Hizkuntza aktibismorako tailerrak

EHEk HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO tailerrak jarriko ditu martxan

Iragan abenduan “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” hausnarketa prozesu parte-hartzailearen berri eman genuen. Bada, aurrera egin dugu bide horretan: Urte berriarekin batera, batzarrak egin ditugu zenbait herritan, eta aurrez-aurreko solasaldiak hainbat lagunekin. Euskaldunok bizi dugun hizkuntza gatazkaren korapiloak askatzeko gakoak identifikatu nahi ditugu eta, hauei ekiteko, Euskal Herrian Euskaraz erakundearen etorkizuna marraztuko duten neurriak hartu.

HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO tailerrakGogoetaren oinarrian zera jarri dugu: euskaldunon aktibazioa. Sinetsita baikaude euskaraz bizitzeko behar ditugun aldaketak norbanakoon zein hiztun komunitatearen ahalduntzearekin etorriko direla. Hartara, hausnarketarekin aurrera jarraituko badugu ere, maila praktikoan martxan jarriko ditugun HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO tailerren berri ematera gatoz gaurkoan.

Euskal Herri euskalduna xede, ugariak izan dira orain arte martxan jarritako proiektuak, edota hizkuntza eskubideen defentsan piztutako dinamikak. Horiek guztiak eta proiektu berri gehiago bultzatzen jarraitu beharko dugu aurrerantzean ere. Hala ere, denborak erakutsi digu, gure helburuak erdiesteko horien garapenarekin soilik ez dela nahikoa; mugak han eta hemen begi-bistakoak dira eta pausu bat harago egin behar dugu.

Azken urteetako dinamika asko, euskararekiko aldekotasuna lortzeari begira izan dira zuzenduak, batez ere. Bada garaia, jarreretan soilik zentratu baino, jokabide aldaketetan zentratzen hasteko, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.

HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO tailerrakEuskaldunok bizi dugun menpeko egoera, euskaraz biziz irauli nahi dugu. Hartara, proposatzen dugun tresna berria, tailer berri hau, dagoen hutsune nabarmen hori bete, eta Euskal Herriaren berreuskalduntze bidean egon daitekeen proiektu oro eraginkorragoa bilakatzen lagundu nahi du.

Gaur aurkezten dizuegun HIZKUNTZA AKTIBISMORAko tailerrak, euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten dugun herritarroi, hizkuntza praktika sumisoak gainditzeko baliabide pertsonalak eskainiko dizkigu. Halaber, baliabide hauek kolektiboki landu eta garatzeko, eta bestelako arlotan aldaketak eragiteko, dinamikak jarriko dizkigu eskura. TELP ikastaroen sortzailea den Gemma Sanginesekin elkarlanean sortu dugu tailer berri hau, eta bera izango da hurrengo lau saioen gidaria.

Aurrerantzean tresna eraginkorra izan eta hedapen zabala izango duelakoan, hurrengo lau saioen ondoren balorazio zehatza egingo du EHEk, hausnarketa prozesuaren ondorioekin tresna berri hau uztartzeko asmoz. Hortaz, bidea zabalduko duten lau hitzorduak hauetxek dira:

  • Urtarrilaren 29 eta 30ean, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean.
  • Otsailaren 12 eta 13an, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi Kultur Etxean.
  • Otsailaren 27an, Arrasateko Etxaluze eraikinean.
  • Martxoaren 12an, Durangoko Pinondo etxean.

Tokian toki izena emateko jarraibideen berri emango da ohiko bideetan, baina agerraldi honen bitartez, herritarrei aipatutako hitzorduetan parte har dezaten gonbitea helarazi nahi diegu.

 

Altsasun, 2016ko urtarrilaren 25ean

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

 ehe

Hitzordu bakoitzeko datuak:

  • Plaza mugatuak, 25 lagun gehienez.
 HIZKUNTZA AKTIBISMORAKO tailerrak
ehe, euskara, tailerrak
Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude