Hizkuntza-eskubideak bermatzeko

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk –

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatu du Kontseiluak Iruñean

  • Kohesioa, berdintasuna eta justizia helburu, hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk adosteko beharra aldarrikatu du Kontseiluak
  • Herritar euskaldunak zokoratzen dituen politiketara ez itzultzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari ehunka herritarrek Iruñeko kaleetan
  • Dekretu berriaren inguruko eztabaida eskubideen parametroetara bideratzea aldarrikatu du

Kontseiluaren deiari erantzunez, ehunka herritar bildu dira Iruñeko kaleetan etorkizuneko politiketan eskubide murrizketarik egon ez dadila aldarrikatuz. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, Baluarte plazatik abiatu eta Sarasate pasealekuan amaitu da manifestazioa, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzartzearekin.

Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berria izan du mintzagai; iraganeko politikak uxatu, eta kohesioa, berdintasuna eta justizia helburu, euskaraz bizi nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko adostasun batzuetara iristeko beharra aldarrikatu du.

Duela hogei urteko inertziak

Sarasate pasealekuan bilduta zeuden herritarren aurrean Bilbaok gogora ekarri du duela hogei urte Kontseiluak euskaldunon eskubideen defentsan lan egiteko Hizkuntz Eskubideen Behatokia sortu zuela. Eta hain zuzen, asteartean bi erakundeetako ordezkariek egindako agerraldian adierazi bezala, Behatokiaren hasierako ekimena izan zen orduko Nafarroako Gobernuak argitaratutako zenbat deialdiren kontrako errekurtsoak jartzea. «Esan behar dizuet azken bi urteotan pare bat hamarkada egin dudala atzera, déjà-vu antzekoa sentitu dudala», esan du Bilbaok. Izan ere, «azken bi urteotan Nafarroako Gobernuak argitaratu dituen ehunka lan deialditan duela bi hamarkadako politika ilunetan erabiltzen zituzten irizpide berberak baliatu dituzte».

Dekretu berrian, herritarren eskubideak aztergai

Nafarroako Gobernuak epe laburrean argitaratzea iragarri duen Dekretu berriaren harira, Kontseiluko ordezkaria oso kritiko agertu da. Izan ere, «filtrazioen bidez ari dira dekretuaren gaia gizarteratzen, eta horrela, eztabaidaren muina haiek erabakitako puntu batzuetara eramaten ari dira».

Bide horretan, Bilbaok esan du eztabaida ezin dela mugatu ea euskararen ezagutza alemanaren, ingelesaren edo frantsesaren parekoa izango den zehaztera, bere hitzetan, «euskara ez eta gainerako hizkuntzak baloratzea, duela hogei urteko politika ilunetara itzultzea» litzatekelako. Sakoneko eztabaida Dekretu berriak euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubideak bermatzean kokatzen dela aldarrikatu du: «Euskararen baloraziotik harago, euskaraz bizi nahi dugun herritarron eskubideak bermatzeko dekretua izango den ala ez da aztertu beharrekoa».

Kohesioa, berdintasuna eta justizia ardatz

Bilbaok gogoan izan du duela bi urte auzitegiak euskararen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zuela, eta hori zuzentzeko prestatu behar zutela Dekretu berria: «Gobernuak esan zigun baliogabetutako artikuluak berridatzi eta babes juridikoa izan dezaten dekretu berria jorratzen hasiak zirela, eta azkar onartzeko asmoa zutela». «Kontua da baliogabetutako artikuluak zuzentzeko baino, atzerapausoak egin eta herritarren eskubideen urraketak betikotzeko neurriak bilduko dituen dekretua prestatzen ari direla», esan du. Eta, beraz, «hitza ez betetzeaz gain, euskararen ezagutza baztertu nahi dute etorkizuneko hainbat landeialditatik, ondorioz, hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuz» azaldu du.

Horregatik guztiagatik, Kontseiluko eledunaren arabera, gizarte kohesionatu, justu eta berdinzalea ardatz izango dituen politika batek ezin du herritarrak baztertuko dituen arau bat aurrera eraman.

Gutxieneko batzuk adostu beharra

Hitzartzearen amaieran Kontseiluko idazkari nagusiak eragile politikoei dei egin die oinarrizko adostasun batera iristeko. «Zeinek bere arduratik, zeinek bere erantzukizunetik… baina marra gorri batzuk, gutxieneko batzuk, adostu behar ditugu», aldarrikatu du Bilbaok. Eragile politikoez gain, euskalgintzari, eragile sozialei zein eragile sindikalei egin die erreferentzia, eta adostasun horietara iristea «ezinbestekoa» dela adierazi du, «Dekretuarekin hogei urtera atzera egin ez dezagun, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu ez daitezen».

MANIFESTAZIOAREN AMAIERAKO HITZARTZEA Iruñean, 2021eko uztailaren 2an

Arratsalde on, lagunok

Bai, beste behin, Iruñeko kaleetan gaude eskubide-murrizketarik egon ez daitezela eskatzen. Beste behin atera behar izan dugu bigarren mailako herritar gisa hartu behar ez gaituztela aldarrikatzera. Beste behin, honetan guztian, berdintasuna jokoan dagoela esatera atera gara kalera, eta beraz, gaur gizarte kohesionatu, justu eta berdinzalearen alde atera gara, beste behin.

Eta, utziko didazue azken egunotan behin eta berriro etortzen ari zaidan oroitzapen bat partekatzen. Lehen pertsonan bizitako pasarte bat partekatzen: Aurreko larunbatean, Euskalgintzaren Kontseiluak euskaldunon eskubideen defentsarako sortu zuen erakundearen hogeigarren urteurrena izan zen: Hizkuntz Eskubideen Behatokiarena hain zuzen.

Eta, gogoan dut duela hogei urte, Behatokiaren izenean egokitu zitzaidala Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentura jotzea, Gobernuak berak argitaratutako deialdi batzuen kontrako gorako helegitea, gorako errekurtsoa jartzera. Horixe izan baitzen euskaldunon defentsaren alde sortu berria zen euskalgintzaren erakundearen lehen lana, Nafarroako Gobernua lan deialdiekin egiten ari zena salatzea.

Hemengo batzuok gogoratuko duzue zein zen Nafarroako testuingurua: orduko Gobernuak euskararen / euskaldunon aurkako gurutzada berria hasia zuen; batetik, euskararen inbisibilazioa lortzeko, eta, bestetik, euskarari balio osoa kentzeko, are bazterrago botatzeko. Gogoan izango dituzue euskararen erabilera edota espazio publikotik presentzia bera desagerrarazten zituzten orduko dekretuak… Eta, horrekin batera, lan deialdietan hasitako estrategia: euskararen ezagutza erabat baztertu, eta Nafarroan ez berezkoak ez ofizialak ez diren hizkuntzen ezagutzaren balorazioa.

Bada, esan behar dizuet azken bi urteotan pare bat hamarkada egin nuela atzera, déjà-vu antzekoa sentitu nuela. Izan ere, azken bi urteotan Nafarroako Gobernuak argitaratu dituen ehunka lan deialditan irizpide bera aplikatu da Nafarroako eremu handienean. Eta, bai, esan behar dizuet hotzikara sentitu nuela, honez gero ahaztuak ziren garai ilunetako oroitzapenak etorri zitzaizkidalako bat-batean.

Eta gaur hori salatzera atera gara Iruñeko kaleetara. Eta jakin dakigu pasatutako urak ez duela errotarik mugitzen, eta lan-deialdi horiek bere horretan geratuko direla. Halere, bada etorkizun hurbilari begira kezkatzen gaituen zerbait, eta horrek ere ekarri gaitu gaurko mobilizaziora.

Kontua da, azken egunotan, hedabideen bidez aurreratzen ari zaigula etorkizunean ere hainbat lanpostutan eta hainbat eremutan politika horrekin jarraitzeko asmoa dagoela.

Eta, beraz, amesgaizto gisa irudikatu nuena, errealitate bihurtzeko asmoa dagoela berresten ari dira.

Duela bi urte auzitegiak euskararen dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zuen. Gobernuak esan zigun baliogabetutako artikuluak berridatzi eta babes juridikoa izan dezaten dekretu berria jorratzen hasiak zirela, eta azkar onartzeko asmoa zutela. Kontua da baliogabetutako artikuluak zuzentzeko baino, atzerapausoak egin eta herritarren eskubideen urraketak betikotzeko neurriak bilduko dituen dekretua prestatzen ari dela. Eta, beraz, hitza ez betetzeaz gain, euskararen ezagutza baztertu nahi dute etorkizuneko hainbat lan-deialditatik, ondorioz, hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuz

Eta modu oso desegokian ari dira. Izan ere, filtrazioen bidez ari dira dekretuaren gaia gizarteratzen, eta horrela, Dekretuaren eztabaidaren muina haiek erabakitako puntu batzuetara eramaten ari dira.

Eta gaur hori ere bada azpimarratu beharreko kontu bat: hemen afera ez da soilik ea Dekretu berrian euskararen ezagutza alemanaren, ingelesaren edo frantsesaren pare baloratuko den. Hori egitea, esan bezala, duela hogei urteko politika ilunetara itzultzea litzateke. Hemen sakoneko eztabaida da ea Dekretu berriak euskaraz bizi nahi duten / nahi dugun herritarroi eskubideak bermatzeko neurriak jasoko dituen. Ez dugu bat egiten dekretu honek mataza txiki bat duen ideiarekin, inondik inora ez. Herritarren eskubideak bermatzeko dekretua izango den ala ez aztertu beharko da.

Izan ere, kezkaz bizi dugu behin eta berriro erabiltzen ari den argudioa: errealitate soziolinguistikoarena batik bat. Egoera gutxituan dagoen edozein kolektiboren eskubideen bermeari lotzen bagatzaizkio, arriskutsua da une oro kolektibo horrek kopurutan duen egoerari erreparatzea. Hautsak harrotuko lirateke, politika publikoetan gutxiengoa edota gutxituak diren kolektiboak arrazoi horrengatik baztertuko balira.

Edozein politika publikoren helburuak izan behar du errealitatea aldatzea, ahalik eta gizarte kohesionatu, justu eta berdinzaleagoa lortzeko. Hortaz, errealitate soziolinguistikoa aldatzea helburu ez duen politikak hiru ardatz horien kontra egiten du. Tamalez, ikusi izan genuen urte luzez, errealitate soziolinguistiko okerrera aldatzeko Gobernuak izan zuen joera.

Aurretik esan dugu, eta gaur berretsi nahi dugu, ez genuke politika ilunetara itzultzerik nahi. Alegia, herritarren hizkuntza-eskubideak urratuko dituzten neurriak onartu eta egungo errealitatea aldatu nahi ez duten politiketara ez dugu bueltatu nahi.

Bestalde, eskubide-murrizketarik ez leloaz gain, gaur bada beste lelorik: Hizkuntza eskubideen alde batuz. Sinistuta gaudelako batuz aldatzeko aukera gehiago izango dugula.

Honez gero, ehun eragilek argi dugu zein izan behar duen etorkizuneko hizkuntzapolitikaren norabidetzeak: euskararen erabilera erosorako baldintzak bermatzea. Euskararen lurralde osoko eragileen ekarpenekin osatutako proposamena jarri dugu mahai gainean, Ainhize Monjolosetik Tuterara arteko eragileekin adostu dugu zein izan behar duen etorkizuneko hizkuntza-politiken helburua. Bai, lagunok, Tuteratik ere jaso ditugu ekarpenak. Bertan ere, euskararen erabilera erosorako baldintzen beharra aldarrikatzen dutelako.

Eta gaur hori eskatzera atera gara. Kalera atera gara, bai, baina kontua da hemendik aurrera zer eta nola egingo dugun lan. Guztiok jokatu behar dugu erantzukizunez, euskalgintzak, eragile sozialek, eragile sindikalek…. Eta nola ez, bai eta eragile politikoek ere. Zeinek bere arduratik, zeinek bere erantzukizunetik… baina marra gorri batzuk, gutxieneko batzuk, adostu behar ditugu Dekretuarekin hogei urtera atzera egin ez dezagun, eta herritarren eskubideen urraketak betikotu ez daitezen. Beharrezkoa dugu oinarrizko adostasuna lortzea. Azken boladan behin eta berriz errepikatzen ari garen moduan BATUZ lortuko dugulako ALDATZEA, bai eta Nafarroako Gobernuko dekretua ere. Hortaz, denok lanera!

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.