[Euskaraldia eta gero, zer?] Ilusioa eta handinahia (Jenofa Berhokoirigoin)

[Euskaraldia eta gero, zer?] Ilusioa eta handinahia (Jenofa Berhokoirigoin) –

.

Galde aldizkariak, bere 24. zenbakian, dossier bat argitaratu du “Euskaraldia eta gero, zer?” galderari erantzun nahian. Bertan euskaraz plazaratu diren bost iritzi artikuluak jaso ditu Salabardoak, eta hemen irakurri ahal izango dituzu, egunero bat, gaur hasi eta ostirala bitarte.

.

.

Ilusioa eta handinahia (Jenofa Berhokoirigoin)

[Euskaraldia eta gero, zer?] Ilusioa eta handinahia (Jenofa Berhokoirigoin)Hamaika egunez zazpi lurraldeak batu dituen ekimen handi eta handinahia arrakastatsua atera bada, parte handi batean ondoko ezaugarriari esker dela erranen nuke : tokian toki, lekuko errealitatea oinarri, bertako euskaltzaleekin baturik marrazturikoa eta gauzaturikoa izan delako EUSKARALDIA. Bilbon buruturikoa Behorlegi puntan egin ahal izana baldintza horri esker dela iduritzen zait. Euskalgintza soziala eta instituzionalaren arteko elkarlana izanik ere, herritarrei eman zaielako protagonismoa.

Ipar Euskal Herrian behintzat, herritarren inplikazioa izan da erdiespenaren gakoa. Ez zen loratuko bestela. Oinarria behar duelako oinarri aldaketa orok. Plazan bezainbat norberaren barrenetan eragitea ardatz duen ariketa hau hurbilekoari, hots, konfiantzazkoari entzunik egiten delako. Hizkuntza ohiturak aldatzea ez delako erraza. Hori horrela da. Baina, gure lurraldeñoari doakionez, hirugarren arrazoi bat gehituko nioke : gure errealitate politiko-linguistikoak hau behartzen duelako. Orain azaltzen saiatuko natzaizue, begirada gerorantz jarriz.

Elkarlana. Ezaugarri berria eta berritzailea izan da euskalgintza instituzional eta sozialaren arteko elkarlana. Beharrezkoa nire ustez, indar guztiak batuz garelako azkarrago eta eraginkorrago (helburu bera eta determinazio puntu argi bat ukanki, noski). Gureari doakionez, goiko esparruan eraman da, hots, Euskararen Erakunde Publikoa (15 urte dituen egitura), Euskal Hirigune Elkargoa (2 urte ditu) eta Euskal Konfederazioaren (24 urte ditu eta azken 50 urteetan euskararen alde dabiltzan elkarte eta federazioak biltzen ditu) artean. Azpiko mailan ez dugulako elkarlana garatzeko aukera errazik. Batetik, Donapaleuko Zabalik elkartea ala Hendaiakoa salbu, ez dugu euskara elkarterik. Bestetik, Miarritze, Baiona eta Hendaian salbu, ez dugu euskara teknikaririk udaletxeetan. Euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian eta euskara planik ez da ageri herriko etxeetan. Horregatik, lehenetsi izan ditugu herritarren arteko batzarrak.

158 herri ditugu eta hauetarik 64etan egon da jende multzo bat prest bertako errealitatetik bertako EUSKARALDIA antolatzeko. Herrien % 40, ez da gutxi. Euskal hiztunak gutxiengoan gara (16 urtez goragokoetan %20,5 gara, zehazkiago, Baxe Nafarroa eta Zuberoan % 49,5, Lapurdin % 16,1 eta Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %40 biltzen dituen Baiona Angelu Miarritzen %8,4). Gutxiengoa gara baina euskaraz bizi nahi duen gutxiengoa gara (salbuezpen potoloa salbuezpen, hots, Xalbadorren Herria eta hizkuntza bertso-sortakoaren gisara, frantsesez diharduten euskal hiztun anitz ditugulako, batez ere baserri munduko gazte eta helduetan). Anitz lan dugu egiteko, baina lehen edizioaren balorapen baikorra eginik, aitzina segitzeko nahia ahobatekoa dugu.

.

Ondokoan: entitateen neurriak

EUSKARALDIAren bigarren edizioak bi ardatz izanen ditu: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea. « Urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen duten entitateei  ». Hastetik zehaztu nahi dut xantier potoloa dugula hau Ipar Euskal Herriarentzat. Baina ez gaitu horrek ikaratu behar eta ederki atera daitekeela gehituko nuke. Ilusioa eta handinahia beharko ditu ondokoak. Bi multzotan banatuko ditut entitateak : batetik, erakunde publikoak eta bestetik, elkarte, enpresa, komertzio zein gizarte eragileak.

