Hazia

Hazia –


Gasteizko magistratu batek uko egin dio izen horrekin neskato bat inskribatzeari Erregistro Zibilean, eta familiak salatu du epaileak «berak nahi duena» jarriko diola beste aukera bat eskaintzen ez badiote.

Hazia

Nik uste nuen Euskaltzaindiak erabakimena duela zein den edo zein ez den izen euskalduna. Baina argi dago Espainiako Barne Ministerioaren menpean dagoen Euskaltzaindiak ez duela ezelako aginpiderik euskal izendegi edo nomenklaturan. Gora-goraka jarri behar lukeen erakunde horrek, eta epailea ez dela inor besteren praketan-gonetan sartzeko salatu beharrean, eta erakunde horri berari eta ez besteri dagokion erabakimena dela mahai gainean dagoena, eta inoren esku hartzerik onartuko ez duela auzi honetan aldarrikatu ezik, buztana hanka artean izkutatu eta modu miserablean mututu da, ebazpen horren erabakimena epailearena eta beste inorena dela onartuz. Espainiako legeak, gainera eta era lotsagarrian, gurasoek beste izenik aukeratu ezean, ahalmen legala du beste izen bat inposatzeko jaio berri den horri.

Eta Euskaltzaindia isilik. Isilik modu doilor eta duintasunik gabean. Mutu jarraitzen duen moduan, esaterako, Espainiako Erresuman erabiltzen duten Ainoa, Ahinoa edo Hainoa euskal izenaren erabilera trakets eta deitoragarriaren aurrean. Jopua da, mirabe kikil, uzkur, lotsati eta konplexuz betea, Espainiako Barne Ministerioaren aurrean belaunikatu egiten dena lurrera botatzen dizkioten ogi apurren bila narrasean hurbiltzen zaiola sehaska eragiten duen eskura. Duintasunik eta printzipiorik gabeko hirugarren mailako sasi-erakundea da, Espainiatik edo Europatik datozkion sari ganoragabekoak hartzeko baino balio ez duena: Euskaltzaindiak “Europako herritarra” saria jaso zuen Madrilen. Edo, bestela, jardunaldiak antolatzen dituzte Etxepare Institutuarekin batera Euskal Herritik kanpo Euskararen etorkizuna aldarrikatzeko. Euskararen etorkizuna??? Oraina kudeatzen ere ez dakien erakundeak??? Edo beste batera esanda, etxean eta Espainian sortzen zaizkion arazo linguistikoak konpontzeko gai ez izan eta nazioartera doa hitz hutsal, hanpatu eta arranditsuak jaurtitzera nazioartean euskara hizkuntza mila urte baino gehiago duela lau haizetara zabaltzen. Iragan kasposoan bizi den erakunde lizundua da Euskaltzaindia!

Erakunde honek ez du ez duintasunik ez printzipiorik eta are gutxiago euskal ideologiarik. Euskaltzaindiak ez du aginpide moral ez etikorik ez nomenklaturan, ez historian ez onomastikan ez hiztegigintzan ez gramatikan.

Ekin eta Jarrai zertan, Euskaltzaindia erakunde hutsal gutxitu horrek?

Hazia

21 pentsamendu “Hazia”-ri buruz

  • Bat nathor bethe bethean.
    Hori da çuen Euskaltzaindia, euscaldunona.
    Ni Cantabrian jaiorico naffarra naiz eta naffarrera nire hizcunça national bakarra: Leiçarragarena.

    Adeitsuqui

  • Harrituta nago ni ere oraingo epelkeria honekin. Ez diot nik eskatuko Eskaltzaindiari aginpide moral edo etikorik, baina bai bere lana egin dezala. Areago, kasu honetan bezala, beraiei kontsulta egin zaienean (haurraren amonak esanda). Epaileek oraingoan hau. Honen aurretik, euskara zailegia dela lanpostu publikoetan eskatzeko. Lanpostuen perfilen eskema zulatzeko etengabeko azpilana… Euskaldun gisa guztiz babesik gabe gaude: non dago Euskaltzaindia, non daude hizkuntz politikako sailburuak eta enparauak? Txapak janztea baino askoz ere gehiago behar ….

  • Nik alabari Hazia ez diot jarriko, semeari Aketz jarriko ez diodan bezala. Hortik egingo dugu irakurketa Euskaltzaindiaren epelkeriaz… Akaso, euskaltzainak potroetaraino daude euskaraz ez dakiten gurasoek asmatzen dituzten “euskal” izenez (Gorotz, Ximaur…). Oso politak denak, “y suenan muy bien”.

    Eta Josu, sentitzen dut bihotzez, baina zu ez zara nafarra. Ezin duzu izan. Nafarra izatea arautua dago:
    Nafarrak dira jaiotzaren unean Nafarroan bizi den ama edo aita nafarrengandik sortu direnak (6. legea, 8 titulua, 1. liburua, Novísima Recopilación) eta Nafarroako hiru estatuek (edota Diputazioak, ahala duen kasuetan) emandako hiritar agiria eskuratzen dutenak (1. eta 3. legeak, 8. titulua, 1. liburua, Novísima Recopilación).
    Hori dio Nafarroako Erresumako legeak. Horiek dira nafarrak.

  • Erakunde txit subentzio jasoleen gaitza da, nagusiaren aurrean makur edo mutu irautearena. Estatuaren apaingarri bilakatu arte.

  • Karlos Gorrindo Etxeandia 2022-11-03 10:59

    Bitxikeria arbuiagarri bat baino ez. UXUE herri izen nafarrak izen hori mantendu zuen XVIII. mendera arte. Harrezkeroztik, Espainiako legearen arabera UJUÉ izena asmatu zioten herriari, izenak zuen euskaltasun oro ezabatu nahirik jatorrizko izenetik. Beste hainbeste gertatzen da gaur egun ere.HAZIA izena jarri nahi eta ZIA latinezkoa asmatu, esanahi bera dutela eta. Espainolek eurek agintzen dute zein izen den legezko eta zein ez. Lege espainolaren arabera jakina.

  • Karlos Gorrindo Etxeandia 2022-11-03 11:01

    Ba ote, hemen arazoa ez da gurasoek zein izen nahi duten seme-alabentzat, baizik eta Espainiako magistratu batek erabakitzen duela zein izen izan behar duen, nomenklaturan Euskaltzaindiak azken hitza duela uste izan dugunean.

  • Ba ote!,

    Neuc erran dut naffarra naicela. F bikoitzaz. Ez da gauça bera!

    Adeitsuqui

  • Izendegian azken hitza epaileek dute, betidanik. Horregatik behartu zuten duela urte batzuk Euskaltzaindia generoen araberako izendegia osatzera, gure gain agintzen duen legedi espainiarrak hori dioelako.
    Ni izorratzen nau epaile espainiar baten mendean egoteak, baina hori da errealitatea: hiritar espainiar eta frantsesak gara. Autogobernua gezurra da. Eta ez badugu epaile arrotzik nahi, dugun bide bakarra independentzia da. Beste guztia, eta status quo-a onartzen duten euskal sektore erregionalista batzuetatik piztu den “indignazioa”, itxurakeria eta zikina, besterik ez da. Folklorea.
    Euskaltzaindiak izango du bere epelkeria, ez dut zalantzan jartzen (egiari zor, egoera ekonomiko lasaian dauden 60-70 urteko 50 akademikori ez dakit ze ausardia klase eskatu nahi diegun, baina tira), baina hau ez da beren errua. Hemen dagoena da Espainia eta Frantziaren menpe bizi garela, egia geure buruei ezkutatzen saiatu arren. Hemen Ortuzar, Zupiria eta Urkullu indignatuko zaizkigu, Otegi eta Iriarte ere bai, Andueza ere bai (!) gu haserretuko gara Euskaltzaindiarekin, Lavinek botako du berea Euskaltzaindiaren aurka, eta bihar denak berdin berdin jarraituko du. Adarrak erasotzen gabiltza, enborra bakean uzteko baten batek diseinatu duen estrategian. Ez gara gauza gure arazoen erroa identifikatzeko: dominazio koloniala. Eta dominazio kolonial hori den bitartean, segituko dugu horrelakoekin: Irungo munipekin, Bilboko euskara eskakizunekin, orain izen asmatuekin, eta beste mila detailerekin. Baina enborra lasai utzita. Beren jokoan jostatzen. Entretenituta.

    Eta zehazki Hazia izenarekin, espero dut, etorkizuneko Euskal Herri independente batean, epaile euskaldunek ez dutela onartuko Aketz, Gorotz eta Hazia bezalako izenik, Euskaltzaindiak ontzat emanagatik. Hazia izena sortu duten guraso horiei esango nieke segi dezatela euskal izendegia modernizatzen. Nik bi proposamen: Zorne eta Gernu. Politak, ezta? “Suenan muy bien, muy vasco”.

  • Kontua euskaltzaindia edo Eusko Jaurlaritza? Nire ustez kontua hau politikoa da.

  • Hara, Euskal Herrira iritsi da yankiek izenordainekin duten komeria:
    Josu Lavin (naffar/naffarra).

  • Ba ote!,

    Neuc nehoiz hitzeguin badut Euskaltzaindiaren aurka, izan da eta da nire jarrera argui eta garbi plaçaratu nahi dudalacotz.
    Gueroac erranen!
    “zeniezazkiguketen” moducoen eraguinez, gure gazteec ecin dute aditza normaltassunez erabili!
    Hyper gravea!

  • Ulertzen dut Josu. Kontua da 60 urte berandu iritsi zarela eztabaidara (berandu jaio zinen horretarako, sentitzen dut. Nik ulertzen zaitut, nahi nuke 1839ko urriaren 26ko Gipuzkoako Batzar Orokorren eztabaidan parte hartu, baina 150 urte berandu jaio nintzen, tamalez), eta ez diodala ez hanka eta ez buru ikusten orain berriro ere batuaren eztabaida zabaltzeari.
    Eta dirua jokatuko nizuke gazteek euskara ez erabiltzeko argudio eta arrazoien artean “zeniezazkiguketen” azkena edo azken aurrena dela.
    Ez dut esaten erosoa edo logikoa denik, ez baita. Euskaldunok egunerokoan horrelako aditzak baztertzen ditugu elkarrizketa arruntetan, ezaguna eta ebidentea da hori.
    Baina ez da gazteek euskaraz ez egiteko arrazoi serioa. Naffarrera ezarrita ere, gazteek erdarara joko lukete. Arazoa dominazio koloniala baita (eta beraz, kulturala ere bai). Naffarreraz, euskaraz edo eskuaraz.

  • Berandu?
    Çucendu beharreco gauçac çucendu behar dirade.
    Ni 1960. urthean jaio nincen. Goicegui? Berantegui?
    “Eman dietzogun edota emon/eman deioguzan edota emon/eman deitsoguzan” normaltassunez erabiltzen dituzten gazteac eçagutu nahi ditut. “Eman diezazkiogun” erraiten dutenic ez dut eçagutu batere.
    Adeitsuqui

  • Esan dizut ba, beranduegi. Mundua ez da gurekin hasi, eta ez da gurekin amaituko. Euskara batu bat finkatu zen. Findu behar dela, findu bedi. Baina ez gero c, kh, v, ss, ff, eta besteak sartzen hasteko, duela bostehun urte hil zen eta 400 urtetan inork ezagutu ez zuen idazle batek hala idatzi zuelako.
    Eta niri berdin zait deutsoguzan edo diezazkiogun erabiltzen duten. Euskaraz entzun nahi ditut gazteak. Eta argi dut euskaraz ez badute egiten ez dela nork-noriagatik. Ergatiboa ere kendu beharko dugu, azkenean, gazteek erabiltzen ez dutela eta. Eta hor bai, argi, ergatiboa ala hil!
    Portzierto, kasualitatea, nire herriko jaien hasieran hauxe kantatzen da San Martzialen omenez elizan: “Kanta diezkiogun gustoz Martziali gozoak”.
    Ondo izan.

  • Ba ote!,

    Norc bere bidea:
    diezkiogun hori ere diezazkiogun baino hobea da. Dudaric gabe.
    Gure euscara classicoa, gure naffarrera horche dago, ikassi nahi luenarençat. Duela borz mendetacoa eta, hala ere, modernoena!

    Adeitassunez

  • Ba ote, erabat ados diozunarekin

  • Amonamantangorri 2022-11-04 00:57

    Honen harira, ETBko albistegiei esker jakin dugu injustizia nabarmen baten berri: guraso batzuei ez omen zieten utzi haurrari OPARI izena jartzen. Baita ere, Izendegian neska-izen gisa jasota dagoen bat mutiko bati jarri nahi izatea eta alderantziz… Horrelakoak zenbat.

    Noiz hasi zen hedatzen ohitura hau, zeinean haurrari izugarri izen original eta berria jarri behar zaion? Gero irri egiten dugu Andeetakoen kontura, haurrei Jilari, Usnavi, Stalin eta Marlonbrando jartzen dietela eta. Hau ez da hain desberdina.

  • Nire ustez badago aldea Hazia izena jarri, edo Opari, Gorotz, Zimaur… etab. Epaileak eman dion adiera, euskaltzaindiaren hiztegian, bertan hirugarrena da, alegia hitz hori entzun, eta isurkina ez da burura datorren aurrena. Non eta izenak izendatuko duen pertsonari denok dakusagun kalterik egiten ez dion bitartean, aurrera. Eta ezin dena onartu da epaileak berak iruditzen zaion izena jartzea. Autoritarioa da. Eta nik onartzen ez dudana autoritarismoa da, izan espainola, izan hemengo mega abertzalea

  • Zia López Cimavilla

    Zia ez da latinerazkoa. Zein hiztegitan agertzen da holakorik?

    Hazia politagoa da.

    Suposatzen dut Asía ahoskatuko duquetela Bergoi eta Alazne gurasoek.

    Konnotazio sexualik aitaren izenak ere badauka: Bergoi.

    Adeitsuki

  • Nik permitituko nioke edonori izen deiturak aldatzea.
    Hazia Lopitz Irigoien, adibidez kasu honetan.
    Edo beste edozein.
    Adeitsuki

  • Amonamantangorri 2022-11-04 16:03

    Arrazoi, Labore. Kontua da burokraziak badaukala aski fama txarra, dirudienez ez baita ongi moldatzen kasuan kasuko nabardura eta egoerekin. Eta diglosia ere hor dago.

    Bestalde, guraso gazteei esanen nieke: nahikoa da. Azken mendean asmatu, berrasmatu, berreskuratu ditugu aski izen, haurrak eskolan ez nahasteko, nahi adina. Ez ditugu gehiago behar. Etapa hor bukatu da. Kitto.