Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatua

Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatua –

Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatuaSeguru nago askok jarraitu dituzuela telebistan Madrileko kongresuan presidentea hautatzeko izan diren hitzartzeak, bereziki euskal ordezkarienak. Espainiako estatuan dagoen nazio aniztasuna aitortu eta errespetatu beharra dagoela entzun ahal izan dugu; autodeterminazio eskubidea onartzeko premia ere bai estatuaren benetako demokratizazioa lortu nahi bada; merkatu ekonomiak sortzen dituen desberdinkerien salaketa, edota bortizkeria matxista eta patriarkatuarena, eta beste hainbat eskubide indibidual eta kolektiboren urraketena, eta izan dugu PSOE-Unidas Podemos (PNV, EHBildu eta batez ere ERCren sostenguarekin) koalizioaren porrota lortzeko trikimailu mafioso eta inkisizitorialen berri sinesgarria ere -oroit “Teruel existe”-ko ordezkariak salatua-, baina nazionalismo edo independentismo “periferikoen” ezein ordezkarik esan al du Madrileko Kongresuan ezin dela galegoz, katalanez edo euskaraz mintzatu, eta Konstituzioaren hirugarren artikuluak zapalkuntza linguistikoa sistematiko eta egiturazko bilakatzen duela hizkuntza horietako hiztunak bigarren mailara kondenatuz, beren hizkuntza propioan, berezko hizkuntzak diren lurraldeetan ere? Ez, ez dute argiro eta hizkuntzan fokua jarririk esan; onenean, iragaitzaz baino ez dute hizkuntza aipatu.

Gogoratu beharra dago 1978ko Espainiako Konstituzioak hirugarren artikuluan zer dioen: 1. Gaztelania da Estatuko hizkuntza espainol ofiziala, eta espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea. 2. Gainerako espainiar hizkuntzak ofizialak izango dira euren autonomi erkidegoetan, euren estatutuen arabera -euskara hizkuntza espainola da Euskal Herri penintsularrean, eta frantsesa Euskal Herri kontinentalean; katalana berdin-. Hor dago desberdinkeria kontsakratua Konstituzio, hots, lege arau nagusitik bertatik, eta hortik dator botere publiko guztietatik gaztelaniaren aldeko diskriminazioa, jakina den bezala. Bada, salatzen ez denez, ez dago halakorik nonbait; erabat naturalizatua dagoen seinale, esan beharko dugu.

Entzuten ari naiz: hori Gasteizeko Legebiltzarrean eta Nafarroakoan, eta Kataluniakoan eta Galiziakoan salatu behar da, eta neurriak hartu! Bai, ados, baina zergatik ez Madrilen, ez al gaude bada gero eta presenteago hango instituzio politikoetan ere, eta are gehiago horrelako abagune berezian?

Aukera bikain bat galdu da, eta oso adierazgarria da. Salatzen ez den zapalkuntzarik ez dago. Ez dago alderdirik zapalkuntza linguistikoa salatzen duenik, eta naturala iruditzen zaigu; beti, beste hainbat gauza dira axola handiagokoak, salatu beharrekoagoak, eta ematen du erretxina izatea dela edota kontentagaitza gure ele nazionala zapaldua dagoela ahoz gora esatea.

Bizkitartean, honela irakurtzen diot Joxe Azurmendiri: “…euskalduna izan eta beste ezer ez naturaltasun guztiz, ezin da, gaurko Euskal Herrian inon ezin delako naturalki euskaraz bakarrik bizi, problemarik gabe, lanean, dendan, klinikan, Unibertsitatean, Ertzaintzan, garraio publikoetan. (…) Euskal Herrian, euskaldunarentzat, eta are gehiago espainola izan gura ez duenarentzat, biolentziaz betea dago eguna goizetik gaueraino, Jainkoaren grazia handia baita biolentziak ez gehiago hartzea beste forma batzuk” (Espainiaren arimaz, 2006: 17-18).

Arrazoi duela esango dugu, baina berdin jarraituko, eta gure ordezkari politikoak horretaz arranguratu gabe.

Espainiarrentzat eta frantziarrentzat zer esanik ez, hain funtsezkoa eta hain inposatu beharrekoa bada euren hizkuntza, guretzat ere ez al da hala izan behar; ez al gara espainiarrak eta frantsesak bezain buruargiak? Horretaz oso kontziente ez garen bitartean, eta kontzientzia horren arabera jokatzen ez duguino, benetan, jai dugu, behera eta behera joango gara komunitate gisa. Baldin eta zinez eta irmo barneratua bagenu hizkuntzaren garrantzia, Suitzak duen bezalako parlamentua galdegingo genuke, baina badugu aurreragokorik, Gasteizko legebiltzarretik eta Iruñekotik hasita, badugunez!

Ez da nahikoa borondatean oinarrituriko ekintzekin, langa gorago jarri beharrean gara. Eskarmentatuko ote gara, beranduegi izan baino lehen!

Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatua

Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatua

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

29 pentsamendu “Hizkuntza-zapalkuntza naturalizatua”-ri buruz

  • Alpargatero 2020-01-10 09:23

    Espainiar guztiok badugu hizkuntza komun bat, espainiera, eta logiko, praktiko eta normalena da hizkuntza hori erabilzea gure soberania ordezkatzen duen Legebiltzarrean.

  • Bejondeiala, alpargatero! Berez bezala etorri zaigun espainiera, munduan bigarren hedatua kasik, literatura aberatsa duena…

  • Barka, edo bejondeinala!

  • Zeinen ongi manipulatzen duzuen espainiarzaleok egia. Hizkuntza ez da “espainiera”, “gaztelania” da. Eta zalantzak izan ditzaket espainiarra naizen edo ez, baina argi dut kastellanoa ez naizela. Zerorrek kastellanoen mintzairan egin nahi baduzu, aurrera Alpargatero, nik euskaraz segiko dut, euskalduna naizenez.
    Ona artikulua, Pako!

  • 1978ko Konstituzioko 3. artikulua: “El castellano es la lengua española oficial del Estado”. Hizpidean zaude “Ba ote”!

  • Erabat ados nago, Patxi, langa gorago ezarri behar da, hil edo bizikoa zaigu eta. Problemea da zelan gauzatu hori. Aspaldi honetan, alderdi politiko euskaldun baten ideia ibili da airean, baina egia esan ez dira asko, nik uste, euskara beren ideologiaren muinean jarriko duten euskaldunak, bigarren planoan utziz beste aspektu batzuk (ezkertiartasuna, feminismoa…).

    Espainiako konstituzioari dagokionez, testuan ez da esaten euskara ezin denik derrigorrezkoa izan. Are gehiago, inplizituki adierazten da betebeharra izango dela:

    española, ofiziala Espainian = jakiteko beteharra eta erabiltzeko eskubidea
    gainerako hizkuntzak, ofizialak beren erkidegoetan = x

    Hiruko erregela horren arabera, beharrezkoa izan behar litzateke euskara jakitea ofiziala den lekuetan. Uste dut betebeharraren nozioa EAEko Estatutuak desagerrarazten duela:

    “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”.

    Tribunal konstituzionalak ez zukeela onartuko bestera egitea? Suguruena, baina Konstituzioak ez dio ezer horretaz, oker ez banago behintzat.

    Azkenik, nik uste dut argi eta garbi esan behar dugula Espainiako hizkuntza espainola dela, hura dela banderarik agerikoena, eta ahoan darabilgun guztietan espainiar nazioa eraikitzen dugula.

  • Gernikako Estatutuak hain zuzen kontrakoa adierazten du: euskara ezagutu eta erabiltzea “eskubidea” da, ez betebeharra.
    Espainiako Konstituzioak gaztelania “eskubidea eta betebeharra” dela dio (deber de conocerla y derecho a usarla).
    Hau da hegoaldeko euskaldun guztik legez gaztelania ezagutzera behartuak gaude, eta erabiltzeko eskubidea dugu. Euskara ezagutzea ordea eskubide soila da, ez betebeharra. Ez da berariaz debekatzen euskara derrigortzea, baina salto hori emateko oso gutxik dute adorea (boto gehiegi jokoan, alderdiak horretan nahasteko). Gogoan izan behar dugu EAEn euskararen normalizazioa arautzen duen legea 1982koa dela, eta lege aldaketa edo berria egitea ez dagoela agendan. Eta ez dela egongo.

    Espainiera/gaztelania eztabaida hizkuntzen izena baino sakonagoa den gaia da. Gaur egun abertzale askori erabat arrotz egiten zaigu Espainia hitza bera, zer esanik ez kontzeptua, baina ezin ahaztu historikoki oso “gurea” izan den kontzeptu bat izan dela. Aro Modernoko euskal apologista gehien gehienak, hegoaldean bederen, espainiarzale sutsuak izan ziren. Espainia bera entitate geografiko bezala irudikatzen zuten, nazioetatik at zegoena. Horrela katalan espainolak, asturiar espainolak, leones espainolak, kastellano espainolak eta euskaldun espainolak zeuden. Karlistek, foruzale eta “protoabertzale” izanagatik, ez zuten arazorik espainiar izateko. Txirritak berak bertso ugari ditu Espainia goretsiz. Pixkanaka, Gaztelak Espainian zuen hegemonia sendotzeko, eta tentsio zentrifugoei aurka egiteko, Gaztela=Espainia identifikazioa bultzatu zuen, zer esanik ez 1898ko “desastreaz” geroztik. Antonio Machadok esan zuen gisa: “España es Castilla ampliada”.
    Gauzak horrela, hizkuntzari izena aldatzea prozesu horretan kokatzen da. “Lengua española=lengua de la nación española=Castilla”. Hau da, kastellano ez diren espainol guztiak ez dira espainolak (edo espainol txarrak dira), eta beraz, asimilatu behar dira. Horregatik, nik nahiago dut gaztelania deitu. Argiago ikusten da delako “espainiar nazioaren” artifizialtasuna, eta argi geratzen da ez dela “gure” berezko hizkuntza, kastillakoena baizik. Zer esanik ez “betidanik hemen espainola hitz egin da” eta antzeko ergelekeriak botatzen direnean. Edo alpargaterok dioen bezala, “espainian espainola” hitz egiten da.
    Barka txapa.

  • Eskubideek betebeharrak dakartzate, bestela ez dira eskubide. Hori da nire ustez gizarteratu behar dugun mezua.

    Espainolez mintzatuz Espainia eraikitzen duzu (ez Gaztela). Hori erraz ulertzen da, eta egia da. Aipatzen dituzun gorabehera historiko guztiak, egia badira ere, konplexuegiak dira gaur interesatzen zaiguna egoki formulatzeko, alegia, espainol hizkuntzak kalte egiten digula, eta haren alde eginez hilobira goazela.

  • Eskubideek ez dakartzate betebeharrak. Unibertsitatearen antzekoa da euskara: hor dago, nahi baduzu matrikulatu zaitez, baina ez zaitu inork behartuko. LH eta DBH ordea, gaztelania bezala, derrigorrez egin beharrekoak dira. Euskara eskubide soil da, derrigortasunik batere gabea. Eta tamalez, hala segituko du araudia aldatzen ez den bitartean. Ea gai garen EAJ eta EHBildu araudia aldatzera behartzeko (besteen jarrera zein den badakigu).

    Eta ados nago diozunarekin, agian zaila da gaztelania zer den azaltzea, baina gaztelaniari espainol deituta, “espainian espainola hitz egiten da” egia bilakatzen da. Alpargatero bezalakoen diskurtsoa legitimatzen da. Ingelesari “britaniar” deitzen ez diogun bezala, ez genioke gaztelaniari espainol deitu behar. Hala uste dut nik behintzat. Eta ikusita ebrotik behera gero eta gehiago jotzen dutela “lengua española” erabiltzera, are gehiago konbentzitzen naiz.

  • Hitz gutxitan, batek ezin du eskubiderik izan besteek ez badute eskubide hori errespetatzeko betebeharrik. Ondorioz, euskaraz bizitzea ez da benetako eskubide bat, txakur ametsa baizik. Hortik hasi beharko genuke.

    Abertzale erdaldun eta erdaltzaleei argi utzi behar zaie espainola hitz eginez espainiar nazioa eraikitzen dutela. Hor ez dago erdibiderik edo hitz erdirik, edo euskaldun zara edo espainola.

  • Euskararena horrelaxe dago, eskubide bat da, inon derrigortu gabea. Eta horrela jarraituko du legez aldatu arte. EAEn zentratuz, legea aldatzea erraza da (prozedura aldetik bederen), EAJk eta EHBilduk badute nahikoa gehiengo (eta sobera) horretarako. Ez dute egin. Akaso, autogobernuaren auziarekin bezala, kontsentsu zabalagoen bila dabiltza? Ez dut uste. Uste dut gai oso toxikoa dela boto emaile askorentzat, eta alderdi abertzaleek, bereziki batek, asko duela galtzeko.

  • Egia diozu, inposizioaren ideia oso errotuta dago; euskarari dagokionez, espainolarenaz inork ez du fitxik esaten. Nire ustez horrexetan egin behar genuke lobby eta pedagogia lan nagusia. Ezinbestekoa da bakoitzari bere burua erretrataraztea kontu honetan.

  • Arrazoi du “ba ote”-k dioenean eskoziarrak, galesak eta irlandarrak ingelesez mintzo direla -gutxitan eta oso gutxik Eskoziako eta Irlandako gaelikoz, gehixeagok baina halere gutxik galesez-, eta ez inola ere britainieraz; eta, funtsean, Gilentxok ere bai, dioenean, edo erabilitako axaleko hitzen azpitik ulertzen zaionean, gaztelaniaz: Gaztela Handia, Espainia eraikitzen dela, eta ez Euskal Herria.
    Euskaraz ari garenean, herri-hizkeraren batean edo batuan, hobetoxeago edo pattalxeago, jasoxeago edo arruntxeago, jatorkiago edo arrozkiago, Euskal Herria eraikitzen dihardugu, eta gaztelaniaz, aldiz, Gaztela Handia, hots, Espainiako erresuma egungo egunean.
    EAEko zergadun guztion diruz finantzaturiko Conquis-en bezala: partaideetatik asko euskaldunak, baina denak gaztelaniaz nahitaez; aisialdiaren bitartez, Gaztela Handia, hots, Espainia eraikitzen, behiala inperiokoak izandako lurretan, balentria fisiko alimalekoak burutan ateraz.

  • Barka, baina ez da hala. Euskaraz ari garenean, herri-hizkeraren batean edo batuan, hobetoxeago edo pattalxeago, jasoxeago edo arruntxeago, jatorkiago edo arrozkiago, Euskal Herria eraikitzen dihardugu. Ez ba, inolaz ere. Hori ari garenean balizko euskaldun anitz uxatzen ari gara, zer hori, zer herri normaletan gertatzen da bada? Herri normalen artean inon ere. Euskara behar da, atzendu – keriak. espainolek eta frantsesek garbi dute eta.

  • “Ba ote” eta “Gilentxo”-ren arteko eztabaida eraikitzailetik puntu bat berreskuratu nahi dut: eskubide eta betebeharrei dagokiena.
    1. Betebehar morala. Euskal Herrian bizi zara (administratiboki EAE, NFE,EHE (Euskal Hirigune Elkargoa)); badakizu bertako berezko hizkuntza euskara izan dela, eta askorentzat edo kopuru handi samar batentzat garrantzizkoa izaten jarraitzen duela euskarak, hots, euskaldun sentitzen dela eta ez espainol edo frantses eta euskaraz mintzatu nahi duela; betebehar morala duzu euskara ikasteko, gutxienez auzokide dituzunak ez behartzeko gaztelaniaz edo frantsesez egitera. Kontzientzian; moralki.
    2. Juridikoki, tamalez, euskaraz jakitea eskubidea da EAEn eta NFEko euskal eremu eta mistoan nolabait, baina betebeharra inon ez.
    Galdera berez dator: noiz bihurtuko da betebehar morala betebehar juridiko?

  • Horixe reibindikatu behar dugu, Pako, eta eztabaida hori sozializatu. Nola lortu baina?

  • Boto-asmoei buruz hainbeste inkesta soziologiko egiten den garaiotan, zergatik ez dira egiten EAEko 1982ko Euskararen Legea eta Nafarroako 1986koa euskaldunon mesederako aldatzeari buruz zein iritzi dauden jakiteko, PNV/Geroa Baiko eta Bilduko boto-emaileen artean? Eginak izango ote dituzte?

  • Euskara betebehar izateko, euskaldunek inposizio ahalmena eduki behar dute. Ez dugu halakorik. Ez dugu ere halakorik osa dezakeen egitura sozialik, euskaldunak PNVren eta EHBilduren aginduetara baitaude. PNVren egitura eta soziologia guztiz espainiarturik daude, EHBilduk ez du hizkuntza mapa aldatu nahi (Eusko Ikaskuntzak eta Ipar Hegoa gidatzen duten erakundeek eskaturik), nazioaren aldean soilik estatu demokratiko multietnikoa soilik bilatzen dute. Hiritartasuna bilatzen dute, naziotasuna bazterturik. Eta egiari zor, ezta hiritartasuna ere, Berria eta Gara, biak ezker abertzalearen hedabideak, PSOEren alde jarri dira guztiz, balizko independentzia estatala zakarrontzira botaz. Abstentzioa erabili dute GALen ondorengoak gobernuan jartzeko, baina abstentzioa edo baiezkoa gora-behera, PSOEren alde jarri da bere agintaritza.

    Orain PSOE eta En Marcheren erabakien mende gaude % 100, hori bait da aipaturiko bi erakunde autonomikoek jarraituko duten estrategia bakarra, alderdi etnoziden gupidan itsaropena jartzea. Euskarak itsaropenik badu, etnoziden gupidan aurkituko du. Historian ez da inor aditua izan behar ikusteko honek suntsipen absolutura eramango gaituela, ez badugu erresistentzia (botere erlazio terminoetan ulerturik) antolatzen.

  • Joker-en iruzkina heavya da, eta beharbada taktika dena estrategiatzat hartzen du, baina garbi dago zantzu oso kezkagarriak daudela euskal nazioarekiko ezaxolan. D ereduak bi heren euskalduntzen omen ditu; B ereduak heren bat edo laurden bat. Ba, ez da neurririk hartzen. Hartzen diren neurriak exijentzia beheratzeko dira. B2 lortzea aski. Hori da Euskaraldia bultzatzeko aipatzen den ezagutzaren unibertsalizazioa? Urrun gaude euskararen unibertsalizaziotik, eta botere instituzionalentzat ez da kezkagarria.
    Aterabidea euskararen eskakizuna jaistea?!
    B2rekin erabileran eragitea zaila da gure lurralde gehieneko testuinguru soziolinguistikoa kontuan.

  • Euskararen presentzia hutsaren hurrena den tokietan ez dago inolako inposaketa gaitasunik (eskaintzaren eta eskariaren legea), euskara leku zehatzetara (ikastola, bertso-eskola…) baino ez baita mugatzen. Euskarak ez du erakargarritasunik langileek (saltoki, taberna…) ikas dezaten, ez baitago eskaera sozialik.

    Hori da Euskal Herrian pairatzen dugun arazo handienetako bat, alegia, lurralde osoan euskaldun aktiboak ez egotea eta eremu euskaldunen eta erdaldunen arteko euskarazko harreman eskasa.

    Hori aldatzen ez bada gerta daiteke jende askok erabakitzea euskara ikasteak ez duela merezi (Irlandaren kasua).

    Bestalde, demografiaren afera oso garrantzitsua da. Demokrazian gehiengoak agintzen du eta gehiengoak finkatzen ditu egin beharreko politikak.

    Adibidez, euskaldun aktibook (EHa bere osotasunean kontuan hartuta eta ez soilik euskalki zonaldeak) %50a bagina, inposizio ahalmenaren ondorioz A eredua desagertaraziko genuke, zineman euskarazko film gehiago ikusiko genituzke, liburu gehiago itzuliko lirateke…

    Kataluniaren adibidea hor dago:
    Ama-hizkuntza: %31
    Hitz egiteko ahalmena: %84,7
    Ulertzeko ahalmena: %97,4
    Irakurtzeko ahalmena: %90,5
    Idazteko ahalmena: %62,3
    Erabilera soziala kalean: %51
    Erabilera soziala etxean: %45

  • Ondo ekarritako eztabaida, Pako. Ados Gilentxorekin denean. Eta badu arrazoitik Jokerrek ere.
    Ezin dugu EAJren eta EHBilduren zain egon. Sindikatu abertzaleei ere gehiago eskatu behar zaie, eta Eusko Ikaskuntzaren proposamen zenbait auzitan jartzeko garaia dugu, berandu baino lehen. Estatu español / frantses uniformizatua litzatekeena, multietnikotzat mozorrotu nahi izatea ere! Hori bada gure intelektualen maila… Ez bada beste zerbaitetan ari zaizkigula.
    Antolatu beharra daukagu bai. Premiaz. Eta eragile abertzaleei ekimena exijitu, eta utzikerian (EHBildu) edo iruzurgintzan (EAJ) dabiltzanean salatu. Eta gure inguruko euskaltzale eroso bertangoxotarrei, epeletik irteteko eskatu.

  • “Euskararen presentzia hutsaren hurrena den tokietan ez dago inolako inposaketa gaitasunik … euskara leku zehatzetara (ikastola, bertso-eskola…) baino ez baita mugatzen. Euskarak ez du erakargarritasunik langileek (saltoki, taberna…) ikas dezaten, ez baitago eskaera sozialik” diozu, Hego. Partez baino ez nago ados.
    Jar gaitezen Altsasun, edo Iruñean nahiz Gasteizen, Bilbon…
    Euskarak apenas du presentziarik horietan guztiotan (erabilera %3tik beherakoa)… ekimen politiko ganorazkorik ez dagoelako (alderdi abertzaleen hizkuntza politika iruzurra da), eta euskalgintza antolatuak ere, egoera eta diskurtso fikziozkoak eraiki dituelako, salbuespen bakanak salbuespen.
    Aipatutako hiri eta herrietan eta beste askotan ere, euskararen presentziak jauzi handia egin dezake (aurrera jauzi, erran nahi baita), alderdi abertzaleek borondaterik (eta ganorarik) erakutsiko balute, eta euskalgintzak duela hamarkada batzuk erakutsi zituen ausardia eta zintzotasuna berreskuratuko balitu.
    Ez da askorik behar euskara erakargarri bilakatzeko. Borondatea, ekimena eta antolaketa. Ez besterik. Ezta Iruñean, Altsasun edo Tafallan ere!

  • Artikuluak sortutako eztabaidari begira jarrita, lehenbiziko iruzkin hau irakurri nuenean: “Espainiar guztiok badugu hizkuntza komun bat, espainiera, eta logiko, praktiko eta normalena da hizkuntza hori erabilzea gure soberania ordezkatzen duen Legebiltzarrean.”, berotu egin nintzen, eta purrustada labur bat bota nuen. Bulkada emozionalak hozten utzita, “alpargatero”-ri aitortu behar zaio horixe dela Madrilgo kongresuan ez ezik gure arteko bileretan gehienetan egiten duguna, hots, gaztelaniaz (etxepeko bileretan, hainbat elkarte eta aretotan biltzen garenean), denok dakigulako, bilerak azkarrago joaten direlako eta hitz batean praktikotasun eta efizientzia arrazoiak direla medio. Eta horri buelta ematen hasteko, euskaldun izatearen kontzientzia indartzeaz eta zabaltzeaz gain, euskararen unibertsalizazioa lortu behar (B2 gutxitxo da, C1 lortu behar).
    Asko gustatu zait amaiera eder hau. Hori gauzatzea are ederrago izango litzateke, noski: “Ez da askorik behar euskara erakargarri bilakatzeko. Borondatea, ekimena eta antolaketa. Ez besterik. Ezta Iruñean, Altsasun edo Tafallan ere!”
    Zeuen iruzkinekin parte hartu duzuenoi, eta berdin irakurle moduan parte hartu duzuenoi, esker mila!

  • Zapalkuntza naturalizatua? Zapalkuntza badenik ere ukatzen ari dira eta! Zeintzuk, eta beren buruari “abertzale” (komeni denean) deitzen dioten batzuk, hain zuzen ere!

    Artikulu hau erakusgarri perfektua da. Titular triunfalista, autokritika gabezia, hondamendia ukatuz ostrukarena egitea… denetik dauka eta dena txarra. Euskararen gaineko azterketa batean nola utz daitezke natalitatea eta inmigrazioa kanpoan? Berdin-berdin, 0 hitz lehen sektorearen krisiaz edo barnealdeko ekonomiaren ahuleziaz.

    https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2020-01-13/hemeroteca_articles/el-numero-de-vascoparlantes-aumentara-en-iparralde?fbclid=IwAR1LmnH2MnElurDRIzR3XMn4avLRVaWCHVoF2ZvbHlGl48YQ922im2GS1Zo

    Hemen batzuk herria engainatu nahiean dabiltza “dena ondo doa” gisako mezuekin, baina errealitatea bestelakoa da. Izorratuak gaude, ondo izorratuak gainera. Geroz eta lehenago hartu horren kontzientzia geroz eta hobe, gure esku baitago joera iraultzea

  • Datu bat: kastillanoa Araban ERE jaio da, ez da hor nonbaitetik etorritako hizkuntza arrotza. Filologo denek dakite hori, are abertzaleenek ere.

  • Zer esan nahi duzu zehazki “xakht”?

  • Zer den itsua izatea! Aipatu dituzun herri eta hiri horietan guztietan bizi gara euskaldun gehienok, eta bertan leitzen dire liburu eta egunkari, euskarazkoak, gehienak, musika,aldizkari eta nahi den oro.

  • Izatekotan filologo guziek, ez denekl. Bato. Eta biga: erakutsi itzazu datuak, frogak.