Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara

Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara –

Rebeka Uberak, EH Bilduko Euskara idazkariak, NAIZen.


Iragan ekainaren 30ean arreta mediatiko handirik piztu ez zuen Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Legea onartu zen Legebiltzarrean aho batez. Lege honek Legebiltzarreko legegintza prozesua arautzea eta arauen kalitatea hobetzea du xede. Bide horretan oso kontuan hartu beharrekoak dira legeek izan ditzaketen ondorioen aurretiazko analisiak bultzatzea, aurretiko kontsultei balioa ematea, prozeduran zehar herritarren parte-hartzea indartzea eta bultzatzea edota legeen ebaluaketa sustatzea, bai aurretiaz, bai ondoren, araudiaren berrikusketa arrakastaz egiteko informazioa izateko. Baina arauen kalitatea bermatzeko, bada oso kontuan hartu beharreko beste elementu bat ere: hizkuntza eskubideen errespetua eta euskararen presentzia.

Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara
Rebeka Ubera. Arg: Jaizki FONTANEDA (FOKU/NAIZ)

Legebiltzarraren 40 urteko ibilbidean gaztelera izan da legegintza alorrean lan eta sorkuntza hizkuntza. Jaurlaritzatik abiatzen den prozeduran, lege aurreproiektu eta bere txosten gehigarriak eta baita gero Legebiltzarrera bidali izan diren lege proiektuak ere, denak gazteleraz sortuak izan dira. Euskara itzulpen hizkuntza soila izan da azken lau hamarkadotan legegintzan, bai Jaurlaritzan eta baita Legebiltzarrean ere. Gazteleraz sortu eta landutakoa euskarara itzultzea izan da araua eta egiteko modua.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren aurreko Legea 2003an onartu zen. Arauak egiteko prozeduran erabili beharreko hizkuntza ez zen behar bezala garatu orduan eta aurreko 20 urteetako inertzia berdinak mantendu ziren praktikan: gazteleraz landu eta euskarazko itzulpen oso kaskarra Legebiltzarrera igortzea, gaztelerazko bertsioak eta euskarazkoak bat ez egitea –jatorrizkoa eta balio zuena gaztelerazkoa izanik–, euskarazko bertsioa maketatu ere egin gabe Legebiltzarrera igortzea, euskarazko legearen bertsioan artikuluen zenbaketa jatorrikoarekin –gaztelerazkoa noski– bat ez etortzea, lege proiektuekin batera igortzen diren txosten gehigarriak gaztelera hutsean bidaltzea, euskarazko txosten gehigarrik hainbat egun edo aste beranduago bidaltzea, eta abar. Hizkuntza bien asimetria eta elkarrekiko menpekotasuna, alegia, gaztelerarekiko menpekotasuna nabarmena izan da. 2022ko ekainaren 30eko osoko bilkuran onartutako Jarduera Fisiko eta Kirol Arloko Lanbideetan Jarduteari buruzko lege proposamenaren izapidea adierazten ari garenaren adibide esanguratsua izan da; aurkeztutako lege proposamena, ponentzian, Legebiltzarreko itzultzaile, teknikari eta langileen ekarpenarekin zuzendu behar izan delarik.

Errealitate horren jabe izanik, eta eremu honetan zegoen gabeziari aurre egiteko helburuarekin, EH Bilduk euskararen normalizazioan aurrera urratsa egiteko aukera ikusi zuen 2013an, Legebiltzarreko lantalde bat osatzeko proposamena eginez. Lantalde horretan ez da azken urteetan aurrera urratsik egin, beste hainbat kasutan bezala, sortu arren, garapenik izan ez duelako.

Legealdi honen hasieran, onartu berri den Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Legearen izapidetzea hastearekin bat, EH Bilduk aukera berri bat ikusi zuen arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioak finkatu eta argitzeko eta, bestetik, prozesu legegileak eta hizkuntza eskubideak uztartuz jauzi kualitatibo bat egiteko. Lege proiektua Legebiltzarrera ekarri zenean, aipatutako bi helburu horiek uztartuz 16 zuzenketa egin genizkion.

Jaurlaritza osatzen duten alderdiekin iritzi trukaketa eta negoziazio prozesu emankor baten ostean, adostasuna erdietsi genuen. Adostutako zuzenketa horiekin, Legebiltzarrean araugintza prozesuak aro berri baten aurrean jartzeko atea parez pare irekita geratu da. Euskara itzulpen hizkuntza izatetik lan eta sorkuntza hizkuntza izatera igaro da. Legeak euskaraz idatzi behar direla jasota geratu da, noranzko bakarreko (gazteleratik euskarara) itzulpenaren dinamikari muga jarriz.

Erabaki horrek eragin zuzena du legegintzaren prozesuan parte hartzen duten hainbat gizon eta emakumerengan, besteak beste, Jaurlaritzako teknikariak eta langileak, Legebiltzarreko zerbitzu juridikoetako langileak, legebiltzarkideak eta, modu orokorrago batean, legeak aplikatuko zaizkien herritarrak ere. Legegintza prozesuetan euskaraz lan egin nahi duten profesional eta legebiltzarkide ugarirentzat beren eguneroko lan hizkuntza euskara izatea ahalbidetzen du onartu berri den legeak. Zehazki, hizkuntza berdintasunean eta idazketa elebidunean sakontzeko artikulu berria sartu da testuan, araugintza prozeduran bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatzeko eta era berean herritarrekiko zein haien elkarte ehunarekiko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko.

Lege honek XXI. mendeko euskal gizarte euskaldunari erantzun behar dio, ezinbestekoa delako gizarte eta egitura instituzional osoan, euskara lan, sorkuntza eta harreman hizkuntza izatea. Orain artean euskarazko sorkuntza oso mugatua izan den esparru honetan bide berriak irekitzen dira. Baina horrek ez du esan nahi lege onarpenaren bultzada hutsak azken 40 urteotako inertziak egun batetik bestera gaindituko dituenik. Lan handia izango da oraindik, gazteleraz jarduteko antolatuta dagoen egituran ohiturak eta ahanzturak aldatzeko. Bide hori urratzeko, erabaki politikoak eta horien gauzapena, langile eta legebiltzarkideen konpromiso pertsonala eta legearen erregelamenduzko garapen egokia beharko dira. Eta denbora, zalantzarik gabe. Baina denbora tarteko epe eta helburuetan zehaztuko da, gaur oraindik nahi baino urrunago ikusten dugun eguna, zeinetan jarduera legegilean euskara hizkuntza nagusia izango den, errealitate izan dadin. Ireki den atea zeharkatu eta bide berriak irekitzea izango da gure konpromisoa, euskara legegintzan ere lan eta sormen hizkuntza izan dadin.

Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara Itzulpen hizkuntzatik sormen eta lan hizkuntzara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude