Interneten lehen hitza euskaraz

Interneten lehen hitza euskaraz –

Bizitza birtualak geroz eta pisu gehiago dauka mundo errealean: ziber-jokuak, ziber-sexua, ziber-krimena eta ziber-iraultza, dena izan daiteke ziber, eta mundu birtualean daramagun dokumentazioa ere garrantzitsua da erabat; gehienbat kontutan hartuta, hartzak ez bezala, gizaki askok urte osoa igaro dezaketela zibernatzen. Orokorrean, euskaldunok sarean ez gara “.eus”.

Pasa den astean Euskara Gara taldeak idatzi bat argitaratu zuen ZuZeun, eta bertan zenbait kontu argigarri plazaratu: “Estimazioek diote Euskal Herritarrek 1.500.000 Google kontu sortu dituztela. Horietatik, euskaldun-oso 700.000 inguru dira. Baina zenbatek dute euskaraz konfiguratua? 40.000 inguru izan daitezke”.

Elkarteak zioen gisan, Gmail Googlerena da; enpresek, kasu onenean, bezeroak eskatzen dietena egiten dute. Euskaldunok ez gara ari gure hizkuntzaren presentzia areagotu dadila eskatzen eremu honetan. Gmailekin gertatzen dena sarean errepikatzen da beste mila esparruetan.

Interneten lehen hitza euskaraz

Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu zuten Kontseiluak, PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax eta Ikastolen Elkarteak, sarean lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko. Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia gehienetan gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.

Arestian aipatutako lan-taldeak sarean egin zituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Interneten lehen hitza euskarazIzan ere, zure nabigatzaileak (menuak edozein hizkuntzatan egon arren), zure hizkuntza hobespenei buruzko informazioa ere ematen du. Hau da, zuk zein hizkuntza nahiago duzun esaten du webgune batera sartzerakoan.

Webguneetako arduradunek ez badute ikusten euskarazko trafikorik, ez dute lanik hartuko webguneak euskaraz jartzen. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko. Hori gerta ez dadin abiatu zuten nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina hau. Horrela, webgune eleanitz batean sartuz gero, euskarazko bertsioa jasoko dugu; edota programa bat deskargatzerako orduan, zuzenean euskarazko bertsioa eskuratu (baldin badago).

Gizarteari luzatzen zaion eskaintza zehatza da: enpresa eta eragileei webguneetako hizkuntza lehenetsia euskaraz jarri dezatela; norbanakoei, internetera konektatzeko gailuak eta nabigatzailea euskaraz konfiguratzea.

Gutako edozeinek egin dezake bere ekarpena kanpaina hau sustengatzeko. Aski da lehenhitza.eus webgunean sartu, eta widgeta zure webgunean jarri edota informazioa behin eskuratuta, zeure eragile edo enpresara eramatea.

Mundu birtualean euskalgintza birtuala ere behar-beharrezkoa baita.

Interneten lehen hitza euskaraz
euskalgintza, euskara, euskara interneten, euskara sarean, Internet, Interneten lehen hitza euskaraz, Lehen hitza, sarea
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

4 pentsamendu “Interneten lehen hitza euskaraz”-ri buruz

  • Eta norbaitek daki zergatik, webgune batzuetan, beti eramaten zaituzten erdarazko orrira, nabigatzailea euskaraz izanda ere? Aldiro aukeratu behar izaten da “euskara”.
    Pentsatzen dut webgunekoek nahita eginen dutela…

    • Has gaitezke horien zerrenda egiten eta kexa-kanpaina bati edo ekiten.

      • euskaragara.net

        Bai, egia da, nahiz eta nabigatzailea euskaraz izan, webgune batzuek zuzenean gaztelaniako bertsiora bidaltzen dute.

        Webguneen jabe edo administratzaileek euren webguneak egokitu behar dituzte erabiltzaile euskaldunak errekonozitzeko. Batzuetan interes falta, beste batzutan ezjakintasuna edo utzikeria.

        “LehenHitzaEuskaraz” proiektua lan ona dabil egiten hori aldatzeko. Eskerrak norbait dabilen horretan!

        Nik neuk Eusko Jaurlaritzako erakunde batean alda zezatela lortu nuen (SPRI). Hango arduradunarekin hitz egin eta informatikariari jakinarazi zion. Egia esan arduradun hori benetan euskaltzale da.

        Edozein modutan, badago horrelako kexak bideratzeko modua: ELEBIDE. Edozein erakunderen inguruan egin daiteke erreklamazioa, baina arrakasta handiena lortzen da EAE barrukoak eta publikoak baldin badira.
        http://www.euskara.euskadi.eus/r59-eleb/eu/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude