Hizkuntzen zailtasunaren mitoa

Hizkuntzen zailtasunaren mitoa –

Hizkuntza

Zenbat aldiz entzun dizkiozu erdaldunen bati “euskara oso zaila da” edo antzekoak? Agian estremistaren bati baita “euskara munduko hizkuntzarik zailena da” bezalakoak ere. Hizkuntzalaritza mundutik at bizi zareten horientzat honatx gizarteak ulertzeko arazoa duen mezu garrantzitsu bat: hizkuntzak ez dira errazagoak ala zailagoak.

Hizkuntza berri bat ikasten dugunean, jaiotzetik edo oso gaztetatik ez bada, ulertu behar dugu gure burua modu zehatz batean konfiguratu dugula. Noski, konfigurazio hori gure lehen hizkuntzak zehaztu digu. Zer esan nahi da konfigurazio kontzeptu horrekin? Aspalditik da ezaguna pentsamendua eta hizkuntza lotuta doazela argudiatzen duen ideia, Sapir eta Whorf hizkuntzalariek argudiatu bezala. Muturreko aldarrikapenak alde batera utzita, azken urteetako ebidentziak erakusten digu hizkuntzak baduela nolabaiteko erlatibotasun bat, eta hizkuntzaren arabera gure esaldien antolakuntza eta prestakuntza modu batera edo bestera izango direla. Txikitatik gramatika jakin bat ikasten dugu, eta erlazio gramatikalak (mendi-a, mendi-tik vs. el monte, del monte) errotzen joan ohi dira, askoren ustez itzulezin bilakatu arte.

Bigarren hizkuntza ikasterako orduan, zailtasun edo erraztasuna lehen hizkuntzarekiko duen gertutasun edo urruntasunak markatuko du. Oso ezberdina den hizkuntza bat ikastea posible da? bai, baina antzekoa den hizkuntza bat baino zailago egingo zaigu, zailegi askorentzat. Adibide bat ipintze aldera, gaztelania dakien pertsona batentzat errazagoa izango da katalana ikastea euskara baino. Azken hau begi bistakoa da, baina zer pentsatuko zenukete euskaldun batentzat japoniera ikastea gaztelania ikastea baino errazagoa dela esango banizue? Noski, gramatikaren inguruan ari naiz, argi baitako euskarak eta gaztelaniak urteen poderioz hitz asko elkarrengandik hartu dituztela eta hiztegiari dagokionez, seguruenik, gaztelania ikastea errazago izango litzatekeela.

Hiztegia, dena den, ausaz ezarri eta buruz ikasitako item multzo bat da, memorian gordetzearekin nahiko. Gramatikak, aldiz, hitz horiek hartu eta hainbat mekanismoren bitartez makinaria martxan ipini eta hitz horiek konbinatzeko aukera ematen digu. Beraz, hizkuntza bat menderatzeko ezinbestekoa da engranajea fin edukitzea. Gainontzean, western filmetako amerikarren tankerako zerbaitekin egingo dugu topo (ni Jon izan, arraina gustatu). Egia da bi hizkuntzen arteko lexiko komunak beste hizkuntza baten ikasketa prozesua lagungarri egiten duela, baina denok dakigu erdaldunen kasuan, besteak beste, kasu markaketa (ergatiboa) egiten duela euskara zail, ai barkatu, *markaketaK.

Ez dakit argigarria izango den, baina tira, honatx hizkuntzen jabekuntzan sortzen diren talkak irudikatzeko metafora bat: mendian galdutako ingurune batean jaio den pertsona batek, ziurrenik, antzeko ingurune batean bizi nahiko du, eta Bartzelonako zentrora bizitzera joan behar izanez gero, gaizki pasako du, agian moldatuko da, baina agian ez du moldatzea lortuko. Eta alderantziz berdin, noski. Bartzelonako hiriguneko batzuk mendian galduta dagoen baserri batera joan eta pozik biziko dira, baina gehiengoak gaizki pasako du, eta hirira bueltatu nahiko du, horretara ohitu baita txikitatik. Berdin gertatzen da hizkuntzekin. Maiz entzuten ditugu “la liburutegi” “el irakasle” bezalakoak. Horrelako adibideek erakusten digute, prezeski, hitzak ikastea erraza dela, eta baita erabiltzea ere. Kontran, txikitatik errotuta ditugun egiturei (determinatzailea + izena vs. izena + determinatzailea, kasu) muzin egitea oso zaila egiten zaigu eta askotan entzuten dira horrelakoak.

Hasitako metaforarekin bukatu nahi nuke izkribua. Txikitatik Bartzelonako zentroan bizi den batek udarak mendian galduta pasatzen baditu, errazago izango da pertsona honentzat beste ingurunera ohitzea, eta nork daki, agian etorkizunean bertan bizitzea. Berdin gertatzen da hizkuntzekin. Hizkuntzalari gehienek defendatzen dute badela aro kritiko bat hizkuntzak ikasteko, eta behin hori pasata, oso zaila dela hizkuntzak ikastea. Txikitatik hizkuntzekin kontaktua izatea garrantzitsua da etorkizunean hizkuntza horiek mendera ditzaten. Euskararen kasuan, kontaktua ez da soilik irakasleari egunean sei orduz entzutea, ezinbestekoa da hizkuntzarekin jolastea, erabiltzea. Etorkizuna euskaraz irudikatu nahi baduzu, utzi alde batera zailtasunaren mitoa eta ekin erabiltzeari, hori baita hizkuntzen funtsa!

Hizkuntzen zailtasunaren mitoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude