Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?

Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan? –

Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?

Uztailaren 18ko Gara dut esku artean. Goiburuak honela dio: “Hiriak, eusten ez ezik euskarak gora egiteko oinarriak jartzen”. Oso deigarria iruditu zait. Ez da hori nik daukadan pertzepzioa, baina tira, herri koxkor bateko euskaltzale arrunta besterik ez naiz… zer jakin behar dut nik! Jakinminak bultzaturik, informazio bila jo dut hala ere:

1989an hasi omen ziren neurtzen euskararen presentzia kalean, eta 2006an neurtu ei zen mailarik handiena (% 13,7); hurrengo hamar urteetan (2006-2016) behera egin eta ostean, 2021eko neurketak dio eutsi egin zaiola 2016ko datuari, beherakada gelditu dela, alegia. Gaitzerdi…

Hiriburutik hiriburura, Donostian erabilera %15 pasatxoan dago kieto, 2011tik hona.
Bilbon, 2001ean jo zuen goia (% 4,6), 2016an behea (% 2,5), eta %3,5ean omen 2021ean.
Iruñean 1997tik “egonkor”, % 3ra ezin heldu. Baionan % 2,5 (gazteleraren erabileraren azpitik).
Gasteizen 2006ko mailara itzuli da euskararen kaleko erabilera: % 4,1.

Ez dira txistua jotzen hasteko datuak, nire uste apalean, ezta EAEko hiriburuan ere.
«Oso oinarri sendoak ari gara ezartzen euskararen biziraupenerako eta goraldi batzuei aukera emateko… Egiten ari garen ahaleginek ekarri dute suspertze hori, beste hainbat lekutan ez bezala» irakurri diot aditu bati kazetan, eta nire artean, zeri esaten dio “suspertze”? Elkarrizketa berean, beste aditu batek: “Orain arte asmatu da eta orain ere asmatuko dugu. Zoritxar puntua da ez daukagula non begiratu. Katalunia guretzat ez da eredua».

Bada, niri iruditzen zait alor batzuetan asmatu dela, eta beste batzuetan ez, atrebentzia ez bada:
Asmatu da EiTBren kudeaketan? Ikusentzunezkoetan oro har? Interneten-sareetan? Eremu digitalean? Lanbide Heziketako hizkuntza ereduetan? Lan munduarekiko hizkuntz politikan?…

Gainera, uste dut komeni dela nork zer egin duen adieraztea: administrazioek, alderdiek, herri-ekimeneko euskalgintzak eta bestelako eragileek jokabide oso ezberdinak izan eta izaten baitituzte, kontrajarriak sarri askotan.

Kataluniari buruzko aipamenak harritu nau. Zergatik ez da guretzat eredu? Estatu eta legeria berberen menpe gaude-eta! Eredu behar luke guretzat Kataluniak, hizkuntzari lotutako arlo askotan, nik uste. Bilbo “aginte ikusezinaren adibidetzat” jotzen dute gero. Niri baina, (euskararen aldeko) hizkuntz politika ikusezinaren adibide iruditzen zait. Bisitari joaten naizen bakoitzean gero eta erdaldunagoa ageri zait, euskara ia ez da ikusten, ez entzuten  taberna, jatetxe eta oro har saltokietako iragarki-errotuluetan; aldiz, gaztelera eta ingelesa nonahi, gurearen ordez. Ez du ematen Bilboko Udala euskaldunoi begira dagoenik, edo ederki disimulatzen du, bestela. Bilbok “asmatu” du? Eta aurrerago, “Umeak eta gazteak, gainera, helduen gizartearen mende bizi dira neurri handian. Bizi osoan euskaraz ikasi duen gazte batek lanera doanean gehienbat erdalduna den mundu batekin egiten du topo» dio adituetako batek. Arrazoi osoa du, baina lanera joan aurretik ere, telebista, irrati, mugikor bidezko eduki, internet bidezko sare, liburu, komiki eta bestelako aisialdi jarduera gehientsuenetan euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da. Gazteleraz (eta ingelesez gero eta gehiagotan) eskaintzen zaizkie gozatzeko hamaika aukera. Euskaraz aldiz…

Errotiko Aldaketarik ezean, baikortasunerako oinarririk ez dut ikusten.
Baldintza orokorragoak, “Hezkuntzan, prestigioan, maila legalean, ofizialtasunean, hedabide nagusietan… Hizkuntzari hauspoa eman behar zaio maila instituzional eta formaletan. Sare sozialek ere pisu handia dute gure bizitzetan eta horietan ere txertatu behar da”, erabakigarriak dira. Erabilera egunerokoan gauzatuko da, horretarako gutxieneko baldintzak bermatzen badira, bestela, nekez.
Faktore formal eta legalek, hedabideek, aisialdiko eskaintzak, eta abar, hau da, agintarien esku dauden horiek guztiek baldintzatzen dute lagunartean gertatzen den erabilera ere. Niri ez zait iruditzen aspaldiko urteotan EAEko agintariak asmatzen ari direnik, eta aditu biok aipatu bezala, Nafarroako eta Iparraldeko (Frantziako) agintarien aldetik egurra besterik ez datorkigu. Errotiko Aldaketarik ezean, baikortasunerako oinarririk ez dut ikusten… baina nik zer jakin behar dut!

Ernesto Leitza Urrestarazu (oinezkoa)

Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?
Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?

25 pentsamendu “Hirietan euskarak gora egiteko oinarriak jartzen ari gara? Benetan?”-ri buruz

  • Izenik gabeko bi aditu horien azterketarik ez dut irakurri ere egin nahi honezkero. Aspaldi galdu zuten beren kreditu guzia.
    Agerikoa dena, egunero ikusten duguna ukatzera datozkigu. Ederra etorkizuna!

  • Gure herrian, 6 urteko umeak dituzten 14 familia. Denak hasi ziren umetxoekin euskaraz, jaio orduko. Ume eskolatik pasa eta 4 urte betetzerako bosten gurasoak etsi hartu eta erdaraz sumatzen nituen.. Orain 6 urte bete dituztenean horietako inor ez da euskaraz ari, 0 euskaraz eta 14 erdaraz. Trasmisio katea HAUTSI da. Eta hurbileko herrietan ere ez dut uste askoz hobeki dabiltzanik

  • Jakina, inkesta bat egitera joaten bazara guraso horiengana, zer esanen dute?
    Esana den bezala, gexurra, gezurra eta inkesta. Euskal herrian are eta gehiago. Eta euskarari buruz baldin bada, inkestatzailea eta inkestatua, biak gezurretan

  • Ernesto Leitza 2022-07-22 10:45

    Kaleko erabileraren neurketa behaketa bidezkoa da.
    Ni gehien kezkatzen nauena, aditu horiek eta Garak berak editorialean, egiten duten irakurketa da. Oso erabilera maila baxua da neurketak erakusten duena. Hain maila baxuan “egonkortzea” positibotzat saltzea, harrigarria da, eta ez du baikortasunarekin zer ikusirik.

  • Mikel Haranburu 2022-07-22 13:11

    Gararen editoriala… horixe da gaitzik handiena… Euskaraz emana dela…!!! Gainerako editorialak, ordea, Gaztelaniaz emanak baitira… ia beti…
    Editorialean (baina baita artikuluan ere, barka), sarritan irakurtzen ahal diren baieztapen hutsalak edo mami gabekoak irakurtzen ditut. Foro hauetan askotan eztabaidatu ditugu gai hauek, baina sekulan ez diogu heltzen gaitzaren erroari, hots, Euskara gaur egun, Gaztelania, Frantsesa eta beste hizkuntza batzuk ordezkatzen ari diren hizkuntza dugu. Aitor dezagun, zeren eta, argi ikus daitekeenez, bi belaunaldi aski dira euskal hiztunak egotetik erdal hiztun hutsak egotera. Errua bilatu ahal dugu edozein administraziotan edo erakunde publikotan, baina irtenbidea gugan besterik ez dago.
    Euskara gure hizkuntza da, baina gure hizkuntza ez da Euskara.

  • Bai, bai, behaketa bidezkoa izanen da, baina nolakoak dira behatzaileak? Horretaz ongi hurbilekoekin eztabaidatu izan dut nik. Haiek euskaraz aditzen zuten lekuan nik erdaraz ari zirela entzuten.

  • Eta kalitateaz zer diote? Zenbait ikasteetxetan euskaraz mintzatzen ere erakusten al da ba? Gure ikastetxeko 10 urteko lau ikasleekin lehengo egun batez hizketan eta ezin ulertuz ibili nintzen? Eta erantzunak monosilaboak

  • Euskararen erabilerak ezingo du gora egin baldintzak egun bezain aurkoakoak izaten jarraitzen badute. Ez daukagu euskarazko telebista dexenterik, Netflix eta gisakoetan ia ez dago euskarazko eskaintzarik, mugikor bidezko erauntsia españolez, frantsesez edo ingelesez dator, eskolan erdaren ikastorduak gehitzen hasi dira euskararen kaltetan, Lanbide Heziketako anabasa hobeto aipatu ez, lanmundua basamortu bilakatu zen eta hala jarraitzen du izaten euskararentzat, taberna-jatetxe eta saltokietan, euskarazko arreta atzeraka dator, hiriburuetako hizkuntz paisajea gero eta erdaldunagoa da… Hizkuntz politika hauekin nola arraio egingo du gora erabilerak? Miraria da oraindik ere euskaldun multzo trinko batek euskarari eustea, erakundeen laguntza oso urriarekin EAEn, eta erasopean Nafarroan nahiz Iparraldean.
    Ernestok aipatu bezala, oso bestelako hizkuntz politikak behar ditugu, eta horretarako, antolatu eta gogor ekin beharra dago eremu guztietan. Ez dago ulertzerik zenbait eragileren paralisia.

  • Mikel Haranburu 2022-07-22 14:01

    Bai, baina…
    Egungo baldintzak ez dira hobetuko Euskararen erabilerak gora egiten ez badu. Ez dugu telebista ez Netflix Euskaraz ikuslerik ez badugu… Azken batez, ez da egonen Euskarazko eskaintza onik, eskari handirik ez badugu. Gurpil zoroan mugitzen gara asrritan…
    Orain urte asko, hain zuzen ETB sortu eta handik gutxira, jadanik eztabaidatzen zen Telebista haren kalitateaz, EHEen baitan. Telebista ona nahi omen genuen, bestela ezertarako ez baitzen… ala Gaztelaniazkoa ikusi… baina Gaztelaniazko telebista ona al da?
    Beste hizkuntzetan iristen zaizkigun edukiak onak al dira, sakelako telefonoan daukagun guztia asebetegarri al zaigu?
    Orain berrogei urte euskaltegiko irakasleak esaten zigun hark ez zuela hura eta bestea irakurriko soilik Euskaraz egoteagatik… gauzak ez dira asko aldatu… baina aurrera ere ez dugu aurrera egin…
    Nork bere ardura du, dudarik gabe, administrazioak berea, baina hizkuntza hiztunak gara, ez administrazio bat, ez erakunde ofizial… Administrazioei eta beste erakundeei hizkuntz politika dagokie, eta beste hainbat estamenturi soziolinguistika egitea, hiztunoi hizkuntza dagokigu. Oraindik ez dugu, gehienok behintzat, lehenengo urratsa egin: Gure Hizkuntza Euskara Da, eta ez beste ezein… horrek dituen ondorio guztiekin, jakina.

  • Euskara gure hizkuntza da, euskaldunona, oso ados. Baina arazoaren planteamenduan aldagaiak falta dira. Euskaraz dakiteken artean zenbatek izan nahi du euskaldun? Sasiko aldabetizazio bat badela ukagaitza da, D eredua eta euskaltegiak ditugulako. Baina, ez al da jende askoren, milakaren, eztarrian euskara arantza trabatu bat? Kendu enplegu publikoko merituetatik eta ikusiko genuke zenbatek ikasiko luketen, zenbatek utziko luketen euskaltegia… Parekatu D eredua eta A eredua eta ea zenbatek ekingo lioketen D eredutik ihes egiteari. Ez gaitezen engainatu, jendartearen gehiengoak ez du euskaraz bizi nahi, ez du ahalegin hori egiteko borondaterik eta askotan ez da alternatiba faltagatik. Errua beste elementu batzuei botatzen dizkiegu baina jendeak ez du euskalduna izan nahi jadanik, erosoagoa da erdaldun izatea, euskaldun zaharrentzat ere bai. Euskarak ez die ezer eskaintzen lan publikorako sarbidea ez bada (eta hori Euskal Herriko zonalde jakinetan). Hortik kanpo euskarak ez die ezer eskaintzeko.
    Folkloreagatik bada ere oraindik batzuk vasco edo basque deituko diote haien izenari jadanik guztiz arrotzak direnean. Eta kontuz! Ez gaitezen inozoak izan, arrotzak gehiengoa bait dira gure herrian.

  • Barkatuizkidazue goiko iruzkineko akats gramatikal parea.

    Aurretik idatzi dudanarekin esan nahi dut beti gaudela posizioak aurreratzeko nahiarekin, baina abankarga hasi aurretik ditugun posizioak bermatu behar dira derrigorrez, borroka antzua baita bestela. Euskaldun komunitateak lotura irmoagoak behar ditu, erresilientzia… Gure ardura orain ez da hiztun berriak lortzea, ditugunak ez galtzea eta hauen kalitatea hobetzea baizik. Horretarako esparru propiak behar dira, gune erreferentzialak eta bestelakoak. Hori gabe beste guztiak ez du ezertarako balio gureek azkenean alternatiba erdaldunak aukeratuko bait dituzte eta, azkenean, diluitu.

  • Eta zenbatek bizi nahi dute erderetan? Gizakia orokorrean alferra eta konformista da.

    Derrigortu jendea euskara ikastera eta dohain (espainolez egiten den moduan) eta gehienek egingo dute, zalantzan izpirik gabe. Urte gutxitan gehienek euskaraz barra-barra egingo dute.

    Derrigortu ingelesez egitera (eta dohain) eta berdin egingo dute. Horrela dago kontua, gehiena botere kontua da

  • Administrazioei eta beste erakundeei hizkuntz politika dagokie, sozioliguistika oinarri, eta euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzea dagokie, hiztunok hizkuntza erabiltzeko aukera izan dezagun.
    EAEn ere ez dute euren ardura dena betetzen, ez bada udalerri oraindik euskaldunetan.
    EAEko administrazio publiko gehienak EAJ-PSOE koalizioaren esku daude, eta ondorioak agerikoak dira. Alderdi euskarafobo batek, partez bada ere, gobernatzen dituen administrazioek ezin dute hizkuntz politika berdinzalerik garatu. Esan gabe doa EAJ gero eta epelago eta arduragabeago diharduela hizkuntzaren auzian, Espainian gero eta erosoago.
    Euskaltzaleoi antolatzea eta gogor ekitea dagokigu, euskaraz bizitzeko aukera izan nahi badugu. Baldintzak sortu eta sorrarazi, gure baliabideak kudeatzen dituztenei presioa egin, euskaraz duintasunez bizi ahal izateko tresna eta baldintza duinak ezar ditzaten.
    Euskalgintza jantzia, politizatua eta independentea behar dugu atzorako.

  • Eta uste dut ezin dela salatu gabe utzi Iparraldeko eta Nafarroako euskaldunen egoera. AEK eta Ikastolak (itunpekoak bai, “burges-elitista ankerrak” bai, horiek, beste ikastetxe-sarerik ez) dira agintarien erabateko erasopean dauden herrialdeotako euskaldunei azpiegitura bat eskaintzen dieten erakunde bakarrak.
    Alderdi abertzaleek ez dute euskaldun horientzat egitasmo zehatzik, lepoan laztan batzuk emateaz haratago, eta euskalgintzako eragile batzuk hasi zaizkigu esaten egoeraren errudunak geu garela, euskaldun temoso-talibanak… Nafarroako erdaldun askok eta askok euskara ikasiko luketela ustezko talibanok hain abertzaleak, hain erradikalak, hain… ez bagina… Enpin… fikziozko kontakizunak alde batera utzita, Nafarroan eta Iparraldean euskaldunak gero eta zokoratuago, desagertzeko gero eta arrisku handiagoan daude / gaude.
    Oraintxe ganorazko zerbait egiten ez badugu, uste baino lehen ez da zer eginik izango.

  • Argarzkiko pantailan”Aurkespena” agertzen da. Demagun norbaitek presentazión idazten duela…

  • “ Oraintxe ganorazko zerbait egiten ez badugu, uste baino lehen ez da zer eginik izango” dio JJk dio. Nik hori berretsi besterik ez dezaket egin, ezagutzen dut herritxo bat bost bat urtez erroiztu dena: %90 euskaraz egitetik %5era jausi dena.
    Jauste horretarako baldintzak oso egokiak ziren, dirudienez. Nola nahi dela beste herri anitz ere bide beretik doaz. JJk esaten duen moduan ganorazko zerbait egin beharko dugu.

  • Antton, “aurkespena”rena oso kontu interesgarria! Nire ustez, nork egingo zuen kritikan datza erantzuna. El Correon agertuko balitz… ba hori.

    Eta “A” zein da herritxo hori ba? Zaila da sinistea ez bada izugarrizko inmigrazioa jaso duen herritxoa ez bada, Ermuaren kasua adibidez, baina hori orain dela urte askotako kontua da.

  • Herri ttiki bat da, 70 biztanlekoa, Nafarroan. Bai, iruñeko bi familia, besterik ez kanporik etorritakoak.
    Baina hurbileko herritxoetan ere antzekoa gertatzen ari da. Eta hori bai, denetan katea hautsi da, umeekin euskaraz ez dira ari gurasoak, erdara inposatu dute etxeetan ttiki tiranoak.

  • Horietan ere beste 6-7 urtez helduak ere erdarara pasaruko dira. Fenomeno hau orokorra da

  • Bai, ematen du volkseelle-a Euskal Herri gehienean desagertu dela. Euskaraz bizitzeko gogoa, bizitzeko grina.

    Euskara mantenduz etorkizunari auzolanean aurre egiteko erronka… leku gutxi batzuetan baino ez da mantentzen Lea-Artibai adibide on bat da.

    Baina galdu diren gauza batzuk berreskuperatu ahal dira, “ezina ekinez egina”.

  • Oso ados, Aitor S. Ahaztu dugu volkgeist gabe, herri gogorik gabe, gu bezalako herri gutxitu batek ezin duela biziraun. Nazionalismo erromantikoaren aspektu batzuk berreskuratzea berebizikoa da guretzat, bestela hizkuntzaz gain beste ezertan bereizten ez gaituen berdinkeria mondialistan galduko gara.
    Euskal Herriak bere sinboloak berreskuratu, berregin eta berrindartu behar ditu halabeharrez. Berebizikoa da.

  • Mikel Haranburu 2022-07-24 21:23

    “…ganorazko zerbait egiten ez badugu…”
    Baina, baina, zer uste zenuten? Nik goian aipatu dut: BI belaunaldi aski dira hizkuntzaren ordezkapena gauzatzeko, Nafarroako herri ttikian, Lea Artibain eta Gipuzkoako edozein herri euskaldunetan. Bi belaunaldi… Gararen editorialean esaten direnak, lasto… eta gezur batzuk. Hemen abertzaleenen helburua zera da, abertzaleenak izaten jarraitu, baina ez ganorazko ezer egin. Eta kritikatzekotan, esan behar da alderdi abertzaleentzat arazo handia dela Euskara “oraindik” egotea (hor nonbait…). Euskararen hizkuntz komunitatea badela aitortzeak ekarriko lieke kalte handia politikan… hemen, Xalbadorren bertsoetan ez bezala, herria eta hizkuntza bereiz doatzi: ez dezagun euskal komunitate bat eraiki, erabatekoa, zeren eta abertxale asko kanpoan geratuko bailitzateke… eta abertxale horiek oztopo zaizkigu euskaldun izan nahi dugunontzat…
    Eta aitzakiak maiz: euskaldunon hizkuntz eskubideak, Euskararen zapalkuntza, bazterketa… arazo kolektiboa, “herri bezala” ez dakit zer… noizko erantzukizun pertsonalak, noizko konpromisoa norbere buruarekin, noizko…? Administrazioari eskatu, bai, urtean behin zapaltzen dugun erakunde administratiboan zirkuituak eta beste jar ditzan…, baina egunero ondoan dugun lagunari, seme-alabari, bikotekideari… horri deus ez! Bai, Franco eta ipuin klasiko horiek…
    “Euskaraz bizi nahi dugu” esan, eta gero kuadrillako euskaldun bakarrarekin Euskaraz, baina gainerako hamaikak, bertakoak izaki, erdaldun elebakar…
    Haurretan eta gaztetan, eta geroago ere, eskubideak aipatzen zirelarik, betebeharrak ere aipatzen zizkiguten. Eskubideak ditugu, baina betebeharrak ere bai. Euskaldunon eskubideen ordea diren betebeharrak, zein dira?

  • Gara egunkari espainolista da, ezin besterik espero. Edozein espainolistari bezala, %3-4ko erabilera asko iruditzen zaio. Nahikoa, pozik egoteko. Zer nahi zenuten ba, euskaraz bizi? Seriyo? Gizajoak.

    Mende erdi alfabetatze lanetan pasa ondoren zifra horiek ontzat ematea lotsa-emangarria da. 50 urte alfabetatze lanetan, eta Gara oraindik espainolez publikatzen da, espainola prestigiatzen segitzen du. Gara bezalako egunkariek lotsa izpirik balute, nahiago lukete beren burua hiltzen utzi, erdara prestigiatu baino lehen. Euskaldundu daitezela, eta eskari nahikorik ez badute, hil daitezela. Berriaren mesedetan izango da. Baina utz diezaiotela espainola prestigiatzeari. Nazionalismo espainolari lan zikina besterik ez diete egiten ustezko abertzaletasunetik.

  • Menpekotasuna normalizatzen ekarpen handia egiten dute Garak, Deia-Noticias taldeak, EiTBk… Euskaldunok ez dugu Vocento eta oro har nazionalista espainiarren beharrik bigarren mailako herritarrak garela gogorarazteko. Gure “neba-arreba” txit abertzaleek gogorarazten digute egunero-egunero (gure “hobe beharrez” gainera, harrapazank!)

  • Amen