Ikus-entzunezkoen Legearen aurrean irmotasuna 

Ikus-entzunezkoen Legearen aurrean irmotasuna –

Euskalgintzaren Kontseiluak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du gaur.

Gobernuak aurkeztutako zirriborroaren ez-nahikotasuna azpimarratu da.

Alderdiei oinarrizko adostasuna lortzeko eskatu die Kontseiluak, Galiziako Parlamentuan lortutakoaren antzera.

Ikus-entzunezkoen Legearen aurrean irmotasuna Gaur, euskararen normalizazioaren aldeko 30 gizarte eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean agerraldia izan du, Espainiako Gobernuak argitaratu berri duen Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren aurreproiektuari buruz katalanaren, galizieraren, asturieraren eta aragoieraren alde lan egiten duten eragileekin batera adostutako iritzi eta posizioa azaltzeko, bai eta aurrera begirako lan-jarduna partekatzeko ere. 

.

Ez-nahikoa eta onartezina 

Kontseiluko ordezkariak orain arteko prozesuaren berri eman die Batzordeko kideei: «Gogoratu behar dugu, Espainiako Gobernuak birritan eskaini zuela aukera lege-proiektuari ekarpenak egiteko. Bietan ala bietan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialen presentzia bermatzeko eskaerak egin zirela, bai eta hizkuntza-aniztasunari berari aitortza egiteko ere, eta horietako bat ere ez dela onartu». 

Ondorioz, azaroaren 30ean Gobernu Batzordeak aurkeztutako lege-proposamena erabat ez-nahikoa izan dela azaldu du Bilbaok: «Kuota txiki bat jarri dute ekoizpenari dagokionez, baina Gobernuak berak azaldu du ez diela plataforma guztiei eragingo. Legeak berak ez du berariaz aniztasuna aitortzen, eta euskararen kasuan, horren garrantzitsua den bikoizketaren gaiak ez du bermerik». 

Hartara, Kontseiluko eledunak gogoratu du hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileek adierazpen bateratua argitaratu zutela legearen aurreproiektua onartu eta biharamunean haien desadostasuna agertzeko. «Gure ustez, aurretik argitaratutako aurreproiektuei dagokienez, testu honetan jasotzen diren gure hizkuntzen aldeko urratsak ez dira inondik inora nahikoak. Beraz, nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen den bitartean» azaldu du. 

Ondoren, Bilbaok Estatuko gainerako eragileekin proposatutako bi norabidetzeen berri eman die legebiltzarkideei: «Legeak aniztasunari erreparatuko badio, lehenik, Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdindu beharko ditu bikoizketan, azpitituluetan eta audio-deskribapenetan. Eta, bigarrenik, Estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak ere berdindu beharko ditu, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako». 

.

Alderdien adostasuna: Galizian posible bada, hemen ere bai 

Ondoren, Kontseiluko eledunak Batzordeko alderdiei gai honen inguruan adostasunera iristeko eskatu die, eta gogoratu du duela gutxi zenbait alderdik lortu zutela akordioa, bereziki inbertsioen eremuan. Halere, Galiziako ereduari erreparatzeko eskatu die Kontseiluko eledunak. Izan ere, Galiziako Parlamentuko alderdi guztiek adostasuna lortu zuten oinarrizko elementuetan: «Aho batez onartu zuten alderdi guztiek oinarrizko printzipio gisa onar dezan, galizierazko eta gaztelaniazko gutxieneko edukiak eta ehunekoak berdindu beharra bikoizketan, azpitituluetan eta audio-deskripzioetan, bai eta telebista-kanal eta -plataformetako ikus-entzunezko ekoizpenen finantzaketa aurreratuan ere» esan du. 

Horrexegatik, agerraldiaren amaieran galdera luzatu die Kontseiluko eledunak talde parlamentarioetako ordezkariei: «Galizian lortutakoa zergatik ez Euskal Autonomia Erkidegoan?». 

Amaitzeko, Kontseiluak gogoratu nahi du asteazkenean, hizkuntza gutxitu ofizialen alde lan egiten duten eragile nagusienekin batera, eskaera zehatzak aurkeztuko dizkiela alderdi politikoei Madrilen. 

Ikus-entzunezkoen Legearen aurrean irmotasuna 

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.