Irisarriko plazatik

Irisarriko plazatik –

Irisarriko plazatik iparra markatzen aritu dira hainbat urtez EHZkoak. Aurton lehendabizikoz izan naiz eta gorpuztu dut apur bat EHZ. Eta lau berba egin nahiko nuke horren inguruan, atrebentzia handiegirik ez bada.

450 laguntzaile gazteren izerdiz eraikitzen da jaialdia. Eurek esaten duten moduan, EHZ bidaia bat da, bizitzen duzun aldi oro aldatzen zaituena. Tokiko mozkinetan oinarritzen da (xingarra, taloa, zikiroa, bertako garagarno, sagarno eta arnoak, eta sagar jusa!). Ekologismoa du ardatz: komunak idorrak dira (domekan oraindik garbi eta txukun zeuden!), herria garbitzen da (ez bilatu Hego Euskal Herriko jaiekin alderik) eta abar. Etorkizuneko haziak landatzen dituzte horrela, biba brigada berdea!

Irisarriko plazatikEta euskara erdigunean. Ostatuetan eskatzeko argibideak han eta hemen, euskarazko klaseak behar zituenarentzat eta abar. Baina nabarmenduko nuke oso erdara gutxi entzun nuela karriketan. Euskararen kolore guztiak presente. Hainbat lur mundu bakarrean.

Eta poza, eta atsegina, eta giro pausatua eta giro azkarra. Eta erosotasuna, eta segurtasuna, eta biba brigada morea!

Eta Josu Martinezek azken aldian esan duen bezala: “horrek balio du ohartzeko euskal kulturaren elementu modernoak Ipar Euskal Herritik heldu direla”. Ea EHZk haragitzen duen elementu moderno horiek gurera ere apurka-apurka heltzen diren (izan ere, autonomiari buruzko diskurtso asko eta praktika gutxi daude gurean, eta EHZn praktika asko).

Lokarri kulturalak eta irizpide komunitarioak uztartzen ditu EHZk, geroa gaurtik asmatzeko eta energia sortzaileak askatzeko. Bizitza duinago eta bizitza alaiagorako eguneroko gimnasia da EHZ.

Amaitzeko, Odeik kantatu zuen bezala: mintza daitezela periferiak. Irisarriko plazatik edozein herritako plazara, periferietatik erdiguneetara.

Irisarriko plazatik