Irale formazioarekin hartutako neurriaren aurrean, irakasle baten bizipena

Irale formazioarekin hartutako neurriaren aurrean, irakasle baten bizipena.

Urtarrilaren 12a, asteazkena. Irale formazioko hirugarren eguna. 12:30ak inguruan IRALEko zuzendaritza gelara sartu eta formazioa bertan behera gelditu zela jakinarazi zigun. Lakuako deia jaso omen zuten, eta irakasle falta zela eta,  formazioa egiten ari ginen irakasle guztiak gure erreferentziazko zentroetara itzuli behar genuen. Harridura, nahasmena…hasieran txantxa bat zela pentsatu genuen. Errealitate gordina barneratzen nuen bitartean, harridura eta nahasmena inpotentzia eta haserrean bilakatu ziren. Nola zen posible aurreikusgarria izan zitekeen seigarren olatu honen egoeraren aurrean neurririk ez planifikatzerik? Hori gutxi balitz, Bildarratz jaunak aurreko egunean berrogeialdia 10 egunetik 7ra murriztean ordezkapenak betetzeko inolako arazorik egongo ez zela jakinarazi zuen.  Egoera egonkortzen zegoela esan zuela kontuan hartuta, nola uler liteke hartutako neurria?  Ez al litzateke zentzudunagoa sindikatu eta irakasleekin hartu beharreko erabakiak kontrastatzea aldebakarreko neurri hau hartu beharrean?

Formazio guztiak bertan behera utzi beharrean bajak betetzeko ezinbestekoak liratekeen irakasleei soilik dei egin behar lieketela uste dut. Irale formazioak irakaslegoak euskara indartzeko eta euskalduntzea bultzatzeko ezinbestekoak dira. Beste behin argi geratu da hau ez dela gobernu honen lehentasunetako bat.

Irakaskuntza maite dut eta ikasleak beti izango dira nire lehentasuna, baina inprobisazioak eta planifikazio ezak ez du balio. Lanpostuetara bueltatu behar izan dugu eta bertan izango gara, baina nekez uler daiteke neurria zerrendetan kontratatu gabe dauden milaka irakasle dauden bitartean…eta ez hori bakarrik, gure ordezkoak beste ordezkapen edo beharrik ezean gurekin geldituko baitira gelan. Ratioak jaisteko ez dut inolako borondaterik ikusi orain arte, baina egoera honi irtenbidea emateko neurri zuzena iruditu zaio Eusko Jaurlaritzari geletan bi irakasle egotea 260 irakasleri formazioa ukatzen zaigun bitartean?

Urtarrilaren 31n egoera hobetuz gero eta ordezkapenak “bermatu” ahal badira formaziora itzultzeko aukera legokela esan zuen Eusko Jaurlaritzak. Egoera honen aurrean, Hezkuntza sailari zintzotasunez jokatzeko eskatuko nioke, eta inprobisazioan ibili beharrean ziurgabetasun egoera honi amaiera emateko. Desastre hau bideratzeko garaiz gabiltza. Umorez amaitzeko, bertso honen bidez Eusko Jaurlaritzak gogoeta egingo duelakoan,

Irale ezeztatuz

Covid-a dala (e)ta.

Atsekabe (e)ta tentuz

eskolara buelta.

Batean batera (e)ta

bestean bestera,

esandakoak a(ha)ztu

(e)ta bihar lanera.

Mitxel Elortza

Irakaslea eta gurasoa. Gasteiz

9 pentsamendu “Irale formazioarekin hartutako neurriaren aurrean, irakasle baten bizipena”-ri buruz

  • Irale formakuntza nahi baduzue udaran egin, uztailean Edo abuztuan, denbora duzue, ez kurtso erdian. Ikasleak irakasle gabe uzten dituzue eta ordezkapen bat etorri behar du gelako dinamika hautsiz zuen baja ordezkatzeko.

  • Ez dago eskubiderik, gobernu honek ez du euskara lehenesten. Eta okerrena irakasleen kexen ostean Radio Euskadiko tertulian Naiara Pinedok edota Deian Marta Martinek botatakoak entzun eta irakurtzea izan da. Batak enpresarien esfortzua irakasleen kexekin alderatuz, eta bigarrenak irakasleen kexak berekoiak direla eta haurrak lezio bat ematen ari direla zentzu horretan. Djokovic-ekin ere alderatuz irakasleen kexa eta berekoikeria…
    Batak zein besteak Eusko Jaurlaritzaren inprobisazioa eta noraeza justifikatzea dute helburu, garrantzitsuenaz hitz egin ez dadin: murrizketa eta kaosaz.
    Mila esker irakasleei egiten duzuen lanagatik, zoritxarrez gehiegitan gutxiesten zaituzte eta…

  • Oker zaude Ibai, Irale formazioak mantendu zitezkeen, milaka irakasle lan egiteko itxaroten baitaude zerrendetan, eta ez litzateke zuk diozuna gertatuko, pasaden astelehenetik ordezkoak gure ikasleekin lanean zeuden eta. Gelako dinamika gu berriro bueltatzean hautsi dute, eta ziurgabetasun egoera honekin ikasleek ere ez dakite norekin egongo diren 31tik aurrera, lehenengo hiru egunetako ordezkoekin, gurekin edo beste norbaitekin…
    Hezkuntza sailak azaldu beharko lituzke zeintzuk izan diren formazioak bertan behera uzteko arrazoiak….Nire kasuan 2 irakasle gela batean sartuta egoteak formazioa (hezkuntza kalitatea bermatu eta euskara hobetzeko) ukatzen diguten bitartean ez du inolako zentzurik…

  • Seme alaba txikiak ditugun gurasoak gara ta Irale programa sufritzen dugu. 3-5 urteko haurrak ditugu eta irakasle aldaketa kurtso erdian jasan behar dugu.
    Kurtso hori askotan lanatik eskakeatzeko izaten baita.

  • Hezkuntza kalitatea bermatzeko formazioak ezinbestekoak dira. Irale ikastaro batzuk ikasturte hasieran ere izaten dira, denak ez baitira urtarrilan izaten…
    Zure azken esaldian ez dut diozuna ulertzen…

  • Eskerrik asko zure hitzengatik Aintzane, egia da irakasleon lana askotan ez dela baloratzen,eta horrelako hitzak asko eskertzen dira.
    Besarkada bat

  • Eskakeatzeko norbaitek ikastaroa egin duela pentsatu edo norbait ezagutzen duzulako, ez de zertan irakasle guztien kasua izan behar.
    Hezkuntzan euskararen kalitatea bermatu nahi baduzu Iraleak beharrezkoak dira.
    Eskola berean irakasle asko ez dira iralera joaten aldi berean, eta urtero zure seme-alabei Iralera doan irakasleren bat askotan tokatzea ere… nahiko arraroa.
    Beharbada nahastu egingo zinen urteroko irakasleen ordezkapenen kudeaketa txarrarekin, baina hori Bildarratzi galdetu beharko diozu.
    Irakasleen kontra joan beharrean, borrokatu zuen seme-alabek hezkuntza hobea izateko sakonean egin beharreko aldaketengatik irakasleekin batera, sinisten ez baduzu ere, zuen seme-alabengatik gehien borrokatzen dutenak baitira.

  • Aurrera euskara maila hobetzen saiatzen diren irakasleak!
    Ederrak geundeke zuen ahaleginik barik!
    IRALEko prestakuntza gure seme-alaben mesedetan da, batez ere. Irakasleek zenbat eta euskara maila hobea izan, gure seme-alaben ikasprozesua eta hizkuntzaren jabetzea egokiagoak izango dira.

  • Esan dezadan ezer baino lehenago ikaragarrizko errespetua diodala irakasleen ogibideari eta irakasle askori, eta nik argi eta garbi dudala Jaurlaritzarenak ez duela izenik. BAINA gaiarekin zeharka lotua dagoen galdera hau bota nahi dut: ezagutzen al duzue irakaskuntzan ari zaretenok karrera amaierako praktikak gainditu ez dituen irakaslerik?

    Esan nahi dudana da hezkuntza-sistema diruz, ikastaroz, ordenagailu eramangarriz eta software lizentziaz hornitzen jarraitzen dugula irakasleen maila pedagogikoa, kulturala, linguistikoa eta bokazioa maldan behera doazen bitartean (eta badaezpada, errepikatuko dut: GORA BOKAZIODUN IRAKASLEAK).

    Ea nork daukan miseria ostenduen kutxa hori irekitzeko behar dena. 80ko eta 90ko hamarkadetako irakasleen inplikazioa izango balute gaur egungoek, Jaurlaritza morroi litzateke, eta ez ugazaba…