Hezkuntza Legean, euskara eta euskal kultura ardatz

Hezkuntza Legean, euskara eta euskal kultura ardatz –

  • Hezkuntza Legeari zuzendutako hiru eskaera jasotzen dituen adierazpena aurkeztu dute.
  • Hezkuntzaren, kulturaren eta euskararen munduko 211 aditu eta pertsona ezagunek eman diote atxikimendua.
  • Adierazpenari atxikimendua emateko dago Kontseiluaren webgunearen bidez

Hezkuntza Legean, euskara eta euskal kultura ardatzGaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, EAEko Hezkuntza Lege berriak jaso beharreko hiru neurri azaltzen dituen «Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz» adierazpena aurkeztu da Bilbon. Aipatu adierazpenak hezkuntzaren, kulturaren eta euskararen munduko 211 aditu, sortzaile eta profesionalen atxikimendu jaso du, tartean, ikastola eta eskoletako irakasleak eta zuzendariak, hezkuntzan adituak, unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, kulturaren esparru anitzetako sortzaileak, idazleak, aktoreak, musikariak, bertsolariak, hizkuntzalariak, hezitzaileak, hainbat esparrutako teknikariak eta abar luze.

Adierazpenari atxikimendua eman diotenen artean daude, besteak beste, Iñaki Goirizelaia, Amelia Barquin, Gurutze Ezkurdia, Nerea Mujika, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Iñigo Etxezarreta, Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze. Adierazpenean jasotzen diren eskaerak aurkezteko agerraldian izan dira, sinatzaileen izenean, Aitziber Martínez de Lagos, Ane Sarasketa, Asier Etxenike, Gaizka Arrizabalaga, Gotzon Barandiaran, Gurutze Ezkurdia, Idurre Alonso, Idurre Eskisabel, Jon Artatxo, Joxe Mari Sors eta Zuriñe Zorrozua. Testua irakurtzeko ardura izan dute Iratxe Retolaza EHUko irakasleak eta Leire Vargas idazleak.

Agerraldian, adierazpena sustatu duen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere izan da, eta gogoratu du urriaren 10ean, euskalgintzak, hezkuntza-komunitatearen erakunde garrantzitsuenek eta gehiengo sindikalak ekarpen bateratua aurkeztu ziotela legeari. Oraingoan, aldiz, proposamen zehatza eta laburra aurkeztu dela azaldu du, ez Kontseiluarena, baizik eta hainbat aditu eta sortzailerekin jorratutakoa.

Amaitzeko, bi elementu erantsi ditu Kontseiluko eledunak. Batetik, bihartik aurrera nahi duen orok aukera izango duela dokumentuari atxikitzeko Kontseiluaren webgunearen bidez (www.kontseilua.eus), eta bestetik, gaurkoa beste urrats bat izan dela. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu lege berriak hiru neurri horiek jaso ditzan. Ikusiko dugu zer jasotzen den Esko Legebiltzarrari aurkezten zaion proposamenean, baina esan bezala, erantzukizunez eta determinazioz jokatzeko asmoa dugu, adierazpenari lotzen zaizkion herritarrekin batera» adierazi du Bilbok.

Euskara eta euskal kultura,
ETORKIZUNAREN ARDATZ!

~~~

Euskara da gure herriko berezko hizkuntza. Horrexegatik, herritar guztiek dute euskara ezagu­tzeko eskubidea, eta, ondorioz, hezkuntza-sistemaren ardura ere bada ikasle guztiek euskara-maila egokia erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, egoera sozioekonomikoa, jatorria, ingurune soziolinguistikoa… Ikasleen eskubideak berma­tzeko betebeharra dute botere publikoek, eta horrek esan nahi du araudiak argi eta zehatz jaso behar duela ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko zein bide eskainiko zaien.

Izan ere, euskara hizkuntza gutxitua da bere herrian, eta errealitate hori ezin ezkuta daiteke. Azken hamarkadotan urratsak egin dira, baina oraindik ere egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredutik. Beraz, euskarak behar du izan hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua. Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria.

Eta, noski ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgin­tzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita. Halaber, transmisioak bi lan-ildo sinkronizatu behar ditu: alde batetik, euskarazko kulturgintzaren historia eta orainaren ezagu­tza, eta beste alde batetik, euskaraz sortzeko grina transmititzea askotariko kultur adierazpideetako ereduak jasota eta praktikatuta.

Bestalde, ez da ahaztu behar euskal kulturgintza ekosistema bat dela, hainbat eragilek osa­tzen dutena (sortzaileak, hedabideak, hezkuntza-komunitatea…), eta ekosistema hori osasuntsu egon dadin, eragile horiek guztiek elkar elikatu behar dutela. Hortaz, hezkun­tza legeak dagozkion bi eremu hauetan bermatu behar ditu euskalduntzea eta kulturaren transmisioa: hezkuntza arautuan eta ez-arautuan.

Gainera, beharrezkoa da euskara errealitate kultural bati lotzen zaiola jasotzea, zazpi lurraldetan zabaltzen den errealitatea. Munduaren ikuskera gure gertuko errealitatetik abiatuta etorri behar da, euskararen herriaren errealitatetik.

Horrexegatik guztiagatik, ezinbestekoa da hezkuntza-lege berriak honako hiru puntuak berariaz jasotzea:

  1. Euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
  2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
  3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Bilbon, 2022ko abenduaren 3an

Hezkuntza Legean, euskara eta euskal kultura ardatz

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.