Jijaua: lagunarteko hizkera batua

Jijaua: lagunarteko hizkera batua –

Duela egun batzuk, Desigualeko Hitzak mugimenduak Jijaua webgunea ekarri du .eus domeinura. Horrekin batera, webeko bloga estreinatu du, proiektuaren nondik norakoak azaltzen dituen sarrera batekin. Oraingoan, zuzeu.eus-era aldatzen dugu argitalpen hori, euskaltzaleok ekimenaren berri izan dezazuen.

Jijaua: lagunarteko hizkera batua

Hizkera kolokial batu autonomo bat sustatzea, euskaldun guztientzat balioko duena: horra Jijaua proiektuaren xedea. Horrenbestez, nazio-mailako ekimena da eta, ondorioz, antieuskañolista. Izan ere, ahalik eta gehien arindu nahi dugu espainolak euskarazko jardun informalean duen zama, kaltegarria deritzogulako EH osoko euskaldunen batasunerako, bai eta euskararen biziraupenerako ere.

Ez dago esan beharrik zer egoera penagarrian dagoen hizkera kolokiala gaurko euskaldunon ahotan, izan euskaldun zahar zein berri. Euskararen higadura ahozko erabileratik ari da gogorren gaur egun: lagunarteko erregistroetatik, irainetatik, biraoetatik… Ia-ia esan daiteke praktikan ez dugula horrelakorik gure egungo hizkuntzan. Baina baditugu, eta asko. Zoritxarrez, transmisioak eta zabalkundeak huts egiten dute, erdaren mesedetan.

Bestalde, euskara batuak, hizkuntza idatzi kultua izateko pentsatu zenez, ez ditu jaso ahozko euskararen berezitasun asko, dela lexikoan, ahoskeran edo sintaxian.

Hutsune hori betetzeko asmoz dator, beraz, Jijaua, lagunarteko euskara batua.

Langai ditugun materialak webgunean biltzen ari gara, eta orain zure esku jartzen ditugu, ikus dezazun zein aberatsa den gure hizkera kolokiala, ahoa bete dezazun hitz gordin eta zantarrez, juramentuz, irainez, espresio biziz eta metafora barregarriz. Betiere euskaraz.

.

Jijaua hiztegia

Webgunearen atal nagusian Jijaua hiztegia paratu dugu. Une honetan, 1000 sarrera dauzka, baina handituz doa etengabe, eta datozen bi urteetan kopuru hori bikoizteko asmoa dugu.

Hiztegia arakatzeko, aurkibidera joan eta letraz letra aztertzeko aukera dago. Bestela, ohiko bilaketa-laukia erabil daiteke. Idatz ezazu aurkitu nahi duzun kontzeptu orokorra (hitzen definizioetan agertzen dena: haserre, haurdun, parranda…), lagunarteko forma (alu, jantxakur, kakitzat…) edo haren erdarazko baliokidea (ingelesez, espainolez edo frantsesez), eta, hiztegian baldin badago, emaitzetan agertuko da.

Egin aproba. Joan webgunera eta sar itzazu hitz hauek bilaketa-laukian: zoro, sexu, kaka, ipurdi, mala hostia, fucking.

Erdarazko baliokideei buruzko ohar bat: sarrera batzuetan falta dira, dela oraindik ez ditugulako gehitu, dela ordainik ez dagoelako beste hizkuntzetako behe-erregistroetan, edo dela guk ezagutzen edo aurkitu ez dugulako (ingelesezko eta batez ere frantsesezko ezagutza mugatu samarra dugu). Beraz, bihotzez estimatuko dugu edozein ekarpen eta zuzenketa.

.

Hizkera fonetikoa eta beste

Baina Jijaua ez da hiztegia bakarrik; hizkera osoari deritzogu hola. Eta, kolokialtasunaren funtsezko elementua den aldetik, garrantzi berezia ematen diogu alderdi fonetikoari, hiztegiko adibide askotan ikus daitekeenez. Hala, sistema bat sortu dugu ahoskera hainbat kolokialtasun-mailatan sailkatzeko. Hemen aurkituko dituzu horri buruzko azalpena eta adibide praktiko bat.

Webguneak beste zenbait atal eta bereizgarri ditu, hala nola hitano murriztua, esaerak, zunkak, hirugarrenen materialak… Batzuk zirriborroak besterik ez dira, eta osatuz joango gara gutxika-gutxika. Bien bitartean, animatzen zaitugu gunea bisitatzera eta edukietan murgiltzera.

Jijaua: lagunarteko hizkera batuaAmaitzeko, ekarpenik, eskaerarik, zuzenketarik egin nahi baduzu, edota beste gabe iritzia edo aholku bat eman, jar zaitez kontaktuan gurekin formulario honen bidez.

Twitterren ere bagauzkazu, @desigualekohitz kontuan, non aurkituko dituzun gure azken eguneraketak.

Gure proiektua ahalik eta gehien zabaldu nahi dugu, zabalkundeak ematen baitio bizitza hizkuntzari.

Beraz, parte hartu!

 

jijaua.eus
Kaka osti bat hiretzat!

Jijaua: lagunarteko hizkera batua

Lagunarteko hizkera batu antieuskañolista bultzatzen

12 pentsamendu “Jijaua: lagunarteko hizkera batua”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2021-01-05 10:35

    Aupa zuek!

  • Idea bicaina, cinez erraiteauçuet.

  • Arrakastarik eduki al dezake “goitik” sustatutako horrelako iniziatiba batek?
    Hizkuntzan jardunez agertuko dira ezinbestean jargoiak, hizkerak…
    Kutsu “ofizialista” hartzen diot iniziatibari, Euskaraldiari bezala.

  • Nire ustez oso beharrezkoa da lagunarteko hizkera garatzea, ikastolan ez baita irakasten eta telebistan ez da erabiltzen. Lagunarteko hizkera irakasten edo entzuten ez bada, erdara ama-hizkuntza dutenek besterik gabe erdarazko lexikoa edo esapideak itzuli eta erabiliko dituzte.

  • “Goitik” datorkiguna gustatzen ez zaigunez, has dezagun behetik gora…ez dakit…baina has gaitezen, hats.

  • Euskara jai eta gau guztietan behar dugu, bihar amunean ere. Beraz ongi etorri euskaldunon batasunean
    lagunduko badu.

  • Hitz bakarra begiratu dut jijaua hiztegian eta da
    Anpor: lodi eta baldar.
    Beraz, politto eta hizkuntz aberazgarri dator hiztegi hau. Zenbat zelebrekeri ei diren, eta serioak.

  • Beñat Muguruza 2021-01-07 14:05

    “Anpor” Dragoi Bolan ere erabiltzen zuten. Ona!

  • Zorionak ekimenagatik, txalogarria.
    Egunerokoan euskaraz *benetan* aritzean, zalantza asko datozkigu.

    PDF moduan daude Aizu aldizkariak bildutako “esamoldeak” daude sarean.
    Euskaljakintzak interneten jarri zuen eta Jijau-n lotura jarri duzue.

    Ikasleekin esamolde eta atsotitzak lantzeko “Esaera zuhur eta zahar” liburua oso erabilgarria da.

  • Eskerrik asko denoi zuen animo, kritika eta ekarpenengatik.

    Gogoratu parte-hartzea funtsezkoa dela eta esker onez onartzen dugula laguntza guztia.

  • Jaiotzez erdaldunak garenontzat ekimen itzela, eta neuk bezala ume txikiak ditugunentzat are itzelagoa!!

    Berdin da goitik behera, ala eskuinetik ezkerrera, niretzat momentuz oso baliogarria, eskerrik asko!!

  • Ane Aurrekoetxea 2021-01-15 20:51

    Goitik beherako planteamendu arauzale idatzietatik ez da gauzatzen, berez, naturala beharko lukeena, nire iritzian. Daukagunetik abiatu, praktikarako artefaktuak sortu, eragileak trebatu, hortik eredu gero eta naturalagoak sortu eta bidea egin.
    Ezin dugu segi etxea teilatutik egiten. Araua erabilerak egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude