Hizkuntz transmisioa primeran!

Hizkuntz transmisioa primeran! –

UHizkuntz transmisioa primeran!gazaben hizkuntzaren (espainieraren / frantsesaren) transmisioa hain zuzen. Euskararena ez horrenbeste, Inkesta soziolinguistikoa osatzen dutenei, gurasoen %90ek seme-alabei euskaraz egiten dietela esaten badiete ere.

Gure artean ere, transmisioaren legeak zorrotz betetzen dira. Haurrek zer ikusi, hura egiten bukatzen dute. Hutsik egin gabe (ia).

Horra adibide enpiriko (bertatik bertarako) bat edo beste:
Lantzean behin guraso talde bat elkartzen gara elkarte batean, semeren/alabaren baten urtemugak aitzaki. Batzuetan 13 /14 urteko hamabost gaztetxo inguru elkartzen dira ospakizunera (A taldea deituko diogu). Beste batzuetan 15/16 urte ingurukoak (B taldea litzatekeena). Arratsalde osoa ematen dugu halakoetan haien inguruan, edo haiek inguratuta, eta harremanen nolakoa ikuskatzeko aukera apartak izaten dira.

Ikastolakumeak dira ia guztiak, eta familia abertzale samarretik oso abertzalera doan eremukoak. Gurasook euskararen aldekoak edo oso-oso aldekoak, bikote gehienetan bata elebiduna, bestea erdaldun petoa, batzuetan biak elebidunak.

A taldeko gaztetxoen jarduna españolez da goiti-beheiti. Euskararen erabilera %0,5ekoa izango da hamarreko batzuk gorabehera. 0,5eko gailur hori, heldu talibanengana zuzentzean gertatzen da, bestelakoan zero absolutuan dabiltza gozo, salbuespenik gabe. Guraso taliban apurron seme-alabak ere, seko integratu dira taldearen dinamika erdaltzalean. Gure etxean egin ohi dute euskaraz. Etxetik kanpora kitto.

Erdara da lege herri honetako kalean, erdara lege ia heldu guztien artean eta eurak ere, erdararen legera makurtu dira oso goiztiar.

B taldeko nerabeak, inguru honetako ikastolan sekulan izandako talderik euskalduneneko ikasleak dira (ikastolako arduradunek esana), gelakide guztien gurasoetako bat edo biak elebidunak baitira. Talde honetan neskak dira nagusi, bizkorrak, ekimen handikoak, eta euskaltzaleak gehienak. Euskaraz egiten saiatzen diren horietakoak, erdaraz hobeto moldatzen diren arren. Mutilak aldiz, kamiseta aldarrikatzaileak janzteko joera handia bai, baina euskaraz… ba omen dakite.

Esan bezala, neskak saiatzen dira euskaraz egiten gogoz, baina menpekotasunaren legeak indar handia du gurean. Tarteka elkartzen zaie lagun bat, euskara ulertu bai, baina egiten ez dakien “ia euskaldun” horietako bat. Bera nahikoa da talde osoa, alderik alde, erdaraz jarduten jartzeko. Oso gazteak dira, baina hemen nork agintzen duen badakite: erdaldunek.

Euskararen transmisioa hari fin batetik zintzilik baitago.
Gertaera bertikala da, gurasoetatik edo guraso batetik seme-alabetara gertatzen dena, edo ikasgelan kasurik okerrenean, baina eremu horietatik kanpora jarraipenik nekez duena, ez bada azken herri euskaldunetan.

Erderen transmisioa zuhaitz sendo bat bezalakoa da ostera.
Helduen jarduna, hedabide gehien-gehienak, kultur eta aisialdi eskaintza, lan jarduna, … mundua erdaraz dago. Eskolan jasoko ez balute ere, haurrek eta gazteek erdara ikasteko mundu bete aukera daukate. Hizkuntzaren transmisioa eta hedapena ziurtatuta, euskararena ez bezala.

Diskurtso politikoki xuxenetatik haratago, asko dago egiteko euskararen transmisioa eta hedapena bermatzeko, egun hari mehe batetik zintzilik baitago, inor gutxik aitortu nahi duen arren.

Hizkuntz transmisioa primeran!
erdara, euskara, gazteak, haurrak, helduak, transmisioa
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

5 pentsamendu “Hizkuntz transmisioa primeran!”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Eta Hizkuntza Politikatik lobelarra banatzen.

  • Errealitatea gordin, beste behin. Eta badoaz Zuzeu honetan dozena bat artikulu 2017 honetan soka beretik tiraka. Eskola, sindikatu, komunikabide, alderdi eta administrazioari lotutako entitateak ez dira euskara arloan beren lana behar bezala egiten ari, eta horren ondorioak bistan geratzen ari dira. Diru laguntzek bertan goxo egitera eraman diote makina bati, jarrera militantea alde batera utziaz. Hortik “bizikidetza” edo “aniztasuna” hitzen goranzko erabilera, egiatan gure lurrean geroz eta minorizatuago gaudela esan nahi ez eta dena fartsa politikoki zuzenez estali beharra.

    Geroz eta lehenago konturatu gure herri eta hizkuntza dagoen egoera tamalgarriaz eta geroz eta aukera gehiago edukiko ditugu egoerari buelta emateko. Esnatu lozorrotik abertzale, gure herriaren geroa jokoan dago eta!

    https://askatasunarenliga.eus/

  • Gurasoak umeei euskaraz egiten diete, bai. Hori da nik nire inguruan ikusten dudana. Hiru urteak arte. Adin horretan haurrak badu erdararen perzepzioa, hizkuntza hegemonikoaren xarmaren erakargarrirasuna eta halako batean erdaraz botatzen du esaldi bat. Aitari edo amari grazia egiten dio eta irriparra datorkio ezpainetara. Eta semearen esaldia ulertzean erdarari ateak zabatzen dizkio. Eta hurrengoan berriz ere ulertuko dio aurpegi serioa jarri eta euskaraz eginarazi beharrean.
    Honi irriparraren sindromea deitzen diot, eta erdararen nagusioa hasten da. 6 hilabete baino leben guraso eta haurren arteko hizkuntza bakarra erdara da.
    Hori ba, JJ. 3 urte bete arte egiten da trnsmisioa hipokriten herri honetan.

  • Eremu erdaldunean umeekin euskaraz aritzen direnek gauza arruntak esateko erabiltzen dute “zatoz ona”, “ura nahi duzu?”… Hortik aurrera dena erdaraz, ez baitute euskara maila onik.

  • Arazoa ez dago eremu erdaldunean. Arazoa dago den-denean, herri euskaldunetan ere, haurrek eta gazteak erdarara jotzen dutelako gero eta gehiago… helduok antolatu diegun sistema erabat erdaldunduaren eraginez.
    Baina “lasai”. Jaurlaritzak eta bere jarraitzaileek diotenez, “euskara belaunaldi gazteen erabakien esku dago”…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude