Hondarribiko haurrak eta euskara

Hondarribiko haurrak eta euskara –

Gure alaba txikiena, eskolan, 3 urteko gelan dago. Alaba nagusia, berriz, 8 urtekoan, eta azken mohikanoa da bertan, espainolez ez dakien bakarra, alegia. Haien ikasleekin izandako bileretan gaia izan genuen hizpide, eta eztabaida sortu zen zaharrenaren andereñoarekin:

Hondarribiko haurrak eta euskara

—Ez dago eskubiderik, seme-alabak Hondarribian dagoen eskola bakarrera ekarri, eta erdaldundu behar!

—Harkaitz, zein da Hondarribiaren gaur egungo egoera? Erdalduna da, ezta? Ba Hondarribiko egoeraren isla da eskola. Eskolak ez du errurik, guraso askoren hizkuntza erdara baita etxean. Zer uste duzu, ez diedala esaten euskaraz hitz egiteko?

—Ez da nahikoa, nik erdaraz entzuten ditut klaseko orduetan ere.

—Ba ikusiko duzu hurrengo urtean, eskolaz aldatzean, orduan bai ez dutela euskaraz egingo.

Ez dit balio eskola Hondarribiko egoeraren isla dela esateak. Hondarribian ezin dira haur euskaldunak bizi ala? Nolabait aldatu beharko da, ezta? Bestela beti joango gara atzeruntz. Eta klase garaian eskolako langileen ardura da haurrek euskaraz hitz egin dezatela.

Alaba nagusiak nik ikasi nuen eskola berean ikasiko du. Ezberdintasuna da lehen ikastola izandakoa, eztabaida luzeak izan ondoren, espainiar sistemako “euskal” eskola publikoa dela orain. Hori gertatu zenetik, ez dago haur bakar bat ere euskaraz hitz egiten duenik. Eskolak gehiago derrigortzen du espainola ondo jakitera euskara ondo jakitera baino. Ondorioz, ikasle askok urteak pasatuta ere ez dute euskara ondo ikasten, baina hala ere gainditu egiten dute. Izan ere, EGA ere kendu dutenez, “gutxi gorabehera” batekin euskara gaindituta. Beraz, eskolako hizkuntza espainola da, ez duzu haur bakar bat ere euskaraz hitz egiten entzungo, eta entzuten baduzu zoriondu mesedez! Nik noizbait egin dut.

Lehengo astean, kiroldegiko kafetegian nintzela, bi ama entzun nituen gaiari buruz hizketan. Sutan zeuden. Ni ere berotuta, elkarrizketan sartu nintzen. Ziotenez, DBHko lehen eta bigarren mailetan euskara oraindik zerbait entzuten bada ere, hirugarren mailan erabat desagertzen da. Haur espainolek euskaldunak erdalduntzen dituzte. Ikastola zegoenean, irakasleak denbora gehiago egoten ziren haurren gainean —“Egin euskaraz!”—, eta klase guztiak euskaldunak ziren. Orain, eskola publikoa besterik ez dagoela, ezin omen zaio haur bati euskaraz hitz egiteko esan, ezin da behartu; funtzionarioak ez daude gauza horietarako. Emakume haietako baten amak kalte ordainak eskatuko omen zizkion Hondarribiko eskola publikoari, euskaldun sartutako biloba espainolizatzeagatik.

Ez diezazkigutela saldu, bada, hizkuntza normalizaziorik, euskalduntze prozesurik, Euskaraldirik eta horrelako hitz politik, ez baitira egia. “Euskal” eskola publikoak dena espainolizatu du, lan bikaina egin du erdalduntze prozesuan.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi irakasle guztien jokabidea berdina denik, Euskal Herriaren egoeraz arduratzen denik ere badago “euskal” eskola publiko horretan, eta saiakerak egiten dituzte, baina atzera goaz, gauzak oso gaizki egiten ari gara eta sistema espainoleko eskola horrek ez du euskalduntasuna bermatzen. Egoera oso larrian gaude, nahiz eta dirudienez oso gutxi konturatzen garen.

Orain dela hilabete batzuk, Hondarribian bizi den irundar batek esan zidan lehen bazela ezberdintasuna Irun eta Hondarribiaren artean; orain, aldiz, ez. Orain denak espainolez mintzo dira gero eta goizago. Euskara ordeztuta dago, eta behin euskara ordeztuta haur hori ez da euskarara bueltatzen.

Hondarribiko haurrak eta euskaraIzan ere, Hondarribiko euskararen kale erabilera %32tik %24ra jaitsi da azken 10 urteetan. Haurren artean ere oso erabilera txikia du euskarak: 2016ko neurketaren arabera, haurrak beren artean daudenean %26k soilik erabiltzen du euskara. Horrek esan nahi du helduarora iristean gutxiago erabiliko dutela, eta, beraz, hurrengo belaunaldiak jaitsi egingo du %24 hori. Ikusi besterik ez dago Hondarribiko haur parkeetan ia ez dela euskararik entzuten.

Lehengo astean, Hondarribiko haur parke batean, hain zuzen, getariar bat hurbildu zitzaidan, alabekin euskaraz ari nintzela ikusita, eta esan zidan:

—Ez da euskararik entzuten, hau normala al da Hondarribian? Ez dut haur bakar bat ere entzun euskaraz, zuek bakarrik. Hondarribia lehen euskalduna zen, zer pasatu da?

—Hemen utzikeria galanta dago, eta ikastolara joan ziren guraso batzuek beren seme-alabei erdaraz egiten diete, nahiz eta jendearen aurrean euskaraz egin disimulatzeko, baina seme-alabak tontoak ez direnez, etxeko hizkuntzan erantzuten dute, hau da, espainolez.

Alaba handiaren klasean hemezortzi dira. Bi abizen euskaldun dituzten hiru umeez gainera, badira abizenen bat erdalduna dutenak; beste batzuek nazionalitate bikoitza dute, eta badago senegaldar bat, mongoliar bat, japoniar bat, hegoamerikar bat… Hortaz, esan genezake klaseko erdien baino gehiagoren ohiko hizkuntza ez dela euskara. Beste klaseetan ez daude kanpoko jatorria duten hainbeste ume, baina horrek ez nau arduratzen, badakidalako senegaldarrak euskaraz egingo duela, mongoliarrak ere bai, japoniarrak ere bai. Horrek konfiantza ematen dit. Ez zait gustatzen, ordea, bertoko hainbat gurasok, berak euskaldunak izan arren, haurrei espainolez hitz egitea, horien umeak baitira klasearen hizkuntzaren norabidea aldatzen dutenak.

Aniztasuna nahi dugu? Ba orduan errespeta dezagun euskalduna ere, bestela ez dago aniztasunik, asimilazioa baizik.

Gure umeek erdal hizkuntzak ere ikasiko dituzte —ez dira espainola ikasi gabe geratuko, ez kezkatu hori bada zuen kezka nagusia—, espainola, frantsesa eta ingelesa jakingo dituzte, baina argi izanda beren hizkuntza zein den, eta besteen azpitik jarri gabe.

Ireki begiak behingoz eta altxa berriro Euskal Herria!

Hondarribiko haurrak eta euskara Hondarribiko haurrak eta euskara Hondarribiko haurrak eta euskara Hondarribiko haurrak eta euskara

20 pentsamendu “Hondarribiko haurrak eta euskara”-ri buruz

  • Arnasguneak “akatzeak” horrelako egoerak sortarazten ditu: Hondarribia bezalako herri euskaldun bat gero eta gehiago erdalduntzea. Hala ere, testu honetako aldarrikapen nagusiekin bat egiten dudan arren, ikuspuntua ez dut elkarbanatzen. Eskola publikoari leporatzen zaio ardura guztia,eta ez da zilegi. Ulertzen dut esperientzia pertsonal bat dela eta horrek sortzen duen samina, baina ez da sarearen arazo bat. Zoritxarrez,bi sareetan sufritzen ari garen arazo globala da,eta bi sareak batera borrokatu beharko dugu,helburu berdina dugu eta: gure auzo,herri eta hirietako eskola eta ikastoletan arnasguneak bermatzea. Eta badago itxaropena. Izan ere, borondatea dagoen lekuetan arnasgune horiek bizirik diraute, Karmelo ikastola Bilbon edota Ikasbidea ikastola Gasteize, bi kasuetan eskola publikoak gainera.
    Batu gaitezen geure seme-alaben hizkuntza eskubideen alde, euskaraz hezi eta bizitzeko eskubidea dugulako!!

  • Zeharka bada ere, onartzen du arazoa ez dela soilik eskola publikoarena:
    “Hemen utzikeria galanta dago, eta ikastolara joan ziren guraso batzuek beren seme-alabei erdaraz egiten diete, nahiz eta jendearen aurrean euskaraz egin disimulatzeko, baina seme-alabak tontoak ez direnez, etxeko hizkuntzan erantzuten dute, hau da, espainolez”
    Utzikeria, desideologizazioa, españolizazioa eta pasotismoa, menpekotasunaren kumeak dira guztiak. Espainiaren eta gazteleraren menpekoak gara Hegoaldean, eta euskaldun askok onartu egin du menpekotasun hori, askok gertatzen ari zenaz konturatu gabe, beste batzuk ardura gabe.
    Aurrekoan, Arnas Dezagun taldekoek salatzen zuten (https://zuzeu.eus/euskal-herria/ez-sakabanatu-eskolan-haur-euskalhiztunak/) ikastetxe askotako egoera kafkianoa: haur euskaldunak ez sakabanatzeko eskatzeagatik sekulako astakeriak entzun behar izan dutela ikastetxe publikoetako nahiz ikastola itunduetako zuzendaritza eta guraso batzordeen aldetik. Labur esanda, haurrek eskolan euskarari eusteko neurriak hartzeko eskatzea, “elitista” edota “baztertzailea” omen da, zenbait ikastetxe “euskaldunetako” gidarien iritziz.
    Ikastetxe “euskaldun” horietan, haur etxetik euskaldun horiek sakabanatu eta atoan españoltzea, guztiz “egokia, inklusiboa eta solidarioa” omen.
    Herri honetan, menpekotasunari “elkartasun” eta akulturazioari “aniztasun” esaten diote “aditu” eta buruzagi ustez euskaltzale askok.
    Gurea baino herri akonplexatu eta gizagaixoagorik…
    Nazionalista espainiarrek eskuak birrinduta behar dituzte txaloak jo eta jo.

  • Nola da Euskal Herria? Joan de 20 urte honetan beheraka, poliki-poliki ahitzen, hitzen. Azken 5 urte honetan ziztu bizian zulora.
    Hondarribia soilik balitz hemen aipatzen den kontua!!!!
    Eta Eusko Jaurlaritza lobelarra saltzen, morfina banatzen Intxaurrondoken laguntzaren beharrik izan gabe.
    Denok pozik, drogaturik, Mundu hoberenean bizi bagina bezala. Eta Bildu? Jakin ezazu zertan dabilen, gure hizkuntza behintzat ez du bere lehentasuna. Hau ere narkotizatua

  • Hondarribian euskararekin gertatu dena azken urteetan negargarria da. Baina arazo horretaz ez duzu ezer irakurriko Berrian edota Argian. Berauei bakarrik interesatzen zaie emakume batzuk eskopeteroak izatea nola lortu.

  • Ez dago zertan kezkatu. Esku (h)onetan gaude.
    Hizkuntza Politikarako sailburuak aspaldi esan zuen:
    “Los vascoparlantes somos bilingües. Tenemos dos lenguas para consumir. Utilizamos una para cada fin”
    Hau da, euskara (gutxi batzuen) etxerako, eta espainiera edo frantsesa eskolarako, aisialdirako, sozializatzeko, lanerako, aniztasunerako, elkartasunerako, inklusiorako eta chupiguaygintzarako, oro har. Kosmopolittak gara kontxo! Basque country gara gu!
    Bestalde, Hezkuntza Sailburu Bildarratz jaunaren berririk ez dugu. Konponbide bila hausnar eta buruhauste bulegoan itxita egongo da, bere taldearekin. Eta azken batean, beti izango dituzte Celáa, Mendia eta Unzalu nonodik jo behar duten erakusteko prest.
    Maila horretako buruzagiekin lasai egon gaitezke. Euskarak etorkizuna bermatuta dauka. Izan ere, museo berri bat eraikiko dute Gernika inguruan, egingo diote bertan lekutxo bat.
    Eta (h)agintariak, azken unean, istripuz huts egingo baligute, hor daukagu euskalgintza azeria baino erneago eta beste eragile abertzale guztiak gogoz bultzatzeko prest!

  • Zure testigantza irakurtzean aurrez-aur gure etxeko bizipenen deskripzio bat daukadala sentitu dut, desberdintasun batekin: gure kasuan, gure seme alaben ikastetxea ikastola bat dela.

    Ondoko herriko ikastolak euskararen erabilpen eta sustapenarekiko ustez eskaini behar zizkigun balio erantsiak “euskara ez da inposatu behar”, “herri honetako errealitatea hau da”, “arnasguneak proposatzen dituzuen gurasoak 30 baino ez zarete eta hemen familia guztiak asetu beharra ditugu”bezalako erantzunekin jaso dugu jasotako txaplastekoa. Kaka morralean. Arnasguneak babestu eta sustatu barik (behar bada egon badago taldekatze erizpideetatik harago arnasguneak sustatzeko beste proposamenen bat, baina oinarte jasotakoak ez gaitu asetzen) kanpo faktoreeetan erantzukizuna ezartzea askoz errazagoa da, “erantzule” baino, nahiz eta eskola zein ikastoletan erabakiak norberak hartu, “egoeraren biktima” egiten gaituelako. Eta zein goxoa den biktima papel hori.

    Elkartu gaitezan egoerarekin nazkatuta gauden gurasook, baina ez guraso euskalhiztunak garenok bakarrik, baita beraien seme alabak ikastolan euskaldunduko ziren esperantzaz jasotzen dabiltzan emaitzarekin etsituta dauden guraso erdaldunak ere (niri horrela jakinarazi didate batzuk eta)

  • Semenogorri 2021-08-08 01:18

    Mitxeli zuzenduta. Ziurrenik, ikastolek berea izango dute, baina, nire bizipenaz luze bezain zabal berba egin ahal dut. Guk hiru seme-alaba dauzkagu. Hirurak Indautxuko Eskolara joan dira. Seme nagusiak haur hezkuntza eta lehen hezkuntza egin ditu osorik. DBHrako “Unamuno” suertatzen zitzaion. Ez da hala izan, Urretxindorrara bidali dugu-eta. Beste biek ikasturte hau ikastolan egin dute berri, eskola publikoari agur esanez duela urte bat.
    Sei urte eta erdi eman ditut hango OOGn ( eskola kontseiluan ). Eskola publikoa ez da gurea, aniztasunaren lema aspertzeko besteko diskurtsoetan, erabat erdal ikuspegitik planteatuta. Gurasoak denetarikoak dira, baina, euskaltzaletik nik apaizetik beste ematen dute. Baten bat, kitto. Karmelo ikastolaren aipamenari dagokionez, esan behar da hango zuzendaritza berbera izan dela ikastola sarean zegoenetik publiko egin zuten arte. Eurekin batzartu nintzen hango eredua gurera ekartzeko, aurreko iruzkin batean aipatuta, Bilbo osoan bakarra. Dagoeneko ez dakit ikasketaburua edo zuzendaria erretiroa hartuta dagoen. Hortaz uste baino arinago dena pikutara, seme-alaba euskaldunen elkartzearen harira. Eskola publikoek ezarritako “curriculuma” betetzen dute, baina, nazio izaerarik ez dute izaten. Tira, Euskal Herria geografiara mugatzen da: laupabost ibai eta herrialdeak; euskararen herriaz batere ez. Zer esanik ez, kulturaz, hizkuntzaz ( gure euskararen bilakaeraz), historiaz ( izan ginen nafar estatuaz ) eta lurraldetasunaz ( ez galdetu non dagoen Arrigorriaga Iurretar bati edo Bilboko bati non dagoen Iurreta eta abar ). Beraz, euskal identitate bat egiteko lau osagai aipatutakoen bilbatzerik ez du eskolak, bai ostera, espainiarra, izan ere, erabat bilbatuta noranzko horretan. Laburtuta euskarareniko enpatiarik eta hurbilketarik ez. Beno, eskolarekin lotzen duten hizkuntza.
    Hango maisu-maistra gehienak urtetan sartuta daude, hau da, bere garaian atera beharreko hizkuntz eskakizuna edo maila atera zuten. Euren artean espainolez; gainera, euskararen gaia indiferentziaz. Gazteek, ordea, ez, baina, behin-behinekoak dira eta gutxiengoan; hurrengo ikasturterako ez dute leku berean jarraituko edo bai, esleipenen arabera. Eskola kontseiluak espainolez euskaraz ni hasi nintzen arte. Lotsagarria, ze gainerako gurasoen aldetik ere ez zen ateratzen eta. Dena politikoki zuzena. Testuliburuek euskal izena izan arren, estatu espainiarreko argitaletxeak dira: “Zubia-Santillana” , “Ibaizabal”, … Erein eta Elkar ez dituzte hartu nahi. Hasierakoak oso ondo omen daude. Zertarako aldatu? OOGn jasotako erantzuna.
    Bilboko eskola publiko gehienak antzeko egoeran edo okerrago, baten bat izan ezik, Pagasarribide ote!
    Ikastolan ikusitako apurra gustatzen zait, gorabeherak egon arren. Alabaren lagunen guraso gehienak, ez guztiak, euskaltzaleak dira. Aurton pandemian bertan batzuk ezagutu ditut eta euskaraz eurekin. Hori bai, berariaz sortutako saretxo batean sartuta, pozik!
    Beste seme-alaben kasuan ez horrenbeste. Nagusia nagusia delako. Eta txikiarenean espainola nagusi. Antza, 3. lerroa zabaldu zutenetik denetariko jendea sartu zen, hurbiltasunagatik zein erosotasunagatik hara eramaten dituztenak. Hemen guraso guztientzako batzar nagusia euskara hutsez, beste lekuan pentsaezina. Ehko ikastolen elkartea nazio mailako egitasmoa da eskolaren publikotasuna espaniar parametroen irizpideetan bizi da. Ez da gurea. Ikastoletan “espainiar curriculuma” betetzen denik ez dut zalantzan ipintzen, baina, irakasteko erak eta gure lau osagai horiek sartzeko aukerak egon badaude. Eskola publikoan ez, hori politika ei da. LHko 5. eta 6. mailetako “monarkia parlamentarioa, konstituzioa eta Felipe VI.a” ez. Hori aniztasuna defenditzen dutenen aldetik, neutroa. Paradigma horrekin” harriak harrikumerik ez”, txo!

  • Baina “harrera herria” ez al gara ba? Uzta jasotzen ari gara.

  • Garagarra, gaiztoa da hondarribiko euskararen auzia “harrera herria-ren uztarekin” lotzea. Gaiztoa, eta faltsua.
    Euskara ez da desagertuko siria edo afganistako errefuxiatuen eraginez, kolonoen eta etxeko akulturatuen eraginagatik baizik.
    Duela 50 urteko ingenieritza sozialaren uztak jasotzen gabiltza, ez azken hamar urtetakoak. Izan ditzagun gauzak argi.
    Honetan ere, bota behar zenuen zerbait, eztabaida nahi duzun tokira eramateko.

  • Guztiz ados, Ba ote! Uzta, erein eta denbora batera jasotzen da. Zuk diozun bezala, orain dela 50 urte ereindakoa, orain ari gara jasotzen. Eta orain ereiten ari garena aurrerago jasoko dugu. “Afganiarra”, oraindik hazia da, oraindik ez da erne. Erne ondoren etorriko zaigu uzta jasotzea. Baina agian ordurako uzta jasotzeko langilerik ez da egongo. Behin jaso dugu baina ez dugu ikasi. Ikasten ez duen herria hauxe!

  • Uztaz uzta lurra agortzen dabil eta konturatu orduko ortu honek ez du uztarik emoteko gaitasunik izango. Herri babu eta akonplejau honek hobe luke espabilatzea eta egoerari aurre egitea. Kanpotik datozen gehienek kolono germena dakarte eta bertakoak espaniatitis gaitza jota gaude. Ea behingoz aukera politiko berri bat sortzen den ardatza moduan abertzaletasuna, naziogintza eta euskara dituena. Bizi ala desagertu, hortan datza partida!!!

  • Garagarra, etorkin legez atzerritarrak (esainiarrak etorkin gisa ere ez ditu zenbatzen Jaurlaritazk berak ere, “desplazatu” gisa baizik, laster turista…) ez dira arazo nagusia. Arazo badira, hizkuntza daukagun bezala edukita, eta hizkuntza politika eraginkorrak egiteko tresna nahikorik ez, sistema judizial espainiarra eta frantsesa aurka, EAEn gobernu regionalista guztiz epel batekin, eta Nafarroan nahiz Iparraldean botere-gune ia guztiak aurka dauzkagularik, Madrilen bizi den Izeko Juanitaren bisita ere arazo handia baita gure herriarentzat.
    Etorkinen artean hala ere, arazorik handiena espainiarrak, haien ondorengo asko eta hegoamerikarretatik asko dira, Badakitelako hizkuntza nagusiaren jabe direla, botere-hizkuntzaren jabe, eta gehienek euskarara hurbiltzeko zirkinik ere egiten ez dutelako. Seme-alabak D ereduan matrilkulatu badaezpada ere, kasurik onenean, etorkizunean arazorik ez dezaten izan, balizko lan mundu berdinzaleago batean.
    Eta daukagun arazorik handiena, euskaltzale eta abertzale gehienen artean iritzi dugun menpekotasun maila da. Hain beldurgarria ze, gure haurrak eskolan erdaldundu ez ditzaten eskatze soilik, irainduak izateko aitzakia bilakatu den, baina ez espainiazaleen aldetik soilik; baita euskaltzale eta abertzale ustez chupiguayen aldetik ere.
    Guraso euskaltzaleak, eta euskaltzaleak oro har elkartzen eta antolatzen ez bagara, lau teleberritan (Bitan Nafarroan, bakar batean Iparraldean) euskaldunen ibilera bukatu da.
    Hori bai, herri chupiguay erabat españolizatu /frantsestua izango dugu.

  • Aupa Semenogorri, gure alaba Urretxindorran hastekoa da datorren ikasturtean eta gauza bi galdetu nahi dizkizut, ardura ez bazaizu:
    – Zein kurtsotan daukazu ume txikiena?
    – Zer da aipatu duzun 3. lerro hori?

    Bestalde, Karmelo ikastolaren eredua benetan baldin badago desagertzera kondenatuta, uste dut dokumentatu beharko litzatekeela: bertako irakasle, guraso eta ikasleen testigantzak, funtzionamendua eta emaitzak, guraso erdaldun eta atzerritarren umeekin izandako esperientziak, etab.

    Eskerrik asko!

  • Semenogorri 2021-08-09 00:21

    3. Lerroa zabaldu baino lehen bi zeuden, a eta b, esaterako, hhko 2 urteko A eta B, hala hurrenez hurren gainerako mailetara zabaldu arte. Maila gorenetan, lhko 5. mailan bi gela daude hirugarrena zabaldu bitartean.
    Hau guzti hau dator eraikin berria egin zutenetik ” Mercadonarekin” lortutako itunak errazten zuen hhko eta lhko eraikinaren egitea, truke berrogei urtez ikastolak eurei utzitako etxabea emakidan.

  • Arnasguneak babestu nahian etsipenaren hasperena besterik ezdugu aurkitzen gure seme-alaben ikastola edo eskoletako eremuan. Horretaz gain, burua gehiegi erakustea ere ezaigu gustatzen, zentroko arduradunek aldarrikatzaile bezala identifikatzen bagaituzte, oraindik urte mordoa ikasgeletan pasa behar dituzten gure haur eta gazteen ibilbideak seinalatuta pasa ez ditzaten.

    Horren aurrean, bi aukera ditugu:
    – Lepoan hartu eta segi aurrera. Artalde zuriko ardi beltza izan.
    – Burua makurtu eta euskeraz arnastu ezinagatik kastellanoz ito. Polilinguismo eta argudio ridikuloen besoetan (edo besapeetan) lokartu.

    Abestia moldatuz, hipokrisiaren izebergaren punta besterik ez da hau.

  • Egiya esan, Honddarbin dakagun arazoa ez da aspirina batekin konpontzen:
    ‘Hondarribia Summer Market’ ospatu da asteburuan. To hori!
    https://www.gipuzkoagaur.com/2021/08/04/hondarribia-summer-market-el-sabado-y-domingo-en-el-paseo-butron/
    Gure haurrak euskeraz gutxi, baino españolez eta inglesez tope guana!

  • Amuteri zuzendua: ez duzu uste hain zuzen alardearen kontuak zerikusia daukala honekin? “Betiko”-ek identitate bat sortu dute azken urteetan. Hondarbitar petoa = alarde diskriminatzailearen aldekoa. Ez zaio beste ezer eskatzen herrian integratu nahi duenari. Euskeraz hitz egitea orain ez da jende gehienarentzat hondarbitar izateko baldintza inportante bat. Eta begiratu zein diren herrian euskeraren alde egiten ari diren bakarrak. Ezetz “betiko” bat aurkitu. Talibanismo horrek ez du bakarrik irailaren 8a izorratu, herria galtzen ari gera.

  • Esan duzutenarekin oso ados nago. Abertzaletasunak ez du euskareren aldeko plan garbirik. Asko eroso bizi dira beraien ghetto ttiki-alai-anitz eta foklorikoan.

    Euskaldunok marru egiteari utzi eta arrotasunez egoera honi aurre egin behar diogu.

  • D ereduan guraso euskaltzaleak salbuespen edo arazo bilakatu badira, PORROTA erabatekoaren aurrean gaude.
    Ikastolen Elkartea, Euskal Eskola Publikoaren aldekoak, Bildarratz eta Hezkuntza Saila, Zupiria eta konpainia zertan ari dira?

  • Beste kontu bat:

    Ez da atzo goizeko arazoa euskaraz egiteagatik ume askok jasaten duten bazterkeria. Bada, haur erdalhiztunei (eta haien gurasoei) erakutsi behar zaie euskalhiztunak errespetatzen.

    Bullingaren, sexismoaren eta xenofobiaren kontra kontzientziatzen dituzten bezala, supremazismo espainolaren aurrean ere kontzientziatu behar dira. Horretarako, ondo esplikatu behar zaizkie, besteak beste, euskararen egoera, haren arrazoi historikoak eta bazterkeriaren mekanismoak.

    https://abarquin.wordpress.com/2013/09/26/pero-es-que-tu-no-sabes-castellano-o-que/