Ispilu zehatz bat

Ispilu zehatz bat –

Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzitako sarrera jaso dio salabardoak Manex Agirreri Alea agerkarian.

Kataluniako zurrunbiloak ustezko espainiar demokraziaren oinarriak kolokan jarri dituela ez du inork ukatzen. Izaera politikoko auzia dela ukatzea ere jarrera interesatua da. Eta, tartean, hor, beti hor dago, hizkuntzaren auzia ere.

Hor dago, mossoen nagusiak kazetari bat esaldi bakarrarekin igelak miazkatzera bidaltzen duenean, eta hor dago “habla en español, hijo de puta” etiketa zoragarria hainbeste zabaltzen denean.

Ispilu zehatz batNorabide-erakusle izan dugu Katalunia, une honetan gure artean hain errepikatua den hizkuntza-aktibazio kontuetan. Nor, katalan hiztun asko baino aktibatuago. Adibide garbia dira Katalunian katalanez harrera egin, eta katalanari eutsi diotenen aurrean, deseroso sentitzeaz gain, haserretu ere egin diren euskaldun asko eta asko. “Ez zuen ikusten ezer ez niola ulertzen, eta azkenean ni hasi nintzaion euskaraz” bezalako harropuzkeria absurdoak bota zaleak gara gu. Tira, halako pasadizoetan ageriago geratzen da gure izaera subalternoa, katalanen ustezko errespetu falta baino. Ispilu zehatza da.

Bada, urriaren 1erako kanpaina bete-betean, Plataforma per la llengua-k, Katalunian normalizazio-kontuetan dagoen erakunde nagusiak, kolpea jo du mahai gainean. Oraindik belarrietan dantzan dabilzkit “independentzia lortzeak, edo estatu propio bat sortzeak, ez du zertan euskararen salbazioa ekarri” gisakoak, eta aitaren etxeak eta amaren suak. Aragoiz bestaldeko gure ispiluan, estatu baten alde daudela esateko, esaldiari buelta eman, eta “Un estat a favor” kanpaina jarri dute martxan, ohi duten bezala, txukun, baina irmo. Argudiaketa landuarekin: katalana Europan hizkuntza ofizialtzat har dezaten oztopoak jartzen dituen estatu baten aurrean, hala onartzeko bidea zabalduko duen estatu bat nahi dute; hedabide publikoen ehuneko bosta soilik katalanez duen estatu baten ordez, katalanarekiko errespetuz jardungo duten hedabide publiko eta pribatudun estatu berri bat; katalana harrera-hizkuntza gisa marjinatzen duen estatu baten aurrean, eredu linguistiko inklusibodun estatu bat nahi dute. Alde izango duten estatu baten alde daude. Orain, jarri ispiluaren aurrean.

Ispilu zehatz bat Ispilu zehatz bat
ALEA, euskara, hizkuntza, Katalunia, Manex Agirre
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude