Hizkuntza inperialismoaren morroiak kontraerasoan

Hizkuntza inperialismoaren morroiak kontraerasoan –

Hizkuntza inperialismoaren morroiak kontraerasoan -Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik (1512-1521) gaztelania gehiengo euskaldunari inposatzea izan da Nafarroa Garaia kolonizatzeko politikaren ardatzetako bat. Hizkuntza asimilazioa 1759an areagotu zen Gaztelako Carlos III.a eta Nafarroako VI.a tronura igotzearekin, erresumako lurralde guztietan irakaskuntza aldatzeko politikari ekin baitzion, gaztelania goresten, ezartzen eta inposatzen zuela inperioko hizkuntza ofizial gisa, mendeko guztiak hizkuntza berean mintzo zitezen. Politika glotozida hori XIX. mendean hauspotu eta diktadura faxistan larriagotu zen.

Kolonizatzeko politika gaztelauak edo espainiarrak bere helburu nagusietako bat erdietsi zuen:  Nafarroa Garaiko XVI. mendeko gehiengo euskalduna desagertzeko zorian den hizkuntza gutxiengo bilakatzea. Suntsitze plan hau, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala, ideologia supremazista batean oinarritzen zen eta horrek herritarrei hezurretaraino sartu zien normala dela hizkuntza eskubiderik ez izatea edo hizkuntza berekiaren transmisioaren galera.

Diktadore faxista hil ondoren, euskara berreskuratzeko borrokan ziharduen (eta diharduen) mugimenduak lortu zuen 1980an Nafarroako Parlamentuak ebazpena onestea euskara ofiziala izan zedin Nafarroa guztian. Baina erregimenaren botere faktikoek, trikimailuez baliatuz, Vascuencearen Legea ezarri zuten 1986an, irizpide historikorik edo soziolinguistikorik gabeko hiru hizkuntza eremu marraztuz. Xede bakarra zuten menderatze eta minorizatze egoera betikotzea. Politika horrek galarazten du maiz euskara ikastea eta administrazioan erabiltzea, edo ikustezin bihurtzen du hizkuntza paisaian.

2015eko maiatzean hizkuntza politika aldatzeko abagunea sortu zen laukoaren gobernuarekin. Zenbait gauzak hobera egin zuen (neurri txiki batean), baina laster jabetu ginen ez zegoela batere asmorik Foru Komunitate guztian euskara ofizial bihurtuko zuen lege bat egiteko. Horren ordez, gaizki deitutako eremu ez-euskalduneko Udalei eremu mistora igarotzeko aukera eman zitzaien eta, ondorioz, banaketa are barregarriagoa gertatu zen aurrekoaren aldean. Euskararen erabilerari buruzko dekretu bat ere onetsi zen (hagitz murritza), Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaiek hein handi batean baliogabetu dutena.

Ideologia espainolistako sindikatu batzuek aurkeztu dituzte pleituak Euskararen erabilerari buruzko dekretuaren aurka, ustez gure hizkuntza erdaldun elebakarrei inposatzeak eragiten dien bazterkeriarengatik, noiz eta begi-bistakoa denean gaztelania inposatzen zaiela beti Nafarroa Garaiko herritarrei. Horrela jokatzean, agerian utzi dute inperioak orain dela 500 urte baino gehiago ezarri zizkigun botere egituren morroi aritu direla.

Egoera honen aterabide bakarra da Nafarroa guztian euskara ofizial bihurtuko duen lege bat egitea eta hizkuntza politika bat, nafarrei euskaraz jakiteko eskubidea ziurtatu eta euskaldunei euskaraz bizitzea bermatuko diena.

Raul López Ekai eta Araceli Montes Calvo, STEILAS

Hizkuntza inperialismoaren morroiak kontraerasoan

STEILAS sindikatua, Hezkuntza

Zer duzu buruan “Hizkuntza inperialismoaren morroiak kontraerasoan”-ri buruz

  • Baskuentzearen legea onartu baino lehenagotik ari gara ofizialtasuna EH osorako aldarrikatzen. Lorpena baina, aldeko alderdien esku dago. Oraindik gutxiengoa diren alderdietan. Aldarrikatzen jarraitzeaz batera, gure esku badago euskara hutsez arituko den erakunde politikoa edo euskaldunon alderdia sortzea: Nafarroa Garaian 20.000 boto inguru lortzera heldu daitekeena: abstentziotik, Madrilera begira dauden alderdietatik zein ustez alde dauden batzuetatik aterako direnak. Parlamentuan gehiengoa prestatzen joateko, euskaldun eta erdaldun guztiak euskaraz formatuz zein Nafarroa Garaian behar diren 5.000 lanpostu berri inguru sortzen jarraitzeko eta hiru mila milioi (3.000.000) euro dohaintasuna lortuta. Gero gerokoa.
    Horixe bai euskal iraultza lortuta!

    Urtzi Ihitza