Elkarte, enpresa zein komertzioak batetik. Euskararen presentzia bermatzeko ofizialtasunik ez egon arren, Ipar Euskal Herrian ere dauzkagu euskaraz lan egiten dabiltzan entitateak. Ezerk ez ditu horretara behartzen, nahiak ditu gidatzen. Egitura ttiki-ttikiak ala ttikiak gehienak. Seguruenik ia denak jada Eusko monetaren sarean edota Bai Euskarari ziurtagiriarekin. EUSKARALDIAn parte hartu eta urrats bat harago egiteko aukera dute. Euskal hiztunak daude frantses hiztunak nagusi dituzten entitateetan ere, gehienetan gutxiengo ttikian ez bada bakarrik. Gehiengo zabala dira entitate hauek. Lantegian zein elkartean euskaraz dakienaz jakinean ote gara ? Ez beti, gure testuinguru ultradiglosikoan usu lehen hitza frantsesez egin ohi dugulako (horregatik dugu hain beharrezko EUSKARALDIA). Jakinean egonda ere euskaraz eginen ote diogu ? Ez beti, gure testuinguru ultradiglosikoan urrats hau emateko ez garelako beti eroso (horregatik dugu hain beharrezko EUSKARALDIA). Langileen/kideen %95 erdalduna duen entitate batek zein interes du EUSKARALDIAn parte hartzeko ? Bezero euskalduna kausitzeko suertea ñimiñoa duen enpresa batek zergatik euskaraz komunikatuko du ? Errealitate honetara ere jarri beharko ditugu soak. Hau da gure errealitatea, 16 urtez goragokoen artean, %8,1ak du euskara frantsesa bezainbat ala gehiago erabiltzen (%0,8 Baiona-Angelu-Miarritzen).

Lan handia izango da entitate hauen konbentzitzea. Baina egin beharrekoa. Urtez urte, ahobizi edota belarriprest eremuak gutxituz doaz, frantses elebakarreko ozeanoa zabalduz doa. Nola transformatu errealitate hau ? Ofizialtasunik gabe, ariketa zaila dugu eta bidea luzea. Baina egingarria ere dela sinetsi nahi dut. Mahai baten inguruan eseri eta has gaitezen gaurdanik bidea marrazten.

Bigarren multzoan ditugu erakunde publikoak. EUSKARALDIAren lehen edizioan, twitter eremu zabaleko bati irakurri nion elkarlana zela batzuentzat elkar besteentzat lana. Errealitate bat irudikatzeko hitz joko polita zela pentsatu nuen, nonbait triste, halakorik ez dudalako nahi. Ez dut uste horrela definitu daitekeenik eraman den lehen ariketa, heldutasun handiz eta ederki eraman delako elkarlana. Baina noski, arriskua hor da ariketa berri honetan. Herrien arteko batzarretan behin baino gehiagotan entzun nuen « eta instituzioak zer ? Zerbait egin beharko dute ere… ». Hiztunak aktibatu gaitezke, euskaraz bizitzeko nahi kartsua dugulako. Baina, plazak bidea erraztu behar digu. Bigarren edizio horrek bidea erraztu beharko digu. Besteak beste, EUSKARALDIArekiko hiztunek duten ilusioak pizturik segitzeko.

Euskalgintzako egituren adinak zehaztu ditut nahitara, islatzen digutelako Parisek euskararen aitortza errefusaturik, azken mende erdian herritarrak direla aritu normalizazioarentzat ezinbesteko diren tresnak sortzen. Hizkuntza politikaren eskumena bere esku hartu berri du Euskal Hirigune Elkargo gazteak. Berri ona da, lehen aldikotz, Euskal Herritik soilik delako marraztuko. Politika ausart bat garatzeko bidea erraztu behar lukeen aldaketa dugu. Funtsean, ofizialki aitortu berri du bertako hizkuntza dela euskara. Ez da ofizialtasuna, berez euskarak eta euskal hiztunak ez du babes gehiago lortu. Frantziako Estatuaren izpiritu jakobinoarekin talkarik egin gabe, atxikimendua adierazteko bidea izan da nolazpait. Indar politiko eta sinboliko azkarra du adierazpenak baina euskarak berdin segitzen du. Bideratuko dituzten neurri eta aurrekontuek islatuko digute zer nolako mamiz betetzen dituzten hitz eder hauek. Ilusioa eta handinahia.

2020eko udazkena izan daiteke esperimentatzeko ala giroa neurtzeko une. Hizkuntza politika proiektuaren aurkezpenean lehentasunetan dute erabilpenaren aktibazioa. Amets egin dezagun eta ametsak errealitate bihurtu ditzagun : ausardia martxan jarri eta 2020eko udazkenean euskararen presentzia emenda dezagun udaletxeetan. Laguntzen dituen entitateetan bultza dezala EUSKARALDIA Euskararen Erakunde Publikoak. «Erakunde publikoak eredugarri izan behar dira, neurriak hartuz eta egunerokoan erabilera praktikara eramanez» zion Euskal Konfederazioko Hur Gorostiagak 2016ean Baionan burutu Jagon jardunaldian. 2020eko udazkena izan dadila esperimentatzeko une. Euskalgintza soziala eta herritarrak lagun, EUSKARALDIA aukera ezin hobea dute. Hizkuntza politika ausart bat martxan jartzeko bidea erraztu lezake gainera ariketak.

Ezagupenik gabe eta diglosia bortitz batean biziraun behar duen hizkuntza honi ez zaiolako nahiko izango euskal hiztunen ilusioa eta handinahia.

[Euskaraldia eta gero, zer?] Ilusioa eta handinahia (Jenofa Berhokoirigoin)

Ilusioa eta handinahia Ilusioa eta handinahia Ilusioa eta handinahia Ilusioa eta handinahia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.