Gasteizen 100 elkarrizketatik 3,7 dira euskaraz

Hiru koma zazpi

“Paseo, kuxkuxeo eta espioitza ekintza guzti horiek imajinatu ditut”, dio Oihan Txabarrik Alea agerkariko “Hiru koma zazpi” sarreran, Kale Erabilera neurtu dutenen lanaz oroituta.

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza erabileraren azken kale-neurketa argitaratu du eta hori da datua: Gasteizen, ehun elkarrizketatik hiru koma zazpi euskaraz omen dira. Ez nator emaitzak ebaluatzera, jende adituari utziko diot hori (nahiz eta probabilitate apunteak eta papera eta arkatza eskuetan, %18 euskalduna den hiri batean %3,7ko erabilera ontzat eman beharko litzatekeela esango nukeen).

Ez, zenbakiekin bueltaka aritu baino, ikerlariak datozkit burura. Landa-azterketa nekeza egin duten pertsona guzti horiek, eta gure hiriaren erradiografia linguistikoa gauzatzeko behar izan dituzten paseo, kuxkuxeo eta espioitza ekintza guzti horiek imajinatu ditut.

Aldamenean al nituen ikerlariak lagun euskaldunarekin erdaraz ari nintzenean? Bi kaña euskaraz eskatu eta zerbitzariak bueltak euskaraz eman ostean biok aldamenekoarekin berriz erdaraz egiteari ekin genionean? Auzokideak txakurrari euskaraz eta emazteari erdaraz egin zionean, ba al zebilen ikerlari bat atzetik koadernotxo gorri batean apunteak hartzen, euskaldun potentzial guztion lotsaizunak idazten, guztiak bildu, banakatu eta “hiru koma zazpi” hutsal batean laburtu arte? Gure ahoetatik ateratakoak kategorizatzen aritu dira, eta zenbaki bat besterik ez digute itzuli.

Ez dakit zuek, baina nik gehiago behar dut. Atera daitezela ikerlariak eta eman diezagutela… zer dakit nik, anekdota liburuxka bat edo. Hiri oso baten hotsak ez dira dezimal bakarreko zenbaki batean kabitzen.

Hiru koma zazpi
ALEA, euskara, Gasteiz, ikerketa, kale erabilera, Oihan Txabarri
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude