretxina, jenio txarrekoa.
  46. kakaputz: Gizagaixoa, pertsona ezdeusa.
  47. kakarekin aurpegian jo: Errespetu falta handia egin; azpikeria edo zerrikeria handia egin.
  48. kaka-saltsa: Nahaste-borrastea.
  49. kakatara: Haserrea edo gaitzespena adierazteko hitza.
  50. kakatsu: 1 Kakatia, sabela maiz husten duena. 2 Zikina; zitala. 3 Egitekoez, arazoez edo pertsonez mintzatuz, guztiz gogaikarria gertatzen dena. 4 Pazientzia gutxikoa.
  51. kakatu: 1 Defekatu. 2 Mozkortu; drogen eraginpean jarri.
  52. kakaturik: Ziztu bizian.
  53. kakatzat!: Zerbaitek konponbiderik ez duela adierazteko hitza.
  54. kakaume: Hazi gabeko umea, haurra.
  55. kakazotz!: Haserre, nahigabea, harridura adierazten duen hitza.
  56. kakazotz egin: Atzamar luzea goraturik trufako keinua egin; arbuioa adierazi.
  57. kakaztu: 1 Kakaz edo lohitasunez zikindu. 2 Hondatu, lorrindu. 3 (Bazterrak) nahasi.
  58. kakazulo: 1 Kaka-lekua; komuneko kaka egiteko zuloa. 2 Pertsona ergela.
  59. kakerre: Erretxina, ipurterrea.
  60. leher kaka egin: Leher egin, asko nekatu.
  61. nork bere puzkerrari Don Fernando, eta besterenari kaka-mokordo: Nork bereari, nahiz eta eskasa izan, bertute handikoa deritzo; besterenari, ezdeuskeria.
  62. on hutsa, kakutsa: Onegiak direnen kontrako espesioa.
  63. pilotak kaka eduki: Inork ardura edo kargua hartu nahi ez, arazo garbia ez delako.
  64. puzkerra ontzat eduki baina kaka nahi ez: Norbera zerbaiten eragilea izanik haren ondorioak nahi izan ez.
  65. txori-kaka: Baliorik gabeko gauza edo pertsona.

Horietatik zenbat dakizkizu? Ezagutzen al dituzu zerrenda horretan agertzen ez diren espresio gehiago? Anima zaitez eta egin zeure ekarpena!

jijaua.eus
Kaka osti bat hiretzat!

[Jijaua] Kakaren historian barrena (eta III)

Lagunarteko hizkera batu antieuskañolista bultzatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude