Inkestak eta neurketak: espektatibak eta ilusio… optikoak

Inkestak eta neurketak: espektatibak eta ilusio… optikoak –

Iker Salaberria Urkizuk Kontseiluaren blogean idatzitako sarrera dakar salabardoak, euskaltzaleen artean aspaldi honetan kezka eragin duen gaiaren inguruan dihardu-eta.

Inkestek ez digute balio soilik errealitatea hobeto ezagutzeko, errealitatea bera ere moldatzen dute inkestek. Maria Braun soziologo argentinarrak dioen bezala: inkestek ‘izaera performatiboa’ dute: ez dute soilik ikertzen den objektua deskribatzen, berau sortzen eta eraldatzen ere eragiten dute (Braun, 2011:6). Halako inkestek berez dute izaera performatiboa eta batzuetan behar baino gehiago. VI. Inkesta Soziolinguistikoan, izaera performatiboari lotutako adibide garbiak badira. Horrela, inkestak egiten hasi zirenetik lehen aldiz, zoritxarrez esan beharko dugu, ez ditugu eskuragarri Euskal Herriko datuak. Ez, euskararen eremu osokoak omen dira oraingo inkestak dakartzanak. Baten batek pentsa lezake diaspora aintzat hartzeko eginiko moldaketa dela, baina, txostena irakurrita halakorik ez da jasotzen. Egileek jakingo dute beraz, zein helburu performatibo zuten gogoan, Euskal Herria hitza txostenetik desagerrarazi dutenerako.

Txantxa (gordinak eta ez gorriak) alde batera utzita, badira, ikerketa objektua eraldatzea ekarri dezaketen jatorrizko gabezia batzuk. Ondoren egin litezkeen interpretazio okerretarako bide eman dezaketenak. Ilusio optiko gisa izendatu ditugu hiru gabezia hauek. Basamortuko ilusio optikoen antzera, inkestan gauzak nola azaltzen diren aztertuta, gure pertzepzioa eta beraz jokabidea baldintzatu baititzakete.

.

1) Multzo banatuen ilusio optikoa: Inkesta soziolinguistikoak, euskararen gaitasunaz hitz egiten duenean, ondorengo irudia ematen digu:

Irudi hori hizkuntza-multzo edo hiztun-elkarte gisa irudikatuko bagenu beraz, ondorengo irudikapena egin beharko genuke.

Argi dago, ordea, gure gizartea ondotxoz bestelakoa dela. Alegia, multzo horiek edo hiztun-elkarte horiek elkarrekin harremanean daudela. Datuak beraz, ez dira zuzenak bere horretan eta sortzen duten irudikapena okerra da. Irudikapen egokiago batera, multzoen osaera, gutxi-asko, ondorengoa dela aintzat hartu beharko genuke:

Esan dezagun beraz, euskaldun guztiak elebidunak direla ahazten dutela Inkestako gaitasun datuek eta hauen irudikapenak. Akats larria, horrek dakartzan irudikapen posibleei eta ondorioei begira. Bide beretik doa txostenean erdaldunen multzoaren irudiapena:

Ikusi besterik ez dago, gure inguruetan, erdaldunak nola ari diren desagertzen, horrela segituz gero, urte batzuren buruan alerik ez dela geratuko irudika genezake. Hemen ere, errealitatea, ondotxoz bestelakoa da ordea:

Erdararen -hemen gaztelania/frantsesa jartzea zorrotzagoa litzateke- gaitasuna, ongi ezaguna den bezala, ez da ehuneko bakar batean ere murriztu Euskal Herrian. Horrela, eta ez bestela, erraz ulertzen dira erabilera eta ezagutza konparaketak egiten diren hainbat eta hainbat irakurketa ezkor.

2) Goazen bigarren ilusioarekin: kategorizazio desegokien ilusioa optikoa, hain zuzen. Honek ere, gaitasun datuekin du lotura zuzena eta esan dezakegu gainera, aurretik aipatutakoaren jatorria, hein handi batean, hemen egon litekeela –hori inkesta egileek argitu beharko luketeen arren-. Izan ere, gaitasun datuen emaitzak emateko garaian, Inkesta Soziolinguistikoetan erabilitako kategoriak aldatzen joan baitira. VI. Inkesta Soziolingistikoan ondorengo kategoriak erabili dira:

  • Euskalduna
  • Euskaldun hartzailea
  • Erdalduna

Ez da inon ageri ordea, zer kontsiderazio eman beharko geniokeen kategoria bakoitzari. Lehenengoan eta azkenekoan bakarrik zentratuta: zer da euskaldun izatea? Euskaraz ulertzeko (ahoz eta idatziz) eta egiteko (ahoz eta idatziz) gai izatea, pentsa liteke. Eta erdalduna izatea? Berdin, erdaraz ulertu (ahoz eta idatziz) eta egiteko (ahoz eta idatziz) gai izatea. Eta orduan, elebidunak zer gara? Alegia, euskaldun guztiok, erdarazko gaitasun horiek ditugun neurrian, zeren arabera gara euskaldunak edo erdaldunak edo euskaldunak erdaldunak baino gehiago, erdaldunak euskaldunak baino gehiago…

Eztabaida antzuetan sartu baino, esango genuke, hobe dela kategorizazio horiek baztertzea eta hobeak bilatzea. Bide batez esan, dezente argiagoak zirela aurreko Inkestetan erabili izan diren kategoriak, eta bidean zehar, nork jakin zergatik, desagertzen joan direnak:

3) Bukatzeko hel diezaiogun hirugarren eta azken ilusio optikoari: kopuru erlatiboen ilusio  optikoa. Kasu honetan, gaiak ez du azalpen gehiegi behar. Nahiko ageriko gabezia baita, soilik kopuru erlatiboak emateak, azterketa bera dezente kamusten duela. Izan ere, hala eginda, kategoria desberdinen pisu demografikoa ez baitago jakiterik eta argi dago, horrek egoera soziolinguistikoa goitik behera baldintzatu dezakeela.

Ilusio optiko hau ilustratzeko, ekar dezagun hona ere azken adibide bat. Kasu honetan, adinaren araberako EAE [1]ko euskararen gaitasunari lotua:

Hori ikusita, 16-24 urteko adin-taldearen pisu demografikoa ezagutu gabe, badirudi ezagutzaren bidea (ia) egintzat eman dezakegula. Badirudi, euskalduntzearen olatua datorrela eta denbora kontua izango dela belaunaldi berriek gizarte osoa euskalduntzea. Horrela, erraz irensten dira ezagutzaren bidea jada egina dagoela eta orain erabileraren garaia dela dioten [2] mezuak. Baina gauza dezente aldatzen da adin-taldeen pisu demografikoa ezagutuz gero datu absoltutuen bidez. Hona datuak:

EAEko euskara gaitasunaren datu absolutuak adinaren arabera (2016). Iturria: www.eustat.eus eta VI. Inkesta Soziolinguistikoa

Horrela 16-24 adin taldekoak 2,1 milioiko unibertso batean soilik 161 mila direla jakiteak ikuspegia dezente osatzeko eta aldatzeko aukera ematen du. Are gehiago, adin horretatik beherako guztiak aintzat hartuta ere, ez direla 467 milara iristen (biztanleria osoaren %22a) jakinda. Grafikoak ematen duen ikuspegia ere ondotxoz bestelakoa delakoan gaude. Euskararen gaitasuna belaunaldi berrietan gorantz doan arren, jaiotze tasaren murrizketa dela eta, horrek gizarte osoko kopuru absolutuetan eragin nahiko mugatua duela nabarmentzen baita. Horrela, kontuan hartu behar da EAEko 631 mila elebidunek, elebidun izatera heldu ez diren (elebidun hartzaile eta erdaldun elebakar) 1,2 miloi herritarrekin elkarbizitza garatu behar dutela.

Beraz, lehen argazki batean, euskarazko hezkuntzan sakondu eta denbora kontua irudika litekeena, bigarren argazki batean, gutxien gutxienik, helduen euskalduntzerako apustu, bitarteko eta neurri zehatzekin osatu beharko litzatekeela dirudi.

Datuen azterketan zehar bestelakorik aipatu litekeen arren, uste dugu aipatu hiru adibideekin nahiko agerian geratzen dela halako ikerketek, zientziaren eta objektibotasunaren aterki pean, jendearen ikuspegi eta iritziak modulatzeko, ‘ikerketaren objektua performatzeko’ izan dezaketen eragina. Larriagoa dena da ordea, izaera perfomatibo hori propio edo norberak nahieran baliatzeko intentzioz baliatzea. Baina hori ere ikuspegi propioa izan liteke. Esan bezala, espektatiba, ilusio, edota optika diferenteen kontua.

.

[1] EAEko datuak jarri ditugu eta ez Euskal Herrikoak, adin taldeen araberako Euskal Herriko datuak ez genituelako eskura.
[2] “Esan daiteke ezagutza bermatu dela; erabilera bultzatzen segi behar da” (Ana de Castro, 2017-07-14 Berria)
Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak
Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak Inkestak eta neurketak
erabilera, euskara, ezagutza, inkestak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

6 pentsamendu “Inkestak eta neurketak: espektatibak eta ilusio… optikoak”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Ados Ikerren hausnarketarekin.
    “Ezkor” batek edo bestek aipatu izan ditu kontraesan horiek lehenago ere, baina “ezkorkeriaren” anatema egotzi zaie eta kitto.
    25 urte berandu bada ere, beharbada hasiko gara gauzei bere izenetik deitzen. Agian.

  • Bittor Hidalgo 2017-07-30 14:26

    Nik jakin nahi nukeena da, Iker, ea nola juzgatu genitzakeen / juzgatu beharko genituzkeen zure hiru adibide objektibo (eta ezkor) horiek -gauza bera esateko, adibide baikorrak aukeratu zenitzakeenez- zure azken hausnarketako kristalaren kolorearen arabera, diozunean: “uste dugu aipatu hiru adibideekin nahiko agerian geratzen dela halako ikerketek, zientziaren eta objektibotasunaren aterki pean, jendearen ikuspegi eta iritziak modulatzeko, ‘ikerketaren objektua performatzeko’ izan dezaketen eragina. Larriagoa dena da ordea, izaera perfomatibo hori propio edo norberak nahieran baliatzeko intentzioz baliatzea. Baina hori ere ikuspegi propioa izan liteke. Esan bezala, espektatiba, ilusio, edota optika diferenteen kontua.”
    Jakin nahi nuke ea zuk ere zure hiru adibide horiekin objektibo (eta ezkor) horiekin -gauza bera esateko, adibide baikorrak aukeratu zenitzakeenez- jendearen ikuspegi eta iritziren bat modulatu gura izan ote duzun “zientziaren eta objektibotasunaren aterki pean”, ea zure adibide objektibo (eta ezkor) horien “izaera perfomatibo eragile hori” -gauza bera esateko, adibide baikorrak aukeratu zenitzakeenez- propio eta nahieran baliatzeko intentzioz baliatu ote gura duzun, eta hala bada, h.d. batere intentziorik izan baduzu, zein intentzioz egin duzun.
    Erantzun zain, adeitasunez
    Bittor

    • Iker Salaberria Urkizu 2017-07-31 23:59

      Ez da nire asmoa, Bittor, sareko eztabaida gurutzatu batean murgiltzea. Nahi izatekotan, nahiago alboz albo hitz egitea. Hortaz, erantzun bakarrean zenbait argibide.

      Ezer baino lehen, esandakoa adibide baikorrekin azaltzeko modua ikusten baduzu, bota lasai. Artikulua osatzera etorritakoak, ongi etorri!

      Gauzak garbi esanda, niri neuri euskal elebidunon eta erdal elebakarren kategoriak (gehienak eleaniztunak izan litezkeen arren, ikerketa horretarako, kategoria argiagoak ziren aurreko inkestetakoak) desagertzea, erabaki zientifikoa bainoago, erabaki politikoa iruditzen zait. Oker egon nahitekeen arren, ikerketaren objektuaren (hizkuntza gaitasuna) ulermena erabat kamusten duela argi ikusten dut eta ez dut hori adierazteko adibide baikorrik topatzen. Ez dut ulertzen baikortasuna hor non ageri litekeen. Baina erne! Beste edozerri baino gehiago, argipen horrek irakurketa ezkor bati egiten baitio aurre: maizegi entzun ohi den ‘euskaldunok ez dugula erabiltzen’ dioen ‘mantra’ nekagarriari. Baieztapen horri nekez egin baitezaiokegu aurre, artikuluan adierazi nahi izan dudan bezala, euskaldun guztion elebitasuna ahaztuta.

      Kopuru absolutuen kontuari ez diot hainbesteko intentziorik (politikorik) ikusten. Halako azterlanetan ohikoagoa izaten baita. Bai ikusten dut arazoa, ordea, hizkuntza-politikaren fokoa eta pisua gazteetan jarri eta helduen esparrua gutxiesteko joeran. Datu erlatiboek arazo hori behar bezain argi ez dutelako erakusten mahaia gaineratu nahi izan ditut datu absolutuak. Horiek ageriago uzten dute errealitate hori.

      Hor, bada, ahal bezain gardenen, nire intentzioak. Ez dut uste irakurketa ezkor eta baikorren arteko dikotomia kontua denik.

      • Bittor Hidalgo
        Bittor Hidalgo 2017-08-02 10:33

        Eskertzen dizut erantzuteko hartu duzun kezka, baina egia esan ez dut ezer asko ulertu zure mezua, ez dakit gaur goizean lodi ote dabilkidan garuna edo bestela, agian azalduko didazu egunen batean prosaikoago zure ikuspuntua alboz albo… Kafea nire kontu!
        Ondo izan
        Bittor

  • Geure burua eta geure hizkuntza politikatxoak ederrestera baino ez daramaten diskurtso antzuak desaktibatzeko post interesgarria eta argigarria I.S.U.rena.
    Eskerrik asko.

  • Kaixo Meredith; zehazki non aurkitu dezaket ISU ren posta? Mila esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude