Izan gaitezen euskaldun

Izan gaitezen euskaldun –

Izan gaitezen euskaldun

Hizkuntzaren ikuspegitik, euskaraz bizitzea da euskaldun batek izan dezakeen helbururik behinena. Ideal horretara hurbiltzeko, ahalegin handia egin behar izaten du bere egunerokoan, eta gehienetan bide erdi gelditzen da. Euskaradun soilak, ordea, euskara ondo dakienak ere, kezka gutxirekin edo batere gabe bizi du gizarte honetako erdal inposizioa, zeina, praktikan, onartu eta legitimatu egiten baitu.

Nire ustez, euskaldunak ezin du erdara, hain ondo dakien erdara hori, bere hizkuntzatzat hartu —euskaradun soilak ez bezala—, hain zuzen ere erdararen hegemoniak gizatalde zapaldu bateko kide bihurtu duelako, horrek berekin dakarkion ezintasun, frustrazio eta sufrimendu guztiarekin. Ez dakite min horren berri, ez erdaldunek, ez euskaradun soilek (eta jakitun baldin badira, edo bost axola zaie, edo exagerazioa deritzote).

Gure hizkuntzari dagozkion politikak euskaradun soilek eta erdaldunek egiten, baldintzatzen eta mugatzen dituzte. Herritar beltz xeheei dagozkien politikak zuri supremazistek eta beltz pribilegiatuek diseinatzea bezalakoa da hori. Politika horien kontrola eskuetan ez dugun artean, dela Frantzia-Espainien barruan, dela estatu independente batean, gure komunitatea salbatzeko ahaleginak hutsalak izango dira.

Beraz, gaur egun bi bidetik datorkigu galbidea: estatu arrotzen inposiziotik eta euskaradun soilek euskararen alde hartutako konpromiso txepeletik. Zeren, esan dezagun berriro, hutsaren hurrengoa baita EAEko instituzioek euskararen alde egiten dutena, haien itxurakeria eta  propaganda guztia gorabehera.

Baten batek alega lezake “euskal” gizarteak ez digula egin nahi izango “kontzesio” gehiagorik euskaldunoi. Ba orduan utz diezagutela geure kabuz antolatzen, erdaldunen eta euskaradun erdaltzaleen eragin kaltegarritik aparte. Independentziarik gabe ere egin genezake, kantonamendu bat edo sortuz non euskara izango litzatekeen hizkuntza hegemonikoa (ikustekorik ez Nafarroako gaurko eremu euskaldunarekin). Horretarako, jakina, estatuek bertan behera utzi beharko lukete legez sustatzen duten genozidio linguistikoa. Ez dute egingo, noski. Horregatik, handira jo behar dugu gure erreibindikazioetan.

Ez diezaiegun begitarte egin ematen zaizkigun papurrei, ez dezagun burua makurtu erasoen aurrean, sala dezagun linguizidioa etxean eta nazioartean, exigi dezagun estatu genozidak epaituak izan daitezela Hagan eta erreparazioa ordain dezatela egindako triskantzagatik, jakinaraz diezaiegun erdaldunei sufritzen eta desagertzen ari garela haiek lasai eta errespetaturik senti daitezen, komunikazioa geuk bermatzen dugula, eta, era berean, geuk hautsi dezakegula. Esan dezagun argi eta garbi euskara ez dela ikasten eta erabiltzen ez duenarena.

Euskaradun soila izatea da, euskaldun oso izaterik ez dagoenean, heriotzaren aurreko fasea.

Izan gaitezen euskaldun

6 pentsamendu “Izan gaitezen euskaldun”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-12-08 18:18

    Orduan, zure definizioeri jarraikiz, Iparraldean euskaldunak oso oso guti daude, asko sofrituko dukete eta heroiak dira, zeren eta kasik ezinezkoa da euskaldun izaitea gizarte erabat frantsestu batean.
    Euskaradunak gehiago daude eta ikastoletatik oraindik ateratzen direnak euskaradunak dira. Barnetik ezagutzen dutan enpresa batean horrelako lau gazte dira eta haien artean erdaraz egiten dute. Ez du iduri den mendren sofritzen dutenik.
    Arrazoi duzu Euskara heriotza aurreko fasean dago Iparraldean.
    EAEri dagokionez, beti Iparraldetik ikusita, ez nuke erranen jaurlaritzako politikariek deus egiten dutenik, bainan erran nezake (erdaraz erraiten den bezala) ipurdia bi kaderen artean jarria dutela, kadera euskaldunaren eta kadera espainolaren artean. Nola haientzat, maluruski normal denez, inportanteena boterean egoitea den, hizkuntza poltikaren egiterakoan alde espainolaren kezkak eta pretentsioak derrigorrez kontuan hartu behar dituzte. Eraldaketa demografikoak ikusita egoera hau ez da berez hobetuko eta egunen batean Euskal Estatu libre bat gertatuko baliz ere pentsatzekoa da hizkuntza politika berdin estandagarria egon litekeela.
    Euskal kantonamenduaren hipotesia aipatzen duzula ez dut ulertzen parentesisen artekoa « ikustekorik ez Nafarroako gaurko eremu euskaldunarekin » Argitzen ahalko bazenit ?
    Bestetik, ene ustez, ez da baitezpada kontrajarri behar “errebeindikazio haundi”a eta euskal kantonamenduarena, balitzateke toki bientzat. Ez ote ?
    Milesker Gilen testu funtsa eta manera dauzkan testu honentzat hobeki ulertu baitut adibidez euskaldun eta euskaradun hitzen arteko diferentzia.

  • Gilen Mejuto 2019-12-08 20:43

    Hala da, Beñat, Iparraldeko euskaldungoa bereziki fragila da, eta zangopean zaituzten Estatua da, ongi dakizue, denik eta genozida kulturalik eraginkorrena. Heroia izan behar da egoera horretan euskarari eusteko, baina inork ez dugu heroi izan nahi, lasai bizi besterik ez.

    Jaurlaritzak zerbait egiten du, bai, edo asko, nork begiratzen duen eta zerekin alderatzen dugun, baina hutsaren hurrengoa da, nire ustez, euskaldunok bizirik irauteko behar duguna erzartzen badugu balantzaren plater batean.

    Nafarroako eremu euskalduna aipatu dut zeren ez nuke nahi inork lotzea euskal kantonamenduaren ideia Nafarroa Garaiko egungo zonifikazio linguistikoarekin, non eremu euskaldunean ere espainola baitezpadakoa eta guztiz hegemonikoa den.

    Arrazoia duzu, erreibindikazio guztiak onargarriak dira, baita txikienak ere, baina ez dezagun muga ezar txikikerietan.

  • JJ Agirre

    Eusko Jaurlaritzak (auto)publizitatea egiten du gehienbat. Oposiziorik gabe, hori bai, eta lortu dute gizarteak uste izatea euskararen normalizazioaren alde ari direla buru-belarri. Ez da horrela, inondik ere. Ez gizarteari begira, ez Jaurlaritza barnera ere, beste irudi bat ematen badute ere. Ondo daki hori bertan lan egin duen edonork. Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian españolez egiten da lan, salbuespen oso jakinak salbu. Sailburu, sailburuorde eta zuzendari gehienek españolez agintzen dute lana, eta halaxe sortzen da, españolez goitik behera, kasurik onenean azken emaitza itzultzen delarik (Jaurlaritzatik kanpo azpikontratatutako itzulyzaileen eskutik gehien-gehiena).
    Erdal dinamika horretatik salbu daude Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, IVAP-HAEE eta Hezkuntza saileko euskara zerbitzua. Beste sail, sailburuordetza eta zuzendaritza guztiek erabat edo nagusiki españolez egiten dute lan. Ikusi besterik ez dago langile asko eta askok nola galdu duten garai batean eskuratutako euskara maila, Jaurlaritzan lanean urteak eman ostean.
    Eusko Jaurlaritzaren ardurapekoak da EiTB ere, adibidez. Pazientzia (eta adore) pixka batekin jarri arreta kate ezberdinen programazioari, eta aztertu euskarazko eta españolezko kateen arteko aldea, edo batzuetan eta besteetan euskarazko produkzioari ematen zaion lekua. Merezi du Euskadi irratiko Portobello, Zidorrean edo kantu-kontari saioetan euskal musikari eskaintzen zaien tarte mixerableari erreparatzea. Negar egitekoa da Portobello edo kantu-kontari saioena bereziki.
    Baina inpunitate osoz dihardu Jaurlaritzak. Inork ez dio arreta deituko, hemen eta han euskaltzale bakan batzuek edo sortzaile ausart (arriskua hartzen baitute) batek edo bestek ez bada. (Beste) eragile abertzaleen zain gaude oraindik eta Euskalgintza antolatuaren berririk ez dugula urteak dira…

  • JJ Agirre

    Ez dut esaten EAJn euskaltzalerik ez dagoenik, euskaltzaleak EAJn gutxiengoa direla baizik.
    Eusko Jaurlaritzaren jardunaz adibide argigarri (eta lotsagarri) bat:
    Aldibereko itzulpen zerbitzua dago Jaurlaritzan. Bikaina gainera, eta tresneria ere oso egokia.
    Sindikatu euskaltzaleoi (bi baino ez gara) oso ondo etorriko litzaiguke doainik erabili ahal izatea, baina garestia da (Jaurlaritzak hala erabakita), eta ezin dugu behar bestetan erabili.
    Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari (HPS) eskatu genion (ELAk) zerbitzua langileon batzarretan doainik erabiltzen uzteko, hori baita euskaraz libre jardun ahal izatea bermatzeko modu bakarra. HPSk baietz erantzun zigun.
    Alabaina, handik egun gutxitara, Jaurlaritzan agintzen dutenek (Erkorekaren Gobernantza Sailak) zeharo ukatu ziguten dohaineko erabilera hori.
    Idatziz eskatu genizkion ukatze horren zergatiak Erkorekaren bigarrenari, Andres Zearretari, eta honen erantzuna izan zen “ez zeukatela zerbitzua dohain uzteko inongo obligaziorik”.
    Euskaldunen alde ekiteko prest gauden erakundeokin elkarlanean jarduteko prestutasunik ez daukate Jaurlaritzan agintzen dutenek.
    Bai Euskaraldian argazkiak ateratzeko eta kontsentsu faltsu bat irudikatzeko, baina ez urrats eraginkorrak egiteko.

  • Gilen Mejuto 2019-12-09 16:23

    Artzeren esaldia baino askoz azertatuagoak iruditzen zaizkit beste bi hauek:

    Hemen
    euskaraz ez dakienak
    berak jakingo du
    zergatik ez dakien.

    Baina hemen
    euskaraz ez dakienak
    ez digu uzten
    euskaraz egiten.

    Baina eta hemen
    euskaraz jakin arren
    euskaraz mintzatzen
    ez denak ere
    ez digu uzten
    euskaraz egiten.

    – Bitoriano Gandiaga

    Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, haren likidazioa programaturik duten bi estatu etsairen makinariak hiztunak isilarazten dituelako baizik.

    – Asisko Urmeneta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude