Jose Luisekin hizketan (Osasun sailburuaz)

Jose Luisekin hizketan –

Lehengo baten Antiguan dagoen plaza horretara joaki, Jose Luisen gorputz erdiarekin hitz aspertuan aritu nintzaizuen. Gure kontuen berri baduela ikusi nuen, eta erraz moldatu ginen. Hona kronika laburtua.

Jose Luisekin hizketan

-Zer pasatu duk Osakidetzako iruzurrarekin? -Mediku espezialisten oposizioetan iruzurra azaleratu zuten, eta oposizio politikoak eta sindikatuek sailburua dimititzera behartu-.

-Eta nork ordezkatuko dik, bada? -Euskaraz ez dakien emakume batek. Hanka bat gurean du: bi urtez Jaurlaritzan postu inportante baten eta Basurtuko ospitalean hamar urtez mediku; eta beste bat Espainian, Espainiako Kardiologia Elkarteko Kardiologia klinikoko atalburua da, eta Emakumeak kardiologian deritzan Espainiako lantaldeko koordinatzailea-.

-Beraz, emakume kontzientzia izango dik -hala zirudik-, baina euskararena ez, euskara besterentzat; eta ez dik inork salatu euskara jakin gabe kontseilari hautatu izana?, eta gainera profil norteño horrekin, hanka bat Bilbon eta bestea Madrilen? Arraina burutik hasten duk, ba, kirasten!

-Euskaldun kontzientziatu banaka batzuk baxoerdiak hartzen ari direla bai, baina politikariek eta itzal publikoa dutenek ez. Jose Luis, kontuizu, gero eta barneratuago dagoela gurean erdara ere hemengoa dela, eta nola erdarak balio komunikatibo eta praktiko askoz handiagoa duen…, eta nola EAJk eta PSEk bat eginda gobernatzen duten-.

-Erdara gurea? Monteano historialariak-eta ederki erakutsi zigutek, ba, Iruiñea eta Nafarroa euskalduna nola espainoldu zuten konkistatzaile gaztelauek; eta beste euskal lurralde guztietako hainbat lekukok ere kontatu zigutek, ba, nola erabili izan den eraztuna eta makilatxoak eta antzeko zigorrak euskara umeen ahotik baztertu eta arlote konplexu alimalekoa kaskezurrean sartzeko -bertako elitearen konplizitate handiarekin-, eta erdara geure egiteko behartzeko, eta J.M. Torrealdaik bi liburutan ere azaldu ziguk, ba, xehetasunez, zer-nolako trikimailu erabili dituzten espainolek euskara debekatzeko eta euskaldunak lotsarazteko, batzuek sotilagoak eta beste batzuk ankerragoak…, eta, halere, euskaldunok jasan dugun gutxiespen eta bortxa hori guztia gorabehera, hori gehiago salatu eta justizia eta erreparazioa galdegin gabe, erdara ere geurea delako horrekin jarraitzen duzue?

-Bai, Jose Luis, zuk ez zenigun alferrik azaldu, xehetasun askorekin, Errioxan, Biarnon, Bureban edo Hueska inguruan nola mintzatu izan zen euskara, eta hura galdurik espainol bilakatu diren errotik, baina gero eta gutxiago kezkatzen gaitu horrek, eta gero eta inpotentzia gehiago sentitzen dugu geurea euskara bakarrik sentitzen dugunok, eta Euskal Herrian hizkuntza derrigorrezko bakar bihurtu nahi dugunok, gure auzoek beren hizkuntzarekin egiten duten bezala beren esparruan eta beren esparrutik kanpo. Ezin indarrak batu eta egituratu!-.

-Ez al ditek politikariek Euskararen Legea aldatu behar EAEn eta Nafarroan? -Nafarroan berriki ahalegindu dira baina porrot egin dute, eta EAEn ahalegindu ere ez, hogeita hamazazpi urte dituen lege xaharra aldatzen hasita okerrago gelditzeko beldurrez edo…; errazago zaie hamaika egunez paparrean belarriprest edo ahobizi txapak jarrita ibili, azpitik iradokiz euskara gehiago erabiltzen ez badugu geure kulpaz dela, Etxeparek eta Axularrek-eta behiala salatzen zuten bezala, haiek euskara idatziari zegokionez, gehiago ez erabiltzearen errua euskaldunona zela-.

-Zer duk delako txapa kontu hori? –Kilometroak, eta Korrika eta gisakoei egun jakin mugatuko Euskaraldia gehitu zaie orain. Euskal Herriko toki askotan euskaraz nork dakien jakitea arras zaila gertatzen denez, eta erdaraz eginda kasik beti eta euskaraz eginda, aldiz, gutxitan asmatzen denez, euskara ulertzen dutenak eta hitz egiten dugunok identifikatzeko bereizgarria, euskara gehiago erabil dezagun-.

-Ez didak pozbide handirik ematen. Autodeterminazio eskubidea gauzatzetik hurbilago al gabiltzak?, Katalunian aurreratuago agian? -Autonomi Estatutu xaharrean jasota egon bai baina benetan boterea duenak nahierara eskualdatzen dituen eskumenen negoziazioan trabaturik jarraitzen dugu, bereziki espetxe eskumenean, preso politikoek jarraitzen baitute Espainiako gobernuaren menpean eta mendekupean. Katalunian, ez dute oraindik amore eman, baina Europatik laguntza gutxi dutenez eta Espainiako botereen ezpatapean direnez, duintasunez bezain ziurgabetasun gaitzean-.

-Beno, hik esandako gauzak entzunda, hemen jarraituko diat, jaiotetxea egon zen plaza honetan, baina paratu nauzuen bezala, gorputz erdiz; beste erdia nahiago diat beste leku atseginago batean izan, harik eta pozbide handiagoak emateko gai zareteino behinik behin.

Kezkaz eta arranguraz utzi nau. Gainean dugu hauteskunde zikloa. Edozein herritako alkate izateko gaztelania jakitea behar-beharrezkoa da; aldiz, euskaraz jakin gabe hautagai izan zaitezke eta alkate. Erdara ere gurea bada, hil dezagun euskara, amaizuna hamaika aldiz beharrezkoagoa dugun heinean, Euskaraldi, Korrika eta gainerako ekintza boluntaristak gorabehera, behiala Txillardegik AEBetako erreserbetako indigenen hizkuntzengatik zioen bezala:

Ez baitago eskubiderik (…) herri oso bat zoritxarreko eta itsu atxikitzea, hizkera <<bitxi>> bat gordetzeko. Hizkuntzari bai, kulturarekiko eta egiazko biziarekiko baradera eta traba ez den heinean. Gizateria ez da zoo bat. Eta indioak ez dira kiwi harrigarriak. Ez. Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko. Ala kanpora (“Hopitarrei bisita” Argia).

Jose Luisekin hizketan
Jose Luisekin hizketan
Jose Luisekin hizketan

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)