Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan

Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan –

Ikasturtea bukatuta dagoela euskal hezkuntzako hizkuntza ereduen  eraginkortasunaren inguruan hausnarketa sakona egin beharra dago; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Eustaten argitaratutako datuen arabera 2020/2021 ikasturtean Euskadin derrigorrezko eta derrigorrezkoak ez diren etapetan eredu euskalduna (D eredua) arrakasta handiena izan duena 255.763 ikasle ikasi baitute beraien ikasketak osotasunez euskaraz. Eredu erdaldunean (A eredua) 55.259 ikasle eta bitartekoan (B eredua) 67.449 ikasle. Datu horiek agerian ikusten dute gaztelaniaz ikasteko matrikulazioen datuak oraindik oso sarriak direla, batez ere Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zikloetan. Euskaraz ez ikasteko arrazoien artean izaten dira euskaraz ikasteko eskaintzak eskasak direlako aipatutako hezkuntza maila gorenetan edo itunpeko ikastetxe askotan D ereduaren aldeko apustua ez delako egiten. Hortaz, euskal hezkuntzako maila guztietan euskalduntze prozesua eraginkorra izateko hurrengo aldaketak gauzatzeko beharra dago:

Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan

Lehenik, ikastegietan eskaintzen diren hizkuntza ereduei erreparatuz, sare publikoan D eredua da eskaintza nagusia duena. Hala ere, badaude herri batzuetan A eta B eredua eskaintzen duten eskola publikoak, nahiz eta haietan eskaera oso eskasa den. Horregatik, matrikulazioak kontuan hartuta ikastetxe publikoek arrakasta handiena duen eredu euskalduna eskaini beharko litzateke  soilik. Bestetik, Itunpeko ikastetxeei dagokionez, bereizi egin behar dira Ikastolen Elkarteko eta Kristau Eskoletakoen ikastegiak. Ikastolen eskaintza D eredukoa da, baina Kristau Eskoletakoa A eta B ereduetako da gehienbat.

Hori dela eta, desoreka nabaria dago Euskal Herrian sare publiko eta kristau eskolen eskaintzen artean euskaraz osotasunez ikasteko orduan. Argi dago itunpeko ikastetxeek berezko ikuspuntu eta interes pribatu batetik bere hezkuntza eskaintza plazaratzen dituztela gizarteari eta eskubide hori dutela, baina erakunde publikoak ez diren arren milaka haur jasotzen dute bere baitan eta gizartearen eragile garrantzitsuak dira. Beraz, Kristau Eskolak D ereduarekiko duen jarrera birpentsatu beharko du eta ausardia izan euskalduna eta eraginkorra den D eredua eskaintzeko euskalduntze prozesuaren onurarako.

Bigarrenik, kezkagarria da ikasle batzuk duten joera herri batzuetan Batxilergoa A ereduan ikasteko aurreko hezkuntza etapak D ereduan ikasi duten arren; adibidez, Barakaldoko Udaleko hezkuntza arloko zerbitzu teknikoak idatzitako, Matrikulazio txostena 2020-2021 ikasturtea izeneko idazkian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan A ereduan 195 ikasle matrikulatuta zeuden eta D ereduan 1536 ikasle. Batxilergoan ordea, datuak ezberdinak dira; A ereduan 536 ikasle ikasi dute eta D ereduan 446 ikasle. Aipatutako egoera hori ohikoa da batez ere eremu erdaldunetan eta horrek adierazten du hezkuntza euskalduntze prozesuak ez duela funtzionatzen hainbat udalerrietan; izan ere, nahiz eta gehienbat ikasleek derrigorrezko etapetan D ereduan ikasten duten, kopuru handi batean itunpeko ikastegietara joateko joera dute, hauetako batzuk A eredua eskaintzen baitituztelako. Ondorioz, erakunde publikoen aldetik jarrera aldatu beharra dago, zeren ez da inolako kanpainarik egiten derrigorrezkoa ez den Batxilergoko ikasketak ere euskaraz egiteko eta horrek kontraesana ipintzen du hainbat udalek egiten duten apustua derrigorrezko etapetan euskaraz ikasteko.

Hirugarrenik, Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetan heziketa zikloak euskaraz izateko bultzadak egin diren arren eskaintza oso eskasa da eta orokorrean gaztelaniaz dira gehienak. Eustaten datuen arabera Euskadin ikastetxe publiko eta itunpekoen datuen batuketa eginez guztira 2020/2021 ikasturtean A ereduan  18.090 ikasle ikasi zuten Lanbide Heziketako Erdi edo Goi Mailako zikloren bat. Aldiz, D ereduan b, 9.321 ikasle.  Hortaz, eginbeharra dago erakundeen aldetik Lanbide Heziketa euskalduna izateko; izan ere, ikasle gehienek beraien ikasketa prozesuan euskaraz ikasten dute, baina derrigorrezko etapa bukatzerakoan, gehienetan ogibidea gaztelaniaz ikasteko aukera bakarra dute eta horrek hainbat ondorio kaltegarriak ekar dezake. Adibidez, ikasitako ogibideetan gaztelania erabiltzeko joera izatea. Gainera, ikasle askoren ama-hizkuntza euskara da, baina zoritxarrez nahi duten zikloa beraien hizkuntzan ikasteko aukera ez dute ziurtatuta, horrenbestez eskubidea izan behar dute ama-hizkuntzan lanbidea ikasteko.

Laburbilduz, hizkuntza ereduen matrikulazioak eta eskaintzak ikusita, D ereduaren arrakasta nabarmena da, baina aurreko irakurketaren egin ondoren, hori ez da guztiz egia, ikasle ugari ibilbide akademikoaren amaierako ikasketak A ereduan garatzen baitute. Horregatik, erakundeen aldetik murgiltze-ereduaren indarketa sakona eta eskaintza erakargarria egin beharra hezkuntza etapa guztietan; izan ere, ikertutako hainbat datu ikusi ondoren, eredu hori da eraginkortasunez euskalduntzen duena. Ikerketek erakusten dute soilik murgiltze sistema batean eskolatutako haurrak gai direla Euskal Herrian dauden bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko.

Beraz, agortuta daude indarrean diren hizkuntza ereduak eta, ondorioz, Euskal Herriko hezkuntza legean euskarazko hizkuntza murgilketa eredu bakarra  egon beharko litzateke araututa, elebitasuna bermatzearekin batera, hori baita modu bakarra euskaraz ikasteko eskubidea guztiz ziurtatuta egoteko derrigorrezkoak diren zein ez diren hezkuntza maila guztietan.

Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan

4 pentsamendu “Hizkuntza murgilketa indartu Euskal Herriko hezkuntzan”-ri buruz

  • Semenogorri 2021-08-04 01:45

    1. gaurko D ereduak ez du erabilera handiagorik ekartzen; izan ere, ikasle gehiengoak espainieraz pentsatzen duelako, izan etxeko ohiturengatik, izan gizarte sareengatik. Batzuk euskara etxetik beretik jaso arren! Joskera berez hankaz gora.
    Azterketa bat prestatu behar dutenean espainierara itzuli, ikasi eta berriro euskaratzen dute; euskaratik euskarara egin barik, hau da, bi puntuen arteko biderik laburrena beti lerro zuzena da-eta. Horretan errutik zein erantzunetik irakasleek zein maisu-maistrek ( Lehen hezkuntzakoak ) ardura izaten dutenean, baina, oso erosoa soldata hile amaieran osorik jasotzea estuasunik eta kontzientziarik gabe.
    2. hezkuntza sistemak ez du azaltzen zergatik euskarak atzera egin duen, zergatik iraun duen bizirik gaur arte edota euskalkien arteko aldeak zergatik gertatu ahal izan diren; estatua izan ginen, Nafarroa. Kolonizazioak eta asimilazioak ekarri dizkigute banaketa, desagerpena eta gutxiespena hizkuntzaren aldetik.
    Hori azalduko balitz, euskararekiko hurbilketa izango lukete; bitartean, gaur egun, zoritxarrez, euskara ez da eurena. Orain dela urte batzuk, konfrontazioa zegoen eta horrek ezberdintzen zuen, hala ere, ezjakintasun horrek gertatzen jarraitzen zuen; izan ere, gure kulturak, historiak, lurraldetasunak eta hizkuntzak ez zuten sortzen berezko nortasunik.
    Marra hori dagoeneko lausotu da, etengabeko onkerian murgildu garela.
    3. hizkuntz komunitate bat sortzeko emakumeen aldeko diskriminazio positiboaren politika bera egin beharko lukete. Ez da egiten, beraz, ume euskalduna da ur tanta bat espainiar hiztunen itsaso zabalean, D eredua murgilketa eredu egiazkoa ez delarik. Gune erdaldunetan ikusi baino ez da egin behar, baita herri euskaldunetan ere. Euskara pikutara doa, hizkuntza hegemonikoa espainola da-eta, umeek berehala bereganatzen dutena non eta erdal hiztunen gelan, D eredua izan arren.
    4. Arrue txostenek eta ebaluaketa diagnostikoenek euskararen erabilerarik eza eta kalitate kaskarra urtez urte salatzen dituzte, lehenengo motakoak oraindino eguneratu gabe, pandemia dela-eta, ziurrenik, oso txarrak.
    5. Unionistek ez dute euren seme-alabeek euskara ikastea nahi. Aukerarik urardotuenak aukeratzen dituzte-eta, A eta B ereduak.
    Aspaldiko erabaki politiko bat egon beharko zen benetako murgilketa bakar baten harira, baina, hori, antza, politikari batzuentzat ” pandora kutxa” zabalduko balitz bezalakoa da.
    6. Seme-alaba gehiago euskaldun kopurua trinkotze aldera beharko litzateke. Ez da gertatzen. Horren beharrean etorkinen seme-alabak dauzkagu gero eta gehiago edonon, baita arnasgunetzat izandakoetan ere. Abiada horretan bertakotzerik ez. Leku gutxitan euskalduntzen dira, gehienetan ez. Bertokoen jarrera oso epela edo indiferentea delarik, gaia munta handikoa da-eta!

  • Aritza Urrengoetxea 2021-08-04 08:59

    Guztiz ados zure gogoetarekin,

  • “Euskal Herrian dauden bi hizkuntza ofizialetan eraginkortasunez moldatzeko.”
    Frantsesa ta española?
    Euskal Herriko hizkutza bakarra da, euskara, eta bigarren mailan dago, legalki estatu konkistatzaileen hizkuntzek status hobea dutelako…
    Baskongazentrismo gutxiago behar dugu

  • Guztiz ados, Semenogorri.
    Atzera eta atzera goaz, euskalginza, ikastolak eta “euskal” eskola publiko delakoaren isiltasun ozena lagun. Alderdi eta bestelñako eragile abertzaleak “gauza inportanteetan” omen.
    Harrigarria da D ereduko (zein den ere) arduradunen eta irakasleen isiltasun orokortua.
    Irakasle banintz, areago zuzendari banintz, zerbait esateko behar larria izango nuke, hemen idatzi direnei erantzuteko, era batera edo bestera.
    Hori ere, gure osasun egoera kaxkarraren seinale.