Ikusgaitasuna=sinesgarritasuna=onargarritasuna. Errotuluak eta kartelak

Errotuluak eta kartelak –

Hizkuntza baten hedapenaren oinarria hiztunen ezagutza da. Euskararak bereizgarri du hizkuntza hegemonikoen artean bizikidetzan aritu behar izatea. Gizartearen zati handi batek oraindik ez du berau erabiltzeko gaitasunik. Hitz kopuru mugatua baino ez du ezagutzen: agurrak, 1-10 zenbakiak, kortesiazko hitz batzuk, animalia ohikoenak, elikagai ohikoenak eta abar.

Badakigu gizartearen zati batek ez duela interesik/beharrik/gaitasunik ezagutza horretan sakontzeko. Gurea bezalako hizkuntza gutxitu batek, bere normalizazio prozesuan, gizartearen zati horretara heldu beharko da. Erakarri beharko du. Behartu beharko du. Ikusarazi beharko dio egon badagoela.

Errotuluak eta kartelak

Frankismoaren bukaerarekin Hego Euskal Herrian, euskara kalean inoiz baino ikusgaiago egin zen. Frankismo aurreko garaietan, aurreko mendeetan, euskararen presentzia kalean, seinaleetan, errotuluetan… hizkuntza paisaian, oro har, eskasa zen, hala ere. Ezagutza falta, kontzientziazio falta, administrazioaren laguntza falta… hainbat arrazoi tarteko. Gaur egun, zorionez, inoiz baino presentzia handiago du euskarak. Erdaren presentzia, ordea, are nagusiagoa da. Lehia handia dugu.

EAE, Nafarroan eta Iparralden, legeek ezarritakoaren araberako presentzia lortu dugu, arlo publikoarekin lotutako hizkuntza-paisaian: norabideak, trafiko seinaleak, zerbitzu eta erakunde publikoen errotuluak… Tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera, eremu pribatuetan (enpresetan, erakundeetan, auzokideen komunitateak,…) gehiago edo gutxiago agertzen da.

señal kontuzPresentzia hori, hizkuntzaren osasun egoeraren islada izaten da. Presentzia edo ikusgaitasun horrek, era berean, hizkuntzaren eta hitzen sinesgarritasun eta onargarritasunean eragiten du. Hau da, testuinguru ezberdinetan hitz jakin bat ikusten badugu, gure burmuinak hobeto barneratuko du. Hobeto sinestuko du, benetan, horrela dela. Hobeto onartuko du. Horren ondorio zuzena hurrengoa da: erabilera.

Adibidez; nonahi “bidesaria” edo “zamalanak” ikusten badugu, ez dugu erreparorik edukiko erabiltzeko (“peajea” edo “karga eta deskarga” ordez). Hizkuntzaren erabilera edo ez erabilera, azken finean, mezu emaileak eta mezu hartzaileak kode bateratua ezagutu eta onartzean oinarritzen da. Euskaltzaleon borroketako bat, beraz, kalean ikusgaitasun hori arlo publikoan bermatzea da. Hurrengo urratsa, zailagoa, eremu pribatura hedatzea da. Eta are zailagoa Euskal Herriko eremu erdaldunetako eremu pribatuetan.

Gaur gaurkoz, kalean zabalduenak dauden hitz eta terminoak azaltzen duen materialik ez dut topatu, ez interneten ez paperean. Hori dela eta, horien inguruko bideo bat sortzea bururatu zitzaidan. Egia esan, urteak neraman bideo hau egin nahian, buruari bueltaka. Hitz ezagunenen hautaketa egin eta azaltzeko modua pentsatu behar, minutu gutxi batzutan modu interesgarrian biltzeko. Hona hemen emaitza:

Bideo hau, beraz, A1 mailatik hasita ikasi nahian dabiltzan ikasleentzat zuzendua dago edo Euskal Herrian bisitan ditugun atzerritarrentzat. Hitz horiek ezagutzeak gehiago ikasteko jakinmina piztu dezala. Hala bedi!

Ikusgaitasuna=sinesgarritasuna=onargarritasuna. Errotuluak eta kartelak.

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude