Ikastolako guraso erdaldunak kexu dira

Ikastolako guraso erdaldunak kexu dira –

Ostiral arratsetan edozer gerta daiteke lan aste osoko nekea eta garagardoak nahasten direnean. Normalean txikikeriez jarduten dugu, azaleko kontuez, baina egun hartan udazkeneko hego haizeak eraginda-edo, ez baitzen ilargi beterik, guraso erdaldun batek bota zuen bere ahotik inoiz entzutea espero ez nuena.

Ikastolako guraso erdaldunak kexu diraEuskararen egoera gure ikastolan dramatikoa da, tragedia bat, hobe esanda. Ni 73koa naiz. Alaba ikastolan hasi zenean uste nuen bere ikaskideen guraso gehienak euskaldunak izango zirela, frankismoa bizi gabekoak izango zirela ziurtzat hartuta. Bada, ez. Frankismoa bizi gabekoak ziren, bai, baina gehienak erdaldunak. 2 urteko gelan, 3 urteko gelan, ume gehienek gaztelaniaz egiten zuten. Pentsa, hortik aurrera. Gurasoen artean dena gaztelaniaz. Taldeko bilerak bi hizkuntzetan baina beti gaztelania gailentzen.

Semea hasi zenean zorte hobea izan genuen. Baina hirugarrenarekin berriro erdal giroa nagusi.

Jakina, nik ohiko faseak pasa ditut kontu honekin. Hasieran Santxo Indartsua nintzen. Bilera bakoitzaren ondoren ohartxoa idazten nuen, bakarkako bileretan gaia ateratzen nuen, seme-alabei eta beren lagunei euskaraz egiteko esan…

Gero Santxo Jakituna izatera pasa nintzen. Proposamen hausnartuagoak eta arazoa konpontzeko eraginkorragoak izan zitezkeenak  eginez. Esaterako, gela batean guraso euskaldunen haurrak jartzea eta bestean gainerakoak. Baina ez, hori diskriminatzailea omen, horrela erdaldunek ez dutela euskaraz ikasiko… Niretzat, ordea, hori da haurrek euskaraz egin dezaten aukerarik onena (baina ez bermea!). Oroitzen dut irakasle bati bilera batean  esan niona: nik euskara kontuarekin amore ematen dut. “Ez esan hori! Guk amore ematen badugu, akabo!”.

Berranduago entzun nuen orduz kanpoko eskolak jarri nahi zituztela ikasleentzat ikastolan, euskaltegi moduko bat, EGA ateratzeko. Hor, jada, Santxo Panza modura pasa nintzen.

Eta esango didazue, “bada, Santxo Panzak ez luke euskararen egoera larriaren inguruko testurik idatziko. Oraindik Santxo Jakitunaren eta Santxo Indartsuaren hondarrak gelditzen zaizkizu!”.

Ez dakit. Gauza da hego haizez eta garagardoz zipriztindutako ostiral hartan inoiz espero ez nuena entzun nuela: “yo le apunté a mi hijo a la ikastola para que aprendiera euskera, y no sabe hablar. Si llego a saberlo lo llevo a…”.

Ikastolako guraso erdaldunak kexu dira

16 pentsamendu “Ikastolako guraso erdaldunak kexu dira”-ri buruz

  • Oso ondo islatzen du artikulu honek leku askotako egoera, eta amaierako errematea ere errealismo gordin hutsa da, zoritxarrez. Baina… nori axola zaio?

    • Uste dut berritu berri den Euskararen Aholku Batzordean serio eta beltz helduko diotela gaiari (euskararen eremu osoan, gainera). Itxura denez.

  • Santxo Indartsua ez, Antso (edo Santxo) ‘Azkarra’ baizik.

  • Eskertzekoa da gordintasuna, Unai. Errealitatea mahai gainean jartzea eta zabaltzea da egoera triste hau iraularazteko modu bakarra. Bizitzaren beste edozein arlotan bezala.
    Jaurlaritzak ekonomiaz eta bizi baldintzez gezur dultzez jositako kontakizuna egiten duenean, badira ezkerreko indar batzuuk kontakizun hori auzitan jartzen dutenak.
    Euskaldunon eta euskararen egoerarekin ez da gauza bera gertatzen.
    Asimilazioak zeharo jota gauden arren, sekula ez da hori aipatzen. “Euskara” ondo omen doa, apenas (eta nekez) erabiltzen dugun arren.
    Ikastolek eurek ere, EZKUTATU egiten dute egoeraren gordina. D ereduko ikastetxeek zer esanik ez.
    “Antso”, Euskal Herria berreraikitzen hasteko lehen urratsa eman duk. Egoera zein den salatu, itzulingururik gabe. Orain Antso guztiak beharko ditugu, azkarra, indartsua, aztia… eta batez ere, duina. Eutsi!

  • Bidenabar, aipatu ikastola Donostia “euskaldunean” dago. Ez bilbon, Iruñean edo Baionan…
    Uste dut datu esanguratsua dela.

  • Euskara tartean darabilten guztiek,- ikastolek zer esanik ez-, estatusaren aldagaia haien ekuazioan sartzen hasi beharko lirateke lehen bailehen. Edozein neurrik, edozein erabakik, estatus bat markatzen du hizkuntzen artean eta euskara normaltasunez, garai bateko heroismo eta zailtasunik gabe iristen zaien eskolaumeei hori da behin eta berriz heltzen zaien berbalizatu gabeko argibidea: Bigarren mailakotasuna. Ez da harrigarria beraz, gero txitean pitean ikusten ditugun euskararekiko jarrerak. Gauzak zuzentzen hasi nahi badugu, estatus hauek iraultzea dugu lehen lana: Ikastolako bilera guztiak (gurasoekikoak barne) euskara hutsean, arauz. Eta ondo ulertzen ez duena ahalegin dadila. Eta batere ulertzen ez duenak, eska dezala bera eta bera bezalakoentzako erdarazko bestea. Bestetik, guraso erdaldunei euskara ikasteko gonbitea serio egitea, beren haurren hezkuntzarako duen balioa azpimarratuz, eta umeak euskaraz heztea gurasoentzako konpromezu bat ere badela azpimarratuz. Guztia, topikoak salatuz eta egoeraren gordintasuna aurrez garbi adieraziz. Eta hau guztia, ez lau martzianok aurrera eramanda, Ikastolen Elkarte osoak bere eginda baizik. Eta honenbestez hainbat matrikulazio gal daitezkeela baitaratuz, noski. Ba ote da adorerik ala suflegintzan iraungo dugu euskara erabat zimeldu arte?

    • Zure galdera erantzunez: zoritxarrez adorerik ez dago.
      Alde batetik hondamendi ekonomikoaren beldur bizi garelako (horregatik Nafarroa Oinez izeneko makroboteilon erdaltzale antolatzen segitzen dugu urtez-urtez) eta beste aldetik zuzentasun politikoaren morroi garelako. Askotan entzun ditut guraso batzuk, harotasunez esanez gure ikastolan (Iruñerriaz ari naiz) UPNko afiliatuen umeak zeudela. Horrek, nire ustez, ze akonpleatjuak garen baino ez du erakusten. Nola egingo dira bilerak euskara hutsez horrelako jendearekin?
      Asko hazi gara azken urteetan baina agian beste garai heroikoagoetara bueltatzea planteatu beharko genuke.

  • Ni 63koa naiz eta neu ere fase horietatik denetatik pasatua naiz. Orain 25 urte, Txurdinagako eskola euskara biziberritzeko ikastetxe pilotua izateko aukeratua baitzen orduan, euskara kementsu zoko-moko guztietan. Giro hartan hezi zen gure alaba euskaldun aktiboa da egun. 6 urte geroago jaio zen semea, eskola berean eskolatu zen, euskaldun pasiboa da egun. Proiektu pilotu hura zapuztua zen eta ondorio tamalgarriak luze gabe igartzen hasi ziren. Seme txikia, azken urteak Arratian emana, ez dabil askoz ere euskaldunago. Errealismo gordina hori da eta ez dakit, ostrukarena egiten hainbeste urte emanda, erreakzionatzeko beranduegi ez ote den.

  • Patxi Aznar 2017-10-09 16:31

    Nire seameak 10 urte dituenak, giroa zeharo erdaldun batean egonda ere, aurrera jarraitzen du. Zorionez bere lagunek etxean daukaten erdaldun giroari ez diote jarraipenik eman eta behintzat, semearekin euskaraz hitz egiten dute. Ez dakigu noiz arte jasango duen eskolatik kanpoko ekintzak gazteleraz egiten direlako, penagarria da baina eskola publiko askotan horrela gertatzen da!! Nire ustez euskarak botorik ematen ez baitu euskal gobernua uzkurtuta dago! berandu ez da buelta emateko baina gobernuan daukagun jendearekin jai daukagu diruaren bila bakarrik doazelako!

  • Artikulu honek euskararekin gertatzen den errealitatea adierazten du. Gaur egun, gurasoek ez dute ahaleginik egiten seme-alabek euskaraz jardun dezaten. Ohikoa da koadriletan eta eskoletan erdaraz mintzatzen ikustea, nahiz eta euskaldunak izan. Hau dela eta, sari moduan erabiltzen dira tituluak. Honek hizkuntza bihotzez ikastera baino, berau gorrotatzera garamatza.

  • Penagarria da, txikitatik bizi izan dudan egoera da. Lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan baino askoz gehiago hitz egiten genuen. Badirudi gaztetan euskarak lotsatzen gintuela eta horregatik uzten geniola hitz egiteari. Orain, ordea, pena galanta ematen digu behar bezala erabiltzen ez jakiteak eta berriz ikasten egon beharrak.

  • Gaur egun, euskararen egoera penagarria da. Haurrak eta gazteak ikastolan euskaraz mintzatzen dira baina behartuta, ez dute gozatzen. Haientzat tortura hutsa da euskaraz hitz egitea eta ondorioz klasetik kanpo erdaraz aritzen dira, hizkuntza hau galdu egingo ote den pentsatu gabe, honek euskara maila hezkuntza arloan zapuzten du.

  • Gaur egungo eskoletan, eta ez Bizkaikoetan bakarrik, euskararen egoera larria dela onartu beharra dago.
    Sarritan, umeek nagusien begiradapean euskaraz dihardute, begira horretatik libre erdara jotzen dute. Horregatik, umeak euskaraz hitz egitera bultzatzea etxean hasi beharko litzateke eta ondoren, beren egunerokoan pixkanaka-pixkanaka sartu .

  • Gaur egun, ume eta gazte gehienek B edo D ereduan ikasten dute, baina ez dute euskara erabiltzen. Noren errua da hau? Batzuen ustez, eskolaren errua da; beste batzuen ustez, ostera, gurasoena. Nire ustez, guztiok batera lan egin behar genuke euskararen galerari aurre egiteko.

  • Argia da euskararen larritasun egoera. Askotan emaitza hau besteei leporatzen diegu benetan kontzientzia hartu barik. Begiak zabaldu eta konturatu egin behar gara euskararen sustapena denon esku dagoela. Aho betean esan dezakegu gurasoek influentzia nabaria dutela baina normalkuntzaren eta euskarari bultzakada indartsu bat ematearen garrantzia ume eta gazteon buruan sartzea lortzen badugu, inork ezin izango du hori gelditu. Eta, egia esatera, behartuta berba egiten badute, ez da hori inoiz gertatuko.

  • Euskararen sustapena guztion esku dago… baina batzuen eskuago besteonetan baino.
    Euskararen (euskaldunon) egoera larria espainiar eta frantziar estatuen mendetako politika genoziden ondorio da (ahaztu barik alderdi abertzaleen azken 40 urteotako epelkeria eta ezgaitasun nabariak).
    Erabaki politiko zuzenak eta sendoak behar dira norbanakoek euskaraz jarduteko egiazko aukerak izango baditugu. Horregatik saldu digute JELtzaleek (eta baita ezker abertzaleak neurri batean ere), norbanakoaren esku dagoelako mantra faltsua. Horrela egoeraren ardura besterendu egiten dutelako.
    Ekonomiaren eta enpleguaren egoera norbanakoon esku dago ala?
    Eta ingurumenarena?
    Egin dezagun nork berea, eta EXIJITU diezaiegun neurrian gure arduradun politikoei. Horretarako kudeatzen dituzte gure diruak eta.