Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak!

Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak! –

Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba... Eusko Jaurlaritzak!Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika ez da bat eta bakarra
Salatu izan dugu lehenago be: agintari bakoitzaren jarreraren arabera, alde handiak daude sailetik sailera, zuzendaritzatik zuzendaritzara, eta are handiagoak herritarron diruz hornituta diharduten agentzien, “enteen”, sozietate publikoen, fundazioen eta abarren kasuan.
Bestela esanda, HPS-k (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) emandako irizpideak gorabehera, sail bakoitzak erabaki ohi du bere hizkuntza politika neurri handi batean, are zuzendaritza bakoitzak ere.

Aldibereko itzulpen zerbitzuak indartzeko eta erakunde euskaltzaleoi zerbitzu horren / horien erabilera errazteko proposamena luzatu zion ELAk HPSri 2018ko urrian. Ahoz lehenengo, bilera batean, eta idatziz aurrerago zigilu eta guzti.

Proposamenari erantzunik ez dugu jaso oraindino, baina igaro otsailaren 28an Genero-berdintasunaz saio bat antolatu genuen Lakuan, eta horretarako aldibereko itzulpen zerbitzua doan erabiltzeko baimena eskatu genion HPSri, eta HPS-k baietz erantzun. Alabaina, HPS baino boteretsuagoak diren beste gobernu-atal batzuk ez zeuden gauzak errazteko prest.

Prestakuntza sindikalerako saioa DEBEKATU lehenik
Gobernantza saileko Lan Harremanetako Zuzendaritzak oztopoak eta bi ipini zituen saioa ez genezan burutu. Lehenengo, debekua ezarri zigun, “prestakuntza sindikal saiorik” Lakuan ezin genuela gauzatu argudiatuz. Antza Lakuatik kanpora bai, baina Lakuan bertan ez, aizue.

Debeku horren aurrean, “prestakuntza saioa” ez, baina “langile batzarra” egiteko baimena eskatu genuen arrapaladan, eta horretarako baimena eman zigun ostera (batzar-ordu oso mugatuen kaltetan).
Alabaina, itzultzaileak gurekin harremanetan jarri ziren hurrengo egunean, harrituta, euren parte hartzea bertan behera geratzen zela ohartarazi zietelako HPStik.

Antolatzaileok ostera, ez genuen beste debeku horren berririk baina HPSra deitu eta erantzun ziguten Lan Harremanetako Zuzendaritzak ezarri ziela aldibereko itzulpen zerbitzua ELAri uzteko debekua.

Jaurlaritzak euskaltzaleoi zangotraba!
Lan Harremanetako Zuzendaritzara luzatu genuen beste debeku honen zergatiaz galdera, baina ez ziguten erantzunik eman. Eta aldibereko itzulpenik gabe egin behar izan genuen batzarra, langile elebakarren kaltetan. Ez daukagu hitzik Jaurlaritzaren jarrera izendatzeko. Edo bai, baina ez du merezi.

Dena dela, Jaurlaritzako sailburu, sailburuorde, eta zuzendari euskaltzaleei sikiera, HPSkoetatik hasita, gure kezka helarazi gura genizueke:

Euskararen erabileran urratsak (aurrera) emateko prest gauden erakundeoi, lagundu barik trabak jartzen bazaizkigu, zelan gura duzue euskararen erabilera normalizatu?

Zertarako egin da Jaurlaritza (eta Lan Harremanetako Zuzendaritza bera) sustatzaile duen Euskaraldia?

Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak! Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak!
erabilera, euskara, Eusko jaurlaritza
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

5 pentsamendu “Jaurlaritzan euskararen erabilerari zangotraba… Eusko Jaurlaritzak!”-ri buruz

  • Baneteuanba 2019-03-04 20:32

    Euskaraldia zetako egin dan?
    Topagunekoak euskara elkartiek bizkortzeko eta erabilereari aupada bat emoteko.
    Jaurlaritzakoak argazkietan urteteko. Hauena ez da euskaraldie ixen, argazkialdie baino.

  • Argazkialdiak argazkialdi, Eusko Jaurlaritzak lehengo lepotik burua, itxuraldian bikain, ekimenean negargarri.

  • Baina zuek zer nahi zenuten?
    Genero-berdintasun saio on bat ala euskarazko saio bat?
    Euskadiko gobernuak genero-berdintasunaren alde dihardu jo eta sua, baita emakumeak baldintzarik kaxkarrenetan azpikontratatzen dituenean ere (soldataren balioa estimu handiagoan izan dezaten). Horregatik debekatuko zuen aldibereko itzulpena; langile guztiek, erdaldunenek ere den-dena uler zezaten ezer galdu gabe.
    Beti gaizki pentsatzen…

  • Anton Torra 2019-03-06 14:09

    Ez Ados, ez Markeliñe, ez Maskarada, ez Tanttaka, ez…
    Euskal Herriko antzerki talderik trebeena Eusko Jaurlaritza da.
    Horiena bai antzezkizuna!

  • Jaurlaritza pbsesionatuta dago ELArekin, eta edozer egiteko gauza dira sindikatuari kalte egiteko. Berdin die genero berdintasuna edo Gernikako arbola aurretik eraman. Zer esanik ez euskara…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude