Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…

Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…

Asteotan ari zaizkigu zatika ematen 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren (IS) eta Euskararen Kale Erabileraren VII. Neurketaren emaitzak. Uztailaren 20 eta 21ean aurkeztuko dira osoago Donostian Udako Ikastaroetan. 2012ko antzeko garaiak gogoratuz, zenbait ohar egin nahi ditut azterketotako datuak interpretatzen lagundu liezaguketenak.

Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…Bada joera bat datuen irakurketa orokor eta ezkorretarako. Eta egia da Euskal Herri (EH) osoko datuak batera hartuta agertzen zaigun argazki orokorra ez dela oraindik guk nahi genukeen bezain euskalduna, eta ez duela benetan erakusten herritarrok eta euskaltzaleok azken 40 urteotan emaniko aurrerapausoen ahalegin miragarria. Horregatik komeni dira, orokorrak baino, zatikako irakurketak. Eta zehaztasunak edukitzea kontuan, nahi badugu azterketok lagungarri izatea EH euskaldunaren bila eta ez bakarrik negar eragile. Hala, datuak interpretatzeko kontuan eduki behar dugu:

1. EHn euskaldunok 5 errealitate administratibo desberdin ditugula –5 egoera–. EAEn eta Nafarroa Garaiko (NG) ipar ‘eremu euskalduna’ ditugu aldekoenak. NGko eremu misto zabaldu berrian ere baditugu irabaziak (Iruñea, Lizarra, Tafalla, Zangoza…), nahiz administrazioa guztiz aurka jardun orain arte. NG Hegoaldeko ‘eremu ez euskaldunean’ debekatuak egon gara. Iparraldean bezala. Gainera desberdinak dira Iparraldean kostaldea, barne aldea… EAEn ere erdialdea eta Araba hegoa, Bizkai mendebala… Ordea guztietan ari gara aurrerapausoak ematen. Eta hori argazki orokorrean ez da antzematen.

2. ISetan 16 urtez gorako herritarren datuak dira soilik, eta emaitza euskaldunenak gazteenetan ditugu (salbu Iparraldean). Gehiago hurbiltzen gaituzte iraganera, etorkizunera baino. Kontu! Hegoaldeko emaitzak nahiko hobeak dira ISetakoak baino.

3. Populazio piramide etena dugu. 40 urtez goitiko belaunaldiak dira Hegoaldean askogatik ugarienak, eta erdaldunenak. Gazteenak, euskaldunenak, murritzak. Baina etorkizuna hauetan dago. Belaunaldi erdaldun(en)ak iragana dira. Iparraldean zoritxarrez alderantziz da oraindik.

4. ‘Espainiaz kanpoko jatorriko’ 3. uholdeko etorkin berrien eragina hartu behar da kontutan Hegoaldeko datu soziolinguistikoetan, eta erretiratu eta turismoaren inguruko etorkinena Iparraldean. 2016ko Hegoaldeko datu batzuk:

  • EAEn %6,37 herritar dira naziotasun espainol gabeak. NGn %8,56.
  • Espainiaz kanpo jaiotako herritarrak EAEn %8,66. NGn %13,37.
  • Espainiaz kanpo jaioak gehi ‘Espainian’ jaio naziotasun espainol gabeak EAEn %9,32. NGn %14,29.
  • Gehi ‘Espainian’ jaio eta gerora nazionalizatuak, edo jaiotzatik ‘espainol’ direnak Espainiaz kanpo jaioen seme-alaba, ‘bigarren belaunaldiko etorkin’, EAEn %12 inguru (EIN oinarri: ~%11,50; EUSTAT: %11,60; EA(B)I: %12,15 2014 amaieran). NGn ~%17,75.

Ze eragin dute datuok gure errealitate/datu soziolinguistikoan? Hegoaldean frankismo ondoretik bada ‘bertakoago edo’ populazioan nolabaiteko kontsentsua euskaldunon/euskalduntzearen alde (Euskara Legeak…). 3. uholdeko populazio etorkina hortik kanpo da. Eta gainera bereziki gaztea da (Espainiako EINren 2014 arteko datuak oinarri):

  • 35-49 urte arteko populazioan EAEn ~%15. NGn ~%25.
  • 16-24 artean EAEn ~%19. NGn ~%30.
  • 25-34 artean EAEn ~%22. NGn ~%32.

Eta gazteagoetan zer datorkigun:

  • 10-14 urte artean EAEn ~%22 ~%20. NGn. ~%34 ~%30.
  • 5-9: EAEn ~%31 ~%25. NGn ~%45 ~%35.
  • 0-4 urte: EAEn ~%35 ~%25. NGn ~%48 ~%35 (2014ko urte 1 eta 2ko 0 eta 2 urte bitarteko haurrak).
  • 2-18 urte artean EAEn ~%27 ~%23. NGn. ~%40 ~%34.
  • 2015ean 15 urteko gazte –ISEIren PISAko emaitza ‘kaskarretakoen’– artean EAEn: ~%21 ~%19 (inori ez diot ezer entzun baldintzape honen inguru).

Ez dakit 2017ko aurkezpen berriek etorkin berrion errealitateei helduko dieten, baina ezinbestekoa da. Hauek kontuan hartu gabe, askoz emaitza kaskarragoak itxuratuko ditugu. Ez da, ez diogula 3. uholdeko etorkinon errealitateari heldu behar. Da konturatzea etorkinok errealitate berezia direla eta berezirik tratatu behar ditugula. Eta aldi berean konturatzea ‘bertakoagoon edo’ datuak nahikoa/askoz hobeak direla denak nahasian hartuak baino. Bereizketa ezean itsu lauso gara kolektibo baten zein bestearen egoeren aurrean.

5. Azkenik Kale Erabileraz ere esan, batetik, oso aleatorioa dirudiela nor norekin ibili litekeen egun jakin batean gure zeinahi herritako ‘kalean’, gero emaitzak konparagarri izateko. Bestetik, nor ohi dabil gaur egun kalean? Niri bat-batean 3 multzo bururatzen zaizkit: 1. Herritar helduak, erretiratuak, etxekoandreak…, populazio geruza erdaldun(du)enak (are herri euskaldunenetan ere Hegoaldean). 2. Haurrak, egun/orduen arabera –emaitza onenak eman ohi dituztenak–. 3. Aipatu 3. etorkin uholdeko herritarrak, oro har erdaldunak. Hala, ez dakit hain adierazgarriak zaizkigun halako kale neurketen emaitzak. Agian unibertsitateetan egingo bagenitu…, gazteen kirol/parranda giroetan…

2016ko datuei ere aipatu ditugunen antzeko betaurrekoak jantzita begiratzen badiegu, seguru asko ez da horren zaila izango ondorioztatzea, itxurak itxura, benetan irabazten ari garela. Nahiz horrek ez duen esan gura, ez irabazi dugunik, ez irabazita daukagunik. Komunitate gutxitua izaten jarraitzen dugu Euskal Herri osoan, eta ez dugu irtenbide errazik Euskal Herriko erdaldunen komunitateak onartzen duen arte euskara ikasi beharra duela. Eta are orduan. XX. mendean mirari bakarra ezagutu da, Israelen hebreerarekin. Eta ahal izanez gero ere ez dakit prezio hori ordaintzeko prest geundekeen, ez sufrituan, ez sufriarazitakoan. Baina jabetu behar dugu azken 40 urtean EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu euskaldunean lortu duguna, eta besteetan lortzen ari garena, dela munduan miraritik hurbilen ezagutzen den bigarren errealitatea.

Bihar arte.

.

Bittor Hidalgo Eizagirre (Doktore Euskal Filologian)

.

P.S. Artikulua antzera bidali da (2017-07-16) Hego Euskal Herriko egunkari guztietako erredakzioetara, nahiz oraindik bederen ez den argitaratu.

P.P.S. 2017ko abuaztuaren 1a. Lantzen ari naizela akats inkremental bat aurkitu dut Espainiaz kanpoko jatorri zuzeneko nire aurreko kalkuluetan, batez ere belaunaldi gazteenei dagokienean puzten dena, eta beharrezko iruditu zait artikuluan emaniko zenbait datu egokitzea. Aurretik emaniko datu akastunak marratuak mantendu ditut, eta egokiak liratekeenak berriz letra lodian eman ditut orain.

Barkamena eskatu nahi nuke eragin ahal izandako nahasteagatik, nahiz uste dudan artikuluaren funtsak bere horretan eusten diola datu berrituekin ere.

Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak… Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…
Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak… Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…

16 pentsamendu “Inkesta soziolinguistikoak, etorkin uholdeak…”-ri buruz

  • Etorkizun oso beltza euskararena. Eta etorkin uholdeak inolako zalantzarik gabe, erdaldunagoa egiten du EH. Inolako zalantzarik gabe.

