Haurraren jakintza

Haurraren jakintza –

«Euskeraz xurga gendun amaren bularra, erderaz eman digute harrezkero jana», kantatzen zuen Bergarako Urretxindorrak taldeak, eta «geuk geure eskola baliatzea» proposatzen euskara ez galtzeko. Orduko belaunaldiak argi ikusi zuen Espainiako eta Frantziako lege kolonizatzaileek agintzen zutena gorabehera euskal eskola sortu beharra genuela euskarari eutsiko bagenion eta galga jarriko bagenion akulturazioari, kolonizazioari, etnozidioari… deitu nahi duzun bezala.

Haurraren jakintzaHala sortu zen ikastolen mugimendu miresgarria. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, herri honek azken mendean egin duen gauzarik handienetako bat, handiena ez bada.

Urteak pasatu dira, eta, zoritxarrez, beste horiek gure eskolak beren arrastoan sartzea eta kate motzean lotzea lortu dute, beren curriculumak inposatuz eta laguntza pozoitsuak tarteko.

Orain, gainera, ingelesa hartu dute euskararen kontra egiteko armatzat, eta gogor ari dira. Nafarroa Garaian, British izeneko hezkuntza-eredu lardats edo txapuzeroa bultzatzen ari dira euskarazko hezkuntza-ereduari ikasleak kentzeko, baita lortu ere. Berdin dio ingelesez irakasteko behar den bezala prestatutako irakaslerik ez badago ere; kontua da umeek ez dezatela ikasi euskaraz. Guztiak balio du nafar hizkuntza galtzeko.

Euskal Herriaren ipar-mendebaldean, berriz, gaizki izendatutako hiru eleko hezkuntza-esperimentua edo torpedoa bota zuen Isabel Zelaa espainiarrak orain dela urte batzuk, ingelesaren aitzakian espainolezko eta ingelesezko orduak gehitzeko eta euskarazkoak gutxitzeko, eta horrekin dabiltza ikastetxe asko. Ordurako, azterketek esana zuten, argi asko esana ere, ikasleek euskaraz ez zutela gutxieneko maila harrapatzen eskolaldia bukatutakoan, baina, hala ere, euskarari orduak kendu. Ederra martxa!

Bitartean, abertzale izenekoak edo sasi-abertzaleak, gora begira, edo, are okerrago, sistema publikoaren alde egiten, jakinda sistema hori Espainiako eta Frantziakoa dela eta euskal eskola publikorik ez dagoela, eta erdaren alde egiten:

Rebeka Ubera (EH Bildu, 2018-10-27): «Eskola publikoa izan behar da gure oinarria».

Rebeka Ubera (EH Bildu, 2018-10-27): «[Gaztelania-ordu gehiago toki batzuetan?] Agian, bai. Hor oso irekiak gaude».

Rebeka Ubera (EH Bildu, 2018-10-27): «Ingelesa ikasi behar da, eta ez dugu lortzen behar den maila».

Jone Berriozabal (EAJ, 2018-10-28): «Bi hizkuntza ofizialek leku nabarmena izango duten sistema bat proposatzen dugu».

Jone Berriozabal (EAJ, 2018-10-28): «Ez dugu uste murgiltze-eredua arazoen konponbidea denik».

.

Filosofia horrekin, garbi dago, ikastolen mugimendua inoiz ez zen sortuko.

Eta emaitza argia da: ikasleek ez dakite behar den bezala euskaraz, eta ezinean dabiltza. Horrela zaila da euskaraz egitea. Onenean ere, erdarazko euskara, euskañola edo sasi-euskara nagusitzen zaio euskarari. Euskal kultura ere ez da transmititzen, eta ikasleak euskal erreferentzietan oso eskas dabiltza.

Esan izan da euskara salbatzeko lana eskolaren gain utzi dela eta berak bakarrik ezin duela. Jakinekoa da hori, jakinekoa da eskola gainditzen duen kontu bat dela, politikoa batez ere (edo ia bakarrik), baina esan beharra dago eskola ere ez dela ari betetzen bere zeregina, kale egiten ari dela, apenas ateratzen dela euskaldun osorik hortik, eta, eskola oinarri-oinarrizkoa izanik, hori gabe jai dago.

Zoritxarrez, Urretxindorrak taldearen proposamena berritu beharra daukagu, eta orduko filosofiari berriz heldu, legeak lege: «Zergatik ez baliatu guk geure eskola?».

.

Haurraren jakintza

Haurtxoak ez daki beste mintzairarik
irakasten zaiona bere izan ezik.
Euskeraz xurga gendun amaren bularra,
erderaz eman digute harrezkero jana.

Zergatik euskaldunak uzten du euskera?
Zergatik sartu zaigu kanpoko erdera?
Zergatik ez baliatu guk geure eskola?
Zergatik euskal umeak aldatu mintzaira?

Zergatik jakintza behar da erderaz?
Zergatik baliatu ez gure ol ederra?
Zergatik euskaldunak uzten du euskera?
Zergatik sartu zaigu kanpoko erdera?
Zergatik ez baliatu guk geure eskola?
Zergatik euskal umeak aldatu mintzaira?

Haurtxoak ez daki beste mintzairarik
irakasten zaiona bere izan ezik.
Euskeraz xurga gendun amaren bularra,
erderaz eman digute harrezkero jana.

Haurraren jakintza Haurraren jakintza Haurraren jakintza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.