Google eta Twitter euskalduntzen

Google eta Twitter euskalduntzen

Kaixomaitiak eta Puntueusek, bakoitzak garatu nahi izan zuen kanpaina bana zela kausa, Twitterren publizitatea euskaraz egiterakoan aurkitutako ezintasunen berri eman ziguten orain gutxi, ZUZEUn eta beste komunikabideetan jaso eta zabaldu genuen kezka.

Antza, jada konponbidean dira arestian aipatutako arazoak, Puntueus Google eta Twitter-ekin batzartu baita, gaia ezagutzera eman, aztertu eta konpontze aldera:

.

Google eta Twitter euskalduntzen: non gaude eta nora goaz

Euskarak Interneteko zerbitzu handietan dituen mugak gainditzeko pausuak ematen jarraitzeko elkartu da PuntuEUS Fundazioa, bilera banatan, Google eta Twitterrekin.

Google eta Twitter euskalduntzenBilera hauen helburua euskararen normalizazioan enpresa hauei eman ditzaketen urratsak ikusi arazi, laguntza eskaini eta arlo jakinetan lanean jartzea izan da.

Baita, euskal komunitateko kideek izan zitzaketen galdera zehatzak egitea.

Ezer baino lehen, harrera ona eta ateak irekita izatea eskertzekoa da. Hori alde batera, eta edukiari eta lortutako konpromisoei erreparatuz gero, oso ezberdinak izan dira bata eta bestea.

.

Google: “gogoan hartuko ditugu esandakoak”

Apirilaren 19ean elkartu gara Googlekin, haien Madrilgo egoitzan. Transmititu diegu hizkuntza baten etorkizunean haien erabakiek duten eragina eta euskara kontuan hartzearen garrantzia.

Erantzun digute, Googlentzat garrantzitsuak direla kultura-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna, baina enpresa pribatua ere badela. Baliabide mugatuak dituztela, maila lokalean egiten diren eskaerak globalean eragiten dutela eta esandakoak gogoan hartzen dituzten arren, erabakiak ez daudela haien esku. Gustatuko litzaiekeela guztiari baietz esatea, baina gezurretan ariko liratekeela.

Horrela, honako gai zehatz hauek mahaigaineratu ditugu:

Android euskaraz: badago eta Nexus batean funtzionamenduan ikusi dugu. Azaldu digute eskuragarri dagoela eta bertsio arazoak izan daitezkeela. Bestetik, eskuragarri egon arren mugikorren fabrikatzaileek hautatzen dituztela hizkuntza paketeak eta espazioaren arabera batzuk kanpoan uzten dituztela.

Google Search: bilaketen emaitzetan euskara filtratzeko aukera ezartzea proposatu diegu. Gogoan hartuko dutela erantzun digute.

Google AdWords: Hekimen elkartearen eskariz euskarazko webguneek Google AdWordseko publizitatea jasotzea ahalbidetzea proposatu diegu. Euskarazko webguneek duten negozio-bolumena txosten batean pasatzeko eta gogoan hartuko dutela erantzun digute.

Google.eus aktibatzea: gogoan hartuko dutela erantzun digute.

Laburbiduz, esandakoak gogoan hartu dituzte.

.

Twitter: “fokua jarrita dago eta konponbidean lanean dihardugu”

Apirilaren 21ean elkartu gara Twitterrekin, haien Madrilgo egoitzan. Twitterren eta PuntuEUSen arteko lankidetza 2015ean abiatu zen. Ordutik, Twitter.eus aktibo dago eta Twitterrek euskara ezagutzen du.

Urratsak ematen jarraitzeko elkartu gara haiekin. Azaldu digute, fokua jarrita dutela, dauden arazoei konponbidea jarri nahi dietela eta hizkuntzen lokalizazioaz arduratzen den lan-taldea Estatu Batuetan dagoen arren euskaren inplementazioan aurrera egiteko beharraren garrantzia transmitituko dutela. Horrez gain, eskertu digute etorri eta arazoak azaldu izana haiek horiek landu ahal izateko. Epe zehatzak ez dakizkitela, baina euskara Twitter orokorrean inplementatu zen bezala beste zerbitzu batzuetan egiteko asmoa dagoela.

Horrela, honako gai zehatz hauek mahaigaineratu ditugu:

Twitter orokorra: Twitterren euskara Beta bertsiotik atera eta beste hizkuntzen pare jartzea. Horrez gain, bilaketak euskaraz egiteko aukera jartzea proposatu diegu. Estatu Batuetako lan-taldeari lan hau egiteko eskatuko diotela erantzun digute.

Twitter Ads: Twitterrek 15 hizkuntzatan baino ez ditu onartzen iragarkiak eta ondorioz ezin zen euskaraz iragarkirik jarri. Euskara onartzea eskatuko dute. Bien bitartean, euskal enpresek euskarazko iragarkiak jarri ahalko dituzte PuntuEUS Fundazioarenarteko hitzarmenari esker. Horrela, Twitterren euskarazko iragarkiak jarri nahi duten enpresen zerrenda osatuko du PuntuEUSek eta Twitterri pasako dio bere kontuarekin erlazionatu eta haien iragarkiak onartu ditzan.

Ahal bezain laster egingo dugu deialdia interesdunak elkartu eta prozeduraren inguruko azalpenak emateko.

Bestetik, proposatu diegu iragarkiak segmentatzerako orduan euskara aktibatzeko, iragarkiak eremu geografikoaren arabera ez ezik erabiltzaileen hizkuntzaren arabera sailkatu ahal izateko. Zentzuzkoa iruditu zaie eta Estatu Batuetako lan-taldeari lan hau egiteko eskatuko diotela erantzun digute.

Laburbilduz, Twitterren helburua bada irisgarritasun linguistikoan lanean jarraitzea. Horretarako, ekarpenak eskertzen dituzte eta bideratuko dituztela transmititu digute. Gustatuko litzaiekeela lan hauek Madrilen egitea azkarrago egiteko: hala ere, bideratuko dituztela eskaera guztiak Estatu Batuetara.

Google eta Twitter euskalduntzen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Google eta Twitter euskalduntzen”-ri buruz

  • Googlek beti hitz onak. 2014ko abenduan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako Euskarazko IKTak izeneko mintegira gonbidatutako Googlen penintsula mailako ordezkaria zen Luis Colladok azaldu zuen ardura handia zutela horrekin eta bla, bla, bla… Urte eta erdi pasa da eta, nik dakidala, urratsik txikiena ere ez dute egin. Classroom, Sites, Calendar, Groups… euskaratu gabe darraite.

  • Ekimen txalogarria. Gure hizkuntzak honelako jardun serioak behar ditu bere erabileran aurrerapausuak ematen jarraitzeko. Zorionak eta segi horretan.

  • Hitz onekin baina antzarrak ferratzera bidali gaituzte. Euskara txikerra da, buztan luzearen puntako ile bat baino ez da.

    Enpresa neoliberalek ez gaituzte lagunduko. Ez dute inor laguntzen. Beraien buruaren alde besterik ez dute egiten. Gure alde egiten dutenean interesatzen zaielako besterik ez da. Etekin ekonomikoak ateratzen dituztelako. Hain zaila da ulertzen?

    Twitterren publizitate mordoa gastatu behar dugu euskaldunei euskarazko publizitatea jar diezaieten? Mesedez. Niri guzti hau zentzugabekeria besterik ez zait iruditzen.

    Internet libre baten alde egin dezagun. Defenda dezagun software librea, protokolo eta formatu irekiak, eraiki dezagun merezi duguna. Ez anarkokapitalista hauei limosna eskatuz, baizik eta gure ekintzekin aurre hartuz, jendea esnatuz, zirrikituetatik itzuriz.

    Nire ustez euskararen herriak ez du etorkizunik dagoeneko gehienok sinestu eta barneratu dugun sistema honetan. Hainbeste gizaldi eta gizaldiren ondoren asimilazioaren azken belaunaldiak bizitzen ari gara, baldin eta oldartzen ez bagara. Euskaldunon indarrak metatu eta benetan jarraia izan dezaketen bideetan erabili behar ditugu.