Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak

Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak –

Euskal Herriko luze-zabalean asko izan dira euskal kultura eta nortasuna lantzen luzaz ari izan direnak, material zaharra bilatzen, ahozko lekukotasunak biltzen, irakurketa etnografikoak egiten, lanak plazaratzen… Horietako bat dugu Juan Thalamas irundar apaiza eta langile naroa.

Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak

1.- Juan Thalamasen biografia laburra

Juan Thalamas Labandibar Irungo Behobia auzoan sortu zen 1906ko apirilaren 26an. Aita irundarra zuen, eta ama, berriz, hendaiarra. Hori dela eta, bere bizitza osoa Bidasoaren bi aldeetan eman zuen. Ikasketak Irunen, Donostian, Okzitaniako Tolosan eta Parisen egin zituen, Frantziako hiriburuko unibertsitatean filosofia eta teologia ikasketak burutu zituelarik.  Parisen zela apez egin zen.

1931n Baiona-Miarritze inguruko Hegoaldeko langileen kaperaua izendatu zuten. 1932an Gasteizko apaizgaitegian irakasle izan zen eta horretan aritu zen 1936. urtera arte. 1938an Parisen, Anayak izeneko aldizkariaren erredakzioan ari izan zen buru-belarri Juan Gorostiaga eta Alberto Onandia apaizekin batera. 1939an Hegoaldera pasatu zen, baina bertako giro gaiztoa ikusirik, mugalari baten laguntzaz, Iparraldera itzuli zen. 1939 eta 1943 urte bitartean, Akitaniako Tilh herriko apeza izan zen.

1944an Lapurdiko Urruñan bizitzen finkatu zen. Urte haietan, Lapurdin, Gernika izeneko aldizkari euskaltzale eta humanista plazaratzen zuten. Eta hortxe, 1944tik 1953ra, idatzi zuen kolaboratzaile eta bultzatzaile gisa. Bere artikuluak euskal kulturaren edota etnografiaren ingurukoak ziren, gehien bat, eta espainolez zein frantsesez idatzi zituen, olerkiak berriz, beti euskaraz.

1954an Donostiara bizitzera joan zen, arreba baten etxera, eta bertan zegoela, kolaborazio eta ekarpen handiak plazaratu zituen Egan, Idearium, Yakintza, El Bidasoa eta La Voz de España agerkarietan, beti euskal kulturaren eta nortasunaren ildotik abiaturik. Juan de Enparan, Juan deLandibar, Basaburu, J.P., Yoldi eta Pagogaña izan ziren aunitzetan bere lanak izenpetzeko erabili zituen izengoitiak. 1981ean zendu zen Kanboko apez-etxean. Gaur, Irungo Behobia auzoan, bada kale bat bere izena duena.

 

2.- Juan Thalamasen idazlanak

Juan Thalamasek asko idatzi zuen, aldizkari eta egunkarietan, eta tamalez, bere artikuluak barreiatuak dira hainbat agerkaritan. Liburuak ere plazaratu zituen. Honatx:

  • Contribución al estudio etnográfico del País Vasco continental. (Ekarpena Ipar Euskal Herriko ikerketa etnografikorako) Eusko-Folklore, 1931.
  • Laicismo y cristianismo. (Laikotasuna eta kristautasuna) Gasteiz, 1933.
  • Aspectos de la vida profesional vasca: el campesino, el pescador, el obrero. (Euskal lanbideen hainbat ikuspegi: laboraria, arrantzalea, langilea) Donostia, 1935.
  • La mentalidad popular vasca según Resurrección Mª de Azkue. (Euskal herri gogoa, R. Mª Azkueren arabera) Donostia, SGEP, 1975.
  • El sentido genésico del cosmos en la mitología vasca. (Kosmoaren sineste  genesikoa euskal mitologian)
  • El sentido cosmovital en las poesías de Lizardi. (Kosmoaren presentzia Lizardiren olerkietan)
  • Erasmistas y reformadores vascos. (Euskaldun Erasmus zaleak eta erreformatzaileak)
  • El concepto personalista del hombre según Pedro de Axular y Xabier Zubiri (Gizakiaren kontzeptu pertsonalista Pedro Axular eta Xabier Zubirirengan)

Eta aldizkarietan egindako kolaborazioen artean artikulu luzeak ere plazaratu zituen. Horien artean aipatzekoak ditugu:

  • La cuestión social en el País Vasco. (Gizarte ekintza Euskal Herrian)  Idearium, 1934 eta Yakintza, 1935.
  • El colectivismo de los pastores vascos. (Euskal artzainen auzolana) Yakintza, 1935.
  • Isidoro Fagoaga Larrache, una vida señera de artista y de escritor. (Isidoro Fagoaga Larratxe, artista eta idazle) BRSVAP, 1976.

Olerkari emankorra izan zen, eta Yoannes Pagogaña izengoitiaz olerki asko plazaratu zituen euskaraz, Olerti, Egan eta El Bidasoa aldizkarietan, zoritxarrez oraindino bildu gabe daudenak. 1996ean, Gernika herriak, bere sorreraren seiehun urteen karira, antolaturiko olerki lehiaketan lehen saria irabazi zuen Euskaldun ospetsu batzuen erakaspenak izeneko olerkiarekin.

 

3.- Juan Thalamasek bildutako atsotitzak eta erran zaharrak

Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrakArestian aipatu bezala, 1931n, Eusko Folklore-ren bitartez, “Contribución al estudio etnográfico del País Vasco continental” (Ekarpena Ipar Euskal Herriko ikerketa etnografikorako)  izeneko liburua plazaratu zuen, eta bertan euskal kulturaren eta nortasunaren hainbat arlo jorratu zituen: euskal sinesmenak (109 aipamen osora), sorginkeriak, hildakoen agerpenak, ohitura zaharrak (51 osora), hil-erritoak Saran, eztei-erritualak, xaribariak, Baionako usai edo ohitura zaharrak, herri sendagintza (73 adibide), sendabelarrak, herri debozioa Iparraldean eta Biarnon, sineskeriak…, eta beste hainbat gairen artean, Iparraldeko atsotitz eta erran zaharren bilduma eder bat. Merezi duelakoan, lerro hauetara ekarri dut, gaurko grafiara moldatua. Ikus dezagun, bada:

 

Atsotitzak eta herri erranak

1.-  Jainkoa luzakor balizan, ez ahanzkor.

2.-  Urrungo eltzea urrez, hunat orduko lurrez.

3.-  Txerri gosea ezkurrez amets.

4.-  Kanpoan uso, etxean otso.

5.-  Mina zaldiz heldu da, eta oinez badoa.

Txarretik okerrera pasatzen delarik.

6.-  Mandoa sal, astoa eros.

7.-  Labe gainean iduzki.

Honela erraiten da egoera txarretan umore ona erakusten dutenez.

8.-  Mandoak umerik ez, umearen minik ere ez.

9.-  Urrungo eltxaurrak beti beteak, hurbildu eta denak hutsak.

10.-  Kontzientziaz gira maingu.

11.- Mando merke, hiretzat neke.

12.-  Urte bat da ama, bertzea amaizun.

Amaizun = amaorde

13.-  Orga txarrago eta karranka handiago.

14.-  Mahain azpitik xixtu.

Negozio on bat esku artetik joaten zaigunean.

15.-  Loak loa dakarke.

16.-  Txoriak nik haizatu eta bertzeek hil.

17.-  Non da? han gal!

18.-  Lan lasterra, lan alferra.

19.-  Ustea, erdi ustela.

20.- Xoxoak beleari ipurbeltz.

21.-  Xirimiria, euria guri-guria.

22.-  Asteleheneko harria, aste guziko euria.

23.-  Zer ikusi, hori ikasi.

24.- Zertako? Hartarako! Zuri mintzarazteko!

25.-  Mandoa, nor duk aita? Borduko behorrik ederrena ama!

26.- Ximinoak gora iganago eta uzkia ageriago.

27.- Hartzen duena zorduntzen da.

28.-  Ardi baten mina, bi sosen trapua.

29.- Lanik es duenari, jan emok.

30.- Betiko dena, Jainko da.

31.- Denian bonbon, es denian egon.

32.- Apezak azken hitza bere, bai eta horrela behar ere.

33.- Bururik es duenak, zangoak behar.

34.- Errotan egon eta bidean laster.

35.-  Geroa  alferraren leloa.

36.-  Otso gosea ekurugaitz.

37.-  Zapata xuria paperez, euria denean baterez.

38.-  Itsuen artean okerra alkate..

39.-  Ogi baino gazna gehiago.

40.-  Ogiari ausiki, gaznari usain.

41.- Gero da bihar.

42.- Ez izan eta bai uste.

43.- Gerokoak gero.

44.- Orratzak baino, hariak  luzeago behar du.

45.-  Aho zerraturik ez da sartzen eulirik.

46.- Gauza altxatua, urre gorri.

47.- Eskutik ez lotzen.

48.- Zakur zaharra dena kukuso.

49.- Non zagon erbia lo?

Zerbait nolakoa den ulertzen ez delarik.      

50.- Bertzeen buztanez euliak uxa.

51.- Hil  ondoan ez dugu salda beharrik.

52.- Neska zaharra, hago, eroriko zain ezkur edo fago.

53.- Ipurdia lastoz duena suaren beldur.

54.-  Ezku batek garbitu dezake bertzea, biek begitartea.

55.-  Handiek nahikara, txipiek ahalara.

56.-  Gizon jainkotiarrari Biriatu eta Donostia, berdin laketgia.

57.-  Harriari ere aterako lioke izerdia.

58.-  Arbola izan bazine, mahats ondoa izanen zinen.

59.-  Zer xirula mutua!

Honela erraiten zaie gutti hitz egiten dutenei.

60-. Urria edo urdia.

61.-  Gose baino begi gehiago.

62.-  Zalditik astora jautsi.

Lanbide batetik beste apalago batera pasatzen denari erraiten zaio.

63.- Kisuak aberasten du aita, eta semiari gabezian ematen.

64.- Nagia beti lantsu.

65.-  Urak esnea galtzen du, eske-soberak adiskidea.

66.-  Hobe da on guti izan eta kito, eta ez on ainitz eta zorrez ito.

67.-  Bi etxetako zakurra gosea hiltzen da.

68.-  Bakotxak bere errotari ur.

69.- Ez du deusik aditzen, ez arre, ez so.

70.-  Hil ondoan  mandoari ostiko.

71.-  Ahal dena mundu huntan,eta ez nahi dena.

72.- Begia gose!

73.- Urean ura.

Miserian dagoenak erraiten du.

74.-  Begi luze!

75.- Tripa zaharra!

76.-  Bare xuria!

Honela erraiten zaie trebe diren gizenei.

77.- Zauriaren gainean pikoa!

78.- Akalamendiaren kanta.

Gehiegi mintzatzen denean deus konpondu gabe.

79.-  Azken martilu kolpea eskas du harrek ere.

80.-  Ohantze egin deneko xoria hiI.

81.-  Nola apezaren kantatzea, hala bereterraren iardestea.

82.-  Izenak haundi, izanak txipi.

83.-  llunpeko lana, eguerdiz ageri.

84.-  Lasto zu,  laster su.

85.-  Mina nuen lepoan, lot nazaten zangoan.

86.-  Minik haundienak burutik heldu direnak.

87.-  Laster bildua laster uxatua.

88.- Itzalik gabeko arbolarik ez.

89.- Guti edatea eta guti sinestea zuhurraren egitea.

90.- Mendiak mendia ez du behar baina  gizonak gizona bai.

91-. Odolak su gabe diraki.

92-  Asiak egina, dirudi.

93.- Haurrak hazi, nekeak hasi.

94.- Haritz eroriari orok egur.

95.- Lurreko arbolatik egurra aise.

96.- Eroaren sinestea, zuhur ustea..

97.- Bidaide, gogaide.

98.- Gabeak hatsa karats.

99.- Gero dioenak bego dio.

100.- Gezurrak buztana labur.

101.- Gizon beharra gogo huts.

102.- Itsasoak adarrik ez.

103.- Soinuak erakusten du nola dantzatu.

104.- Ez hauts, ez ikatz.

105.- Tximinoarekin hartza.

Balio gutxiko zerbaitez balio handiko zerbait egin nahi denean.

106.- Haundia haundixko, txipia txipixko, tartekorik ez.

107.- Zorri hil piztua!

Itxura handia erakusten duen maila ttikikoari erraiten zaio.

108.- Azeriak larrua galdu baina azturak ez.

109.- Aita bilzaleari seme barreiari.

110.- Haizez izorra zedina, putzer erdi zedin.

111.- Haize hegoa, andrearen gogoa.

112.-  Atzerri, otserri.

 

Herriekin loturiko erran zaharrak

1.- Atanturra andi Baionako.

2.- Baxera egile Arrangoitzeko.

3.- Pantalon handi Angeluko.

4.- Arrain saltzaile Bidarteko.

5.- Oro sorgin Miarritzeko.

6.- Motto zuri Getariko.

7.- Xokolat edale Donibaneko.

8.- Moto zikin Ziburuko.

9.- Oro ohoin Bordagaineko.

10.- Ohore nahi Urruñako.

11.- ldi adar makur Akotzeko.

12.- Mantxeta handi Hendaiako.

13.- Ardi zahar jale Biriatuko.

14.- Oro ezkondu nahi Oletako.

15.- Zoko- moko Azkaineko.

16.- Mintzatzaile ederra Sarako.

17.- Belaun buruhandi Senpereko.

18.- Saltsa jale Ainhoako.

19.- Tipula saltsa jale Zuraideko.

20.- Zizti-zazta Ezpeletako.

21.- Pinpi -panpa Itsasuko

22.- Arno edale Kanboko.

23.- Bele jale Haltsuko.

24- Tripa-xorro Larresoroko.

25.- Hauzilari jende Uztaritzeko.

26.- Kafe edale Milafrangako.

27.- Asto ainitz Mugerreko.

28.- Lapuxa zaharra Baigorriko.

 

Eguraldiarekin loturiko erran zaharrak

1.- Elur urte ezkon  urte.

2.- Elur eroraldi bakotxak balio  du ogi urte.

3.- Martxoko elurrak balio du korrale bete baten ongarri.

4.- Martxoko harriak San Joseren loreak.

5.- Eguzki eta euri  martxoaren eguraldi.

6.- Martxoan zenbatetan, apirilean hainbatetan.

7.- Martxoak buztanez, apirilak bularrez.

8.- Martxoan haizea, eta apirilean busti: urtea ez da izango inolaz zapuzti.

9.- Trumoi danbadak ez du apirila galtzen; hil  hontako mahastia ez da errez  saltzen.

10.- Jondone Laurendi  esku batean euria bertzean ilintia.

11.- San Ximun eta San Juda, negua heldu da.

12.- San Ximun eta San Juda ontziak ankaretan.

13.- Santa Luzia eguna argi  deneko iluna.

14-. Olenzeroz leihoan Pazkokoz suan.

15.-  Sua eguberritan adar haundiekin,  Pazkoetan egizu adar txikiekin.

16.-  Alba gorri hegoa edo euri,  arrats gorriak eguraldi.

17.- Goiz ortzadar, arrats iturri.

18.- Negua heltzean amatxi zahar batek burua lumen artean gorde omen zuen, eta negua joanda zela uste izan zuenean, burua luma artetik atera zuen eta honakoa galdetu: Zein hilabetetan gira? Eta apirilean –-erantzun ziotenean—, honako hau erran omen zuen: Oi apirila, biribila, otoi sar nezazue barnaxago! (84 urteko Adela Diharrasarik kontatua)

19.- Martxo txartxo, apiril biribil.

20.- Martxo lore, urde lore.

21.-  Apiril lore, urrearen pare.

22.-  Maiatz lore, gabe baino hobe.

23.-  Maiatzean ttipi baniz edo haundi baniz, burutu behar niz.

24.-  Bixintxoz hotz, neguaren bihotz. Bixintxoz bero negua gero.

25.-  Gandelairu hotz,  negua poz. Gandelairu bero negua Paskoz.

26.-  San Mark artorik baduk, lurrerat emak.

27.-  San Mark hazia lurrean emak, ez baduk bila ezak.

28.-  Jondone Laurendik badakar zerutik euria,  lurrak emango dio ongi etorria.

29.-  Maiatz hotz, urtea hotz.

30.-  Maiatz eurite arte ogite.

31.-  Otorde dabila maiatza su eske.

32.- Maiatz eurite, ekaina erautsu. Orduan da laboraria urguilutsu.

33.- San Mark alderat ardiak borturat, artoak lurrerat.

35.- Martxo jorra, urguiluz jorra.

36.-  Apiril jorra,  behar jorra.

37.-  Maiatz jorra, alfer jorra.

38.- Maiatzaren arreba da agorreko hila, agorra da neskatxo, maiatza mutila.

39.-  Bero Kandelairuz, Paskoetan dardar.

40.- Abenduan elurra burdinez.

41.-  Urtarrilean elurra altzairuz.

42.- Otsailean elurra zurez.

43.-  Martxoan elurra urez.

44.-  Euri haizea, ura duenean uherlo*.  (*lokaztegia)

Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak   Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak  Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Juan Thalamas eta Iparraldeko erran zaharrak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude