Josu Goñi, Mendigorriko gurasoa: "Herri txiki batzuetako eskola zabalik mantentzeko giltza D eredua da"

Josu Goñi –

Mendigorriko 11 familik herri eskolan D ereduko lerro bat zabaltzea eskatu dute, eta ezezkoa jaso Nafar Gobernutik. Euskaraz ikasi nahi duten haurrek herritik Garesera joaten jarraitu beharko dute, eta hainbat guraso lanean dabiltza hori horrela izan ez dadin. Josu Goñi da haietako bat.

Josu Goñi

D ereduaren inguruko afera ez da berria Mendigorrian.

A eredua egon da herrian, eta D eredua ikasi behar zutenek bazekiten kanpora joan beharrean zeudela. Nire kasuan gurasoek Iruñera bizitzera joatea erabaki zuten beraien seme-alabek euskaraz ikas zezaten, eta ez zen erabaki hori hartu zuen familia bakarra izan. Garai hartako egoera ezberdina zen, batetik lan asko zegoelako Iruñean eta bestetik Mendigorriko bizi baldintzak ez zirelako oraingoak bezain onak. Errepideak asko lagundu du herria, eta horri esker gazte askok ez dute alde egin eta beste batzuk itzuli egin gara.

Zer gertatu da azken urteetan?

2015ean belaunaldi handi bat elkartu zen D eredua herrian jartzeko interesarekin. Ni orduan udalean nengoen eta haiekin bat egin genuen, eta D eredua ikastetxean izateko eskaria mahai gainean jarri zen. Mendigorrikoa zonaldeko ikastetxe erreferentziala da. Bilera bat egin zen Hezkuntza departamenduarekin (ordurako iritsia zen aldaketa Nafarroako Foru Gobernura), ikastetxearekin eta herriko zenbait gurasorekin. Herriko batzuk bilera apurtzera joan ziren, eta ez genuen ezer onik atera. Beraien seme-alabak D ereduan matrikulatu nahi zituzten gurasoek umeak Garesera eramatea edo eramaten segitu behar izan zuten. Garesera doan ume proportzioa %40-45 ingurukoa da, badira belaunaldiak osorik.

Baina abiapuntu bat ezartzea lortu zenuten, behintzat. Herrian eskaria bazela, alegia.

Bai. Baina ez dakit entzun dituzun kontseilariaren (Carlos Gimeno) azken adierazpenak, esan zuen pasa den urtean Mendigorriko bost umek herriko eskolan D ereduan aurrematrikula egiteko aukera izan zutela eta ez zutela egin. Horrek herri txiki bateko errealitatea islatzen du. Herritar batzuk ez dituzte gatazkak izan nahi herriko beste batzuekin, eta erabaki zuten ezer ez esan eta zuzenean umeak Garesera bidaltzea euskaraz ikas zezaten. Aurreko gobernuak laguntza eman zuen bai garraiorako eta bai jantokirako, eta gatazka saihestea erabaki zuten. Gimenok soilik zenbakiak ikusten ditu, eta zenbakiak oso hotzak dira. Esan dizudan bezala, 2015ean izan genuen bilera hori oso itsusia izan zen, herritar batzuk euskararen aurkako jarrera oso negatiboarekin bertaratu ziren eta sekulakoak entzun behar izan genituen: ea patioan kontzertinak jarri behar genituen, ea umeak barrakoietan sartuko genituen… eta horiek txikienak.

Josu GoñiAzken urtean, ordea, zenbait familik zuen seme-alabak herrian ikasi dezatela exijitu duzue.

Herriak beste pausu bat eman zuen: haurreskola irekitzea, D ereduko aukerarekin. Lehen urtean, 2017an, ez zen gelarik atera. 2018an gela bat atera zen, bat euskaraz eta bestea gazteleraz. Eta egun, 2019-20 ikasturtean, 17 umetatik 15 D ereduan matrikulatu ziren, eta gaztelaniako gelarik atera ez zenez, 17ak daude D ereduan. Euskararen eskaintza normalizatzen da horrela, euskara gehiago entzuten da herrian, udalak ere lan egin du, eta ondorioz D ereduaren eskaria igo egin da Mendigorrian.

Egoera ikusita, zenbait famili elkartu ginen iaz, eta 2015ean gertatutakoa oso presente genuenez, bagenekien ez zutela D eredua egun batetik bestera jarriko. Horregatik azaroan Hezkuntza departamenduarekin harremanetan jarri ginen. Argi esan genien: hamaika familia gara, aurten bost matrikulatuko dira eta hurrengo urtean sei. Hamaika familia horiek jada D ereduan murgilduta gaude, haurreskolan, eta gure asmoa herriko ikastetxean D ereduko lerro berri bat irekitzea da.

Ze inpresio jaso zenuten bilera hartan?

Hasieran datu teknikoak bakarrik ikusten dituzte, eta teknikariek adierazi zuten posiblea dela. Datu horiek politikariengana iritsi ziren gero, eta kontraesanak eta itxitako ateak aurkitzen hasi ginen. Hor hasi zen gatazka, aurrematrikularako hamar egun falta zirenean, urtarrilaren amaieran. Gil Sevillanok esan zigun ez zituztela aurrematrikulak hartuko eta gure erreferentziazko ikastetxea Garesekoa izan behar zela.

Ezarri dizueten ratioa ere salatu duzue.

Badirudi legedi horretan badela ratio bat, D ereduko lerro bat zabaldu nahi baduzu aplikatzen dutena. Kasu honetan, 8 umeko gutxienekoa. Guk esan diegu 8 ez, 11 garela, eta landa eremu batean gaudela. Bai, aurten 5 gara, baina hurrengoan 11 izango gara, eta horri buruz ez dute ezer esaten. Eta gainera ratio hori “zonalde ez-vascofono”-koa da, eta gu “zonalde mistoan” gaude. Aurrekariak ere badaude, 5-6 umeekin D ereduko lehen lerroak zabaldu diren tokiak: Abartzutza, Caparroso… Orduan legea ez da arazoa, borondate politikoa baizik. Konponbidea politikoa izango da, ez lege bidezkoa.

Sumatu al duzue irregulartasunik administrazioaren aldetik?

Aurrematrikulaziorako hamar egun bat falta zirenean ikusi genuen gobernuko webgunetik Mendigorrian aurrematrikulazioa D ereduan egiteko aukera kendu zutela. Orain arte urtero-urtero egon da egiteko aukera. Garbi ikusi genuen zein zen beren nahia.

Orain esaten dute gaizki egin genituela aurrematrikulak, ez dauzkatela… eta ez da egia. Badauzkate. Ez telematikoki bidaliak, noski, ez digute utzi eta! Badauzkate aurrematrikulak, paperean, guk emanak. Horretaz gain, badaukate beste dokumentu bat, non Mendigorriko 11 familia gure seme-alabak herrian eta D ereduan matrikulatzera konprometitzen garen.

Josu Goñi

Pentsatzen dut Mendigorria bezalako herri txiki batentzat eragin negatibo esanguratsua izango duela bertako hainbeste ume egunero kanpora joatean ibiltzeak…

Sekulakoa. Bizitza eskolan egiten duzu. Bertan ordu pilo bat pasatzen dituzu, zure lagunak bertan egin (aurrera begira ere zure lagunak izango direnak), klase orduetatik kanpo egiten diren eskola inguruko hamaika ekintza… Gure seme-alabak eskolara beste herri batera eramatea gure bizitza beste herri batera eramatea da. Guk gure herrian bizi nahi dugu.

Gurasoak dauzkagun datuen arabera, azken hiru urteetan 32 haur jaio dira, eta hurrengo hiru urtetan ez bada D eredua ezartzen, ume horien %52a herritik joango da (17 ikasle). Euskara nahiko luketen familiek beste ereduetako matrikulak gaindituko lituzkete. 32 haurretatik 17 kentzen badituzu, ze etorkizun dauka gure eskolak? Herri txiki batzuetako eskola zabalik mantentzeko giltza D eredua da (Mañeru eta Ziraukikoak itxi zituzten). Jada ez da soilik D eredua nahi duzun edo ez, herrian eskola izateko modu bakarra da, eta aurrerapausoak eman behar ditugu denok.

Ze asmo duzue aurrera begira?

Hurrengo pausua Arartekoarengana jotzea da. Jada hitz egin dugu berarekin, eta adierazi du modu zentzugabean jokatu dutela gurekin. Dauden datuekin, gainera! Arartekoarekin biltzeko asmoa daukagu, eta ea zer ateratzen den hortik. Ea gobernua garbi posizionatzen den, pilota bere teilatuan dago. Beraiek ere eman beharko dute pausoren bat, guk asko eman ditugu jada. Adierazi dugu zer nahi dugun, eta ez gara atzera bueltatuko. Egoera konponduko dela pentsatu nahi dugu.

Josu Goñi
Josu Goñi
Josu Goñi  Josu Goñi

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.