Hizkuntza eskubideak ere berrogeialdian

Hizkuntza eskubideak ere berrogeialdian –

Alerta egoeran gaude. Herritarren osasuna alertan, jendartearen ongizatea kolokan. Segurtasunaren izenean hainbat neurri hartu dituzte erakunde publikoek baina neurri horiek iragartzeko mezuek ez dituzte hizkuntza-eskubideak kontuan hartzen.

Hizkuntza eskubideak ere berrogeialdian
Arg: agilemktg1 (Flickr)

Egun hauetan zenbat mezu, jakinarazpen, ohar, gomendio… jaso ditugu, web gune, sare sozial, bando, gutun, posta elektroniko… eta ia dena gaztelania hutsean. Hor dabiltza ere, gure hiri eta herrietan Udaltzain, Foruzaingo, Ertzain zein bestelako poliziak megafonietatik oharrak emanez, gaztelania hutsean, noski. Izan ere, horrelakoetan, askok txikikeriak dela uste dute hizkuntza-eskubideen errespetua zein bestelako eskubideen aitortza eta bermea eta beste  zenbaitetan bere garaian hartutako erabakien ondorio ere badira, adibidez lan-postu publikoetarako sarbidean euskara aintzat ez hartzearen ondorio.

Horrelako egoeretan garrantzia berezia du mezua ahalik eta pertsona gehiengana gertutasunez heltzea, hartzaileak ongi ulertuko duela bermatzeaz gaindi, gertutasuna transmititu eta kontuan hartzen ditugula adierazi beharrean gaude. Hori ere badelako zaintza.

Erakunde publikoek ematen dituzten zerbitzuetan egokitasuna, kalitatea eta segurtasuna ere bermatu behar dituzte.

Osasunarekin lotutako zerbitzu, erabaki eta neurri oro kalitate handienekoak izateko, hizkuntza-eskubideak ere, era egokian bermatu behar dituzte.

Beraz, egoera honetatik alor eta zerbitzu asko hobetzearen garrantziaz konturatzen ari garen honetan, badago zer egina zerbitzu horietako hizkuntzaren alorrean ere.

Egun hauetan, Hizkuntz Eskubideen Behatokian herritarren helarazitako hainbat kexa jasotzen ari gara. Etorkizunean kontuan izango dituzte erakundeek?

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 24koa]

Hizkuntza eskubideak ere berrogeialdian

Hizkuntz Eskubideen Behatokia.