    Norbaitek kontrako daturen bat badu, azal dezala.

  • Esan bezala hebreera da eredu hizkuntzen biziberritzeari dagokionez. Euskaldunok, juduek (sionistek nahi bada) bezala, hizkuntza kategoria altuago batean jarri behar dugu, negozia ezin daitekeen baldintza gisa eta berarekin koherentzia eta irmotasun erakustaldia eskaini. Beste biderik ez dago, gatazka sortuko da ezinbestean, baina herri gisa gure biziraupena segurtatu nahi badugu ez dugu beste aukerarik.

    Ni inmigrazioaren aurkakoa naiz gauzak dauden bezala, baina egia da etorkinek (eta hemen bizi baina bi hitz besterik ez ikasteko lotsarik ez dutenek) gure jarrera erabat zurruna dela ikusten badute ikasi beste aukerarik ez dutela izango, bestela gutaz paso egiten jarraituko dute, hamarkada batzuetan gu baino gehiago izateraino (jadanik badira EHko leku askotan).

    PD: gaur Bizkaiko batzoki batean egon naiz bazkaltzen. Paretako apal batean Artzeren esaldi famatua “Hizkuntza bat ez da galtzen…”, barra atzean zerbitzari bat erdalduna, eta menua eta idatzi guztiak erdaraz. Zer pentsatua ematen du, lan asko dago egiteko.

  • Hemen gertatzen ari dena da belaunaldi gazteek, gero eta gehiago, EZ dutela ikusten euskara erlazio hizkuntza gisa. Etxean eta hurbilekoekin egingo dute, bai (egiten badute), baina gero eskolarakoan (ikastolak barne) eta kale jolasetan gizarteak erakusten die erdara dela erlazio hizkuntza. Zirkulua zenbat eta gehiago zabaldu, arte eta garbiagoa errealitate hori.
    Hirietan aspaldi hasi den prozesu hau herri txikietara zabaltzen hasia dago.

    Helduok, zirkuluak irekitzean, esfortzu “militante” bat egiten dugu euskaraz aritzen jarraitzeko. Umeek amore emanda hazten hasi dira.

    Sentitzen dut, baina nik ez dut esperantza handirik. Irlandako errealitatera hurbiltzen ari garela uste dut.

  • Etorkinen auzia ez dakit zergatik aipatzen den hainbeste:
    1) hamarkadak dira etorkinak biztanleen ehuneko oso handia direla.
    2) familian euskaraz egiteaz paso egiten dutenen erdia baino gehiago euskal abizen garbikoak dira.

    • 1) Etorkinen auzia aipatu beharrekoa da, urte hauetan eta datozen hamarkadetan europaranzko inmigrazioak historian inoiz ikusi gabeko tamaina hartuko duela aurreikusten baita. Barbaroen inbasioek (inbasioak bainoago migrazio mugimenduak izan ziren hauek ere) erromatar inperioan izan zuten eraginaren parekoa izango dutelarik, europear natiboon natalitate baxuak lagunduta. Fenomeno honen eraginak europako hiri handietan ikus ditzakegu dagoeneko, baina luze baino lehen uholdea hona ere iritsiko da, eta 700000 hiztuneko komunitate ahul eta zatikatu batek desagertua izateko aukera handia du honelako fenomeno baten aurrean.

      2) Horixe da aldatu beharko duguna. Luze baino lehen gure lurrean bizi diren denak borondatez euskalduntzea lortu ezinezko utopia bat dela onartu beharko du euskalgintzak. Beraz orain gauden euskaldunok gurean gotortu eta euskara beste edozerren gainetik jartzen hasi beharko gara, gainerako euskaldunei (eta are gehiago ustezko abertzaleei) berdina exigituz. Ez gara hegemonikoak izango, baina antolatuta eta jarrera irmoa mantenduta gehiago lortuko dugu txantxangorriekin baino. Hauxe da benetan garrantzitsua, kontzientzia etniko/nazionala indartzea eta koherente jokatzea

  • 1) Ba nik uste dut, orain datorren immigrazioak nekez gaindituko duela XX. mendean jasan genuen immigrazioaren tamaina.

