Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa

Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa –

Rafa Ugalde euskara teknikaria BERRIAn.


Duela gutxi jakin dugu EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi duela azpikontratatuei ezingo zaizkiela funtzionarioen euskara eskakizunak ezarri. Auzitegiak partzialki onartu zuen CCOOk Barakaldoko udalaren aurka jarritako helegitea, eta baliogabetu egin du hurbileko kultura zerbitzuak kudeatzeko eta kultura programak gauzatzeko kontratuaren baldintza teknikoen agiria, enpresa kontratista bateko langileen hizkuntza eskakizuna ezartzen den puntuan; langile horiek zerbitzu publikoa eman behar duten arren.

Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa
Irudia: Azkue Fundazioa

Ez dut eztabaidatuko Auzitegia Nagusiak hartu duen erabakia, ezta CCOOk jarritako helegitea ere, horien zergatia baino. Albistea jakiteaz batera neure buruari galdetu nion zer dela-eta jartzen diren horrelako helegiteak, eta zer dela-eta hartzen diren horrelako erabakiak. Egunkari honetan 2022ko urriaren 21ean argitaratutako iritzi artikuluan azaldu nuen gaur egun 7.151 hizkuntza daudela munduan, asko eta asko desagertu egin direla genozidioaren bidez, eta hizkuntza murriztu guztiek umiliazioa jasan dutela; euskarak ere bai. Azaldu nuen, baita, errepresioa eta umiliazioa jasan duten hizkuntzek erreparazioa behar dutela, eta neurri zuzentzaileak hartu behar direla. Hori gizabideak eskatzen du; demokraziatik, arauetatik eta paperera lege ezizenez ekartzen den justizia baino lehenagokoa da, eta harago doa gizabidea.

Hala ere, alderdi filosofikoak alde batera utzita, gatozen neurri zuzentzaileetara. EAEn —zoritxarrez ez euskararen eremu linguistiko osoan— normalizazio prozesua abiatu zen 1982an (10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera normalizatzeko oinarrizkoa), ordutik hona lan handia egin da prozesu horretan, eta esango nuke munduan beste inon ez dagoela horrenbesteko ahalegina egin duen komunitaterik, jatorrizko hizkuntza berreskuratze aldera. Arlo honetan lanean gabiltzanok, badakigu jakin, ondo jakin ere —eta inor gutxik daki munduan guk bezain ondo— zein zaila den hizkuntza murriztu baten erabilera areagotzea, ez baitago horretarako nabigazio kartarik; bidea egin egin behar da, ildo berriak asmatu eta jorratu egin behar dira; etekina ematen badute ekin, eta etekinik ematen ez badute, ildo berriak asmatu. Horretan euskaldunak aditu handiak gara, bide horretan asko ikasi dugu, baina ez gara ohartu, antza, jakintza hori gizarteratu egin behar dugula.

Gizarte moderno batek jakintza arlo berriak ditu, arazo berriei aurre egin behar dielako, eta arazoei irtenbidea eman behar dielako. Eskolan irakasten diren jakintza arloen artean baditugu klasikotzat jo genitzakeen zenbait: matematika, historia, fisika, kimika, literatura… Eta, oker ez banabil, jakingai horiexek berberak ikasten ziren duela 200 urteko eskoletan. Gaur egungo gizarteak, ordea, klima aldaketari aurre egin behar dio; agintarien ebatzi mengelak gorabehera, gizarteak aurre egin behar dio arazo horri, eta eskoletan formazioa eman behar zaie gazteei. Halaber, gaixotasun berriei aurre egiteko neurriei buruz ere formazioa eman behar zaie; eta berdintasunaren arloan ere bai, besteak beste.

Hizkuntzei dagokienez, badakigu 7.151 hizkuntza direla munduan, baina gaur egun munduko biztanleen bi herenek 11 hizkuntza ikasten dituzte ama-hizkuntza gisa: txinera, ingelesa, hindia, gaztelania, bengalia, errusiera, arabiera, portugesa, japoniera, alemana eta frantsesa. Arazo ikaragarria dugu, beraz, mende honetan bertan, hizkuntza gehienak galdu egingo baitira. Eta ez dakienarentzat azaldu behar dut hizkuntzen galera arazo ekologikoa dela. Europarrek Ameriketara eta Ozeaniara heldu zirenean, trantsizio ekologikoa eragin zuten, Europako espezieak eraman zituzten (abereak, landareak, mikroorganismoak eta gaixotasunak), indigenen bizimodua baztertu egin zuten, eta gehienetan akabatu; aldi berean, hainbat eta hainbat kultura eta hizkuntza desagerrarazi.

Arazo ekologiko hori gaur egun ere bizirik dago munduko hainbat lekutan; eta kulturak eta hizkuntzak desagerrarazten ari gara jatorrizko populazioen bizimodua baldintzatu egiten dugulako, eta ondorioz migratu egin behar izaten dute, eta urbe handietan diluitu. Ekosistema bat hondatzen dugunean, sistema horren barruan dagoen oro hondatzen dugu, gizakiak, horien kultura, mundua ulertzeko duten modua eta hizkuntza; alegia, aniztasuna pobretu egiten dugu. Dibertsitate linguistikoa biodibertsitatearen atal da, dibertsitate biolinguistikoa, eta pobretu egiten dugu.

Sasoia da, beraz, gai honi buruzko informazioa eta formazioa emateko; behinik behin, murriztua izan den hizkuntza bat duten/dugun nazioetan. Belaunaldi baten populazioa sentsibilizatuko bagenu, artikulu honen hasieran aipatu ditudan helegiteak eta ebatziak ez lirateke ezjakintasunaren emaitza; horixe dira-eta munduko hizkuntzen arazoez formaziorik ez duten balizko eragile progresistek jarritako helegite kontserbadore-atzerakoiak, edota arlo horretan formaziorik ez duten epaileek hartutako oinarri bako ebatziak.

Arazoari aurre egingo badiogu, gizarteari —gazteengandik hasita— formazioa eman beharko diogu, eta formazio guneak eskolak dira; beraz, baten batek gogoeta egin beharko luke gure hezkuntza sistemako jakintza arloen artean ez ote lukeen hizkuntz normalizazioak tartea behar. Bien bitartean, Jesukristoren berbak baino ez datozkit horren pentsamolde itxi eta sasi-progresistei azalpena emateko: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».

Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa Hizkuntz normalizazioa: jakintza arloa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.