II MINTZANET sariak ospatu dira

Mintzanet bidelagunak behar dituguGaur, Camino Doktorearen liburutegian II Mintzanet Sariak ospatuko ditugu arratsaldeko 18:00etan. Bertan, proiektuaren zutabe diren urteko bidelagun eta bidelari onenak sarituko ditugu. Aurten, Mariaje Barandiaran (Donostia, 57 urte) eta Raul Alfaro (Zarrakaztelu, 37 urte) dira saridunak.

Mintzanetek, 2012ko abenduaren 3an abiatu zenetik, bide arrakastatsua darama. Ibilbide honetan, 550 pertsonak izena eman dute, 250 eta 300 pertsona bitartean ari dira parte hartzen gaur egun eta iaz, 2.552 saio egin genituen.

Mintzaneti esker, mundu osoko jendeak euskara Internet bidez praktikatzen du, oso modu errazean eta guztiz doan. Baina Mintzanetek, bere zerbitzua eskaini ahal izateko, bidelagunak eta bidelariak behar ditu. Bidelaguna bere denbora eskainiz, besteei euskara praktikatzeko aukera ematen dien euskalduna da, eta, bidelaria, berriz, euskara ikasi edo hobetu nahi duen ikaslea, hainbat arrazoi tarteko euskaraz egiteko aukera ez duen hori.

Bidelari askok ematen dute izena, eta beste asko ere hurbilduko dira gurera. A2 eta B1tik gorako maila behar dute izan, gutxienez, elkarrizketa bideratu ahal izateko. Baina bidelagunak behar ditugu. Azken hauek ez dira irakasleak, ez dute titulurik behar, beraien denboraren zati bat hartu eta doan eskaintzen dute, bidelariek euskara doan praktikatzeko aukera izan dezaten. Bidelagun batzuen iritzia ikusteko, klikatu hemen.

Zenbat eta laguntzaile gehiago, orduan eta hobea izango da zerbitzua, orduan eta aukera gehiago izango dute praktikatu nahi dutenek. Adin guztietako pertsonek parte hartzen dute, baita adinekoek ere. Ikusi bideoa. Bide honetatik jotzea da gure aurtengo erronka, integrazioaren eta ongizatearen bidetik hain zuzen ere.

Beraz, bidelagun, animatu eta eman ezazu izena gure webgunean! Behar zaitugu!