    • Ba nire iritzia guztiz kontrakoa da.
      Lehen espainiatik etorririko jendea askoz ere errezagoa zen asimilatzen gure kulturan egun datorren inmigrazioa baino, non euskararen beharrik ez duen eta Ronaldo izan nahi duen etorkizunean.
      Hau ikuspuntu kualitatibo batetik begiratuta, kuantitatiboki hau da, migrante kantitateari begiratuz Afrikan superpoblazio fenomeno bat ematen ari da. Lehen humeak gosez hiltzen ziren, orain aldiz ez eta emakumeak 6-7 ume erraz eduki ditzakete, horietatik batek edo bik bizitza bilatu behar dute eta opzio erakargarri bat Europa da. Hurrengo hamarkadetan Europara datozen migrante kopurua zenbait milloietan kuantifikatuko dugu eta hor dago benetako erronka eta mehatsua. 2016 urtean europara 1.5 milloi etorri dira, zifra hau 10 bider eginez 15 milloi dira. Eta norbaitek esango du baina europan 500 milloi biztanle gara. Ados, baina hori tranpa da, EB-ak estatuei inposaturiko kuota plan horretan 300 milloi biztanlez gutxi gora behera ari gara ( 27 estatu + UK ). Baina hor ere kontuan hartu beharko genuke somaliar batek ez duela Esloveniara joan nahi, tontoa ez da eta badaki oso ondo Suedian edo Alemanian etxebizitza eta dirua emango diotela debalde. Hala migranteek EB-eko 4 edo 5 estatuetara soilik joan nahi dute eta optimistak izanda 10 urtean 15 milloi joaten badira + bertan bizi diren milloika migranteak = gizajoak etorkizuneko europar natiboak eta beraz euskaldunak.
      Bideo bat txertatuko dut hemen buenistak maiz erabiltzen duten argudio bat (“mendebaldeko herrialdeak migranteak hartu behar ditugu afrikan txirotasun egoeran bizi direnak salbatzearren” ) ankaz gora jartzen duena: https://youtu.be/0Jtem8Xknb8
      Europar zenbait herritar konturatzen ari dira gertatzen ari denaz, bitartean euskaldunak herriz-herriko jaietan erreboluzio sozialista, parekide, feminista, ekologista eta refugees welcome prestatzen.
      Zein azkarrak diren euskaldun hauek, zergatik ez dute saharar edo palestinarrak beren herriak askatzeko estrategia berdina erabiliko?
      (Badakit eztabaidagaitik atera naizela baina esan beharra nuen)

      • Espainiako etorkin asimilatu zer? Espainiatik etorritako erdaldunen %90a ez du euskararik ikasi, ta beraiek bai direla urtetik urtera etorkin uholdea, bai hemen ta iparradean, %40a edo dira, baina guk Espainia ta Frantziatik at datoztenekin tematzen gara. Inkesta bat egin zuten ta Euskara ez dakitenen %80a zioen ez zuela ikasiko nahiz ta doainik izan.

        Datoztenak askoz errazago euskaldundu daitezke gauz bategatik, beraien estatua ez denez, ez dute uste inolako eskubiderik dutenik ta dagoena egiten dute. Gehio ama hizkutza gaztelania ez badute.
        Espainia ta Frantziatik etorritakoak aldiz, bere estatuan daude, bere lurra ere dela uste dute, ta Frantsesez ta Gaztelaniaz bizitzeko eskubide dutela uste dute, euskara ikasi gabe.

        Baina tema gaitezen beste etorkinekin, indarra ez dutenak, boterea ez dutenak, euskalduntzeko errezenak direla, errezago behartu daitekeenak…

        Ta datuak askoz hobeagoak dira Espainia ta Frantziako inmigrazioa kentzen bada. Biztanleriaren %28a omen da euskalduna (16 urtetik gorakoa) ta erabilera %13a, hau da euskaldunen artean ta askotan abagunea ez izanda erabilera %50an dago.
        Frantzia ta Espainiako etorkinak kenduta euskaldunen %a? Ba hori.

        Baina goazen beste estatuetako etorkinei errua botatzera.

        • Ez dakit zergatik zauden hain tematuta etorkinak EHra ekartzearren. Etorkin gehienak espainolak bezain espainol jokatzen dute eta frantsesak frantsez baino frantsesago.
          Ez nahastu zure (eta gure) nahiak errealitatearekin.

          Gainera, ez dugu behar euskara ikasgai bezala soilik ikasten duen jende gehiago behar EHn. Behar duguna hizkuntza erabiliko duen hiztunak dira. Eta horiek, sustraiak EHn errotuta dituztenak egiten duten batez ere.

          • Ez da arazo askoz handiagoa. Baina egoera txarra okertzen du. Hori kontuan hartu gabe 3. munduko etorkinek etorkin español eta frantsesek baino jaiotze tasa bikoitza dutela.

            Tematzen gaituena faktu hau onartzeko inkapazak direla ENAMekoak. Desirak egiaren gainetik jartzen duen talde bat ez da fidagarria.

    • Joxemarik esan bezala XXI. mendekoa oso inmigrazio mota ezberdina izateaz aparte askoz ere ugariagoa izango denaren seinaleak daude. Afrikarekin jarraituz (eta 3. munduko gainerako herrialdeak kontuan hartu gabe, hor ere datuak izugarriak dira) ikaratzeko modukoa da zer nolako hondamendirantz doan kontinente hau, azpiegitura eskasia eta inolako ekonomia eta demografia planifikaziorik gabeko egoera batean, are gehiago aldaketa klimatikoaren eraginak gogorrak izango direla jakinda (lehorteak, goseteak…).
      Honatx inglesezko link batzuk, euskaraz arazo lazgarriei aurrez aurre begiratzeko politikoki zuzenegiak baikara:

      Afrikako bonba demografikoa, 1980an 477 milioi izatetik 2050an 2,4 mila milioi izatera pasako dira, eta ez dago inongo planik: https://www.theguardian.com/global-development-professionals-network/2016/jan/11/population-growth-in-africa-grasping-the-scale-of-the-challenge

      Afrikatik Europara 2020rako 15 milioi etorkin igaroko dira, eta are gehiago izango direla aurreikusten da hurrengo urteetan: http://www.express.co.uk/news/world/751375/EU-NEW-migrant-crisis-15million-African-immigrants-Europe-2020

      Hau dena dagoeneko ofizialki herritartasuna lortu duten inmigranteak, ibigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkinen ondorengoak, ijituak eta zortzi abizen euskaldun eduki arren euskal munduaz paso egiten duen jende multzo ikaragarri horrekin batera. Egoerak ez du itxura onik, inondik inora ere.
      Hobe genuke diskurtso sinple eta politikoki zuzenak utzi eta gertatzen ari dena argi eta garbi aztertuko bagenu. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko diskurtso zaharkituek heriotzera besterik ez daramate herri hau.

  • Joxemari, diozu: “Lehen espainiatik etorririko jendea askoz ere errezagoa zen asimilatzen gure kulturan”

    Baina, zein da, ordea, GURE kultura? Hori esan nahi izan dut. XXI mendeko etorkinak izan ala ez izan, gure umeek EZ dute euskara erlazio hizkuntzatzat hartzen. Nekez hartuko dute etorkinek guk GURE ez dugun kultura bat. Ea horrela hobeto ulertzen zaidan.

    Lehen euskara zekienak edo ikasi nahi zuenak afinitate emozional edo ideologikoa zuen. Gaur egun, izatez eta afinitatez erdaldunak diren ume guztiei irakasten zaie euskara, eta asignatura baten gisan hartzen dute. Eta ez dute bizi erlazio hizkuntza bezala. Familia euskalduneko umeek errealitate hori bereganatzen ari dira.

    • Ados zurekin Zentripeto baina ni ari naiz euskararen arazoa bost bider egiteaz eta hortaz gain beste zenbait arazo gehitzeaz.
      Diozun afinitate emozional horren galerarekin guztiz ados.

  • Euskeraren garrantziaz bideotxo bat egin dut. Sarrera bat da, zertaz jabetu behar dugun, euskaldunok aurreneko…Ikustea nahi duenarentzat:
    https://www.youtube.com/watch?v=0G80SSrf0Ro

  • Joseba Barandiaran 2017-07-26 14:20

    Iparraldean eta Nafarroa Garaian bereziki, baita hein txikiagoan EAEn ere, joera da gune erdaldunenak ari direla populazioz gora egiten (eta beraz baita enpleguz eta jarduera ekonomikoz ere). Horrek gune euskaldun batzuetako proportzioak mantentzea ekar lezake (Nafarroako Mendialdea edo Ipar Euskal Herriko barnealdea, kasu) baina, praktikan, EHko populazioaren zati hazkorra gune erdaldunenetan bizi da (eta itxura batean, biziko da